Txapelketaren Arauak
- Txapelketa 6 txandatara jokatuko da Ratingean oinarritutako Suitzar Sistema erabiliz, 2007eko apirilaren 10a eta 14a artean. Swiss Manager programa erabiliko da parekatzeak egiteko, nahiz eta epaileek gainbegiratuko duten txanda bakoitzeko partiden zerrenda.
- Partidak Eibarko Unibertsitate Laboralaren egoitzan jokatuko dira ondorengo ordutegian:
- Aurkezpena eta gelen banaketa: apirilaren 10a (asteartea) 16:00
- Epaile eta ordezkarien bilera: apirilaren 10a (asteartea) 16:30
- 1go txanda apirilaren 10a (asteartea): 17:00
- 2. txanda apirilaren 11a (asteazkena): 9:30
- 3. txanda apirilaren 11a (osteguna): 16:00
- 4. txanda apirilaren 12a (osteguna): 16:00
- 5. txanda apirilaren 13a (ostirala): 16:00
- 6. txanda apirilaren 14a (larunbata): 9:30
- Hasierako rankingerako ordenazio irizpidea epaileek erabakiko dute partehartzaileen zerrenda ezagututakoan, hauen ratingen balioa ezagutu eta aztertu ostean.
- Jokalariek 90 minutu izango dituzte partidarako, egiten duten jokaldi bakoitzarengatik 30 segundo gehituz.
- Erlojuak goian esandako orduetan jarriko dira martxan, eta ordu horretatik ordu bete pasatzean etorri ez diren jokalari guztiei partida galdutzat emango zaie.
- Jokalari bat partida batera etorriko ez balitz arrazoirik eman gabe, txapelketatik egotziko genuke.
- Epaile Nagusiaren erabakiak aldaezinak izango dira.
- Lehen txandako partidak, txapelketaren irekiera saioan jakinaraziko dira. Gainontzeko txandetan, behar besteko aurrerapenarekin jakinaraziko dira.
- Ez da onartuko Joko Gelan partiden analisirik egitea. Horretarako dago Analisi Gela. Bertara ezingo dira eraman txapelketako tablero, pieza zein erlojuak.
- Guztiz debekatuta dago aurrez epaileak onartu gabeko eskuko telefono edo beste edozein gailu elektroniko jokatzeko gelan sartzea. Partidak dirauten artean, jokalariren baten telefono edo beste gailu batek joko balu, jokalariak partida galdu egingo du. Epaileak erabakiko du zein izango den aurkariaren puntuazioa. Jotzea esaten denean, gailuak egindako edozein soinu edo bibrazio esan nahi da, deia, mezua, alarma edo beste edozein delarik zergatia.
- Xakearen Legeek 8.1 eta 8.4 ataletan diotenari jarraituz, jokalariek ezin izango diote jokaldiak idazteari utzi partidan zehar.
- Pertsona orok Joko Area utzi beharko du, epaileak hala eskatuta, bere lana erraztearren.
- Arrazoiren batengatik Joko Area utzi behar bada, abisatu mesedez Epaile bati. Partida jokatzen ari diren jokalariek ezin izango dute Analisi Gelara sartu.
- Sailkapen eta sariak jasotzeko, berdinketak ondoko desberdintze sistemak aipatutako ordenean erabiliz desegingo dira:
- Bitarteko Bucholz zuzendua: aurkarien puntuen batuketa, handiena eta txikiena izan ezik (*)
- Buchholz brasildar zuzendua: aurkarien puntuen batuketa txikiena izan ezik (*).
- Gainjarria: jokalari bakoitzak txanda bakoitzean duen puntuen batuketa. Berdinketa balego, lehenengo txandako puntuak kenduko dira, berdinketak jarraituko balu bigarren txandakoak, eta horrela, hurrenez hurren erabaki bat hartu arte.
- Irabazitako partida kopurua, ez-agertzeagatiko garaipenak eta atsedenak kontuan hartu gabe.
- Zozketa.
(*) ikurra daukaten sistemak kalkulatzeko, jokatu gabeko partidak berdinketa moduan hartuko dira.
- Epaile Nagusia Mikel Larreategi Arana (FIDE Nazioarteko Epailea) izango da eta Bigarren Epailea Aingeru Virto Alustiza (EXFren Epailea). Epaile Nagusiak nahi adina epaile laguntzaile izendatu ahal izango du.
- Txapelketan parte hartzeak oinarri hauek eta aplikagarri gerta daitekeen gainontzeko araudi guztia onartu eta betetzea esan nahi du.