berria.info

 

Ostirala, 2013ko apirilaren 12a.

Adostasunik ez Gasteizko parlamentuan, selekzioen ofizialtasunaz.

EH Bildu eta EAJ alde azaldu dira, baina ez dira ados jarri, EAJren arabera «ikuspuntu» ezberdinak» dituztelako.

Erredakzioa. Gasteiz.

Euskal kirol selekzioen ofizialtasunaren gaia hizpide izan zen atzo Gasteizko Eusko Legebiltzarrean, EH Bilduk aurkeztutako legez besteko proposamen baten harira. EH Bilduk Jaurlaritzari eskatu zion «pausoak» eman ditzala legegintzaldi honetan euskal selekzioen ofizialtasuna lortzeko. Hiru hilabete eman zizkion euskal erakundeekin batera «sustapen batzorde bat» eratu eta «plangintza bateratu» bat egiteko. «Herri honen borondatea da», esan zuen Rebeka Uberak, EH Bilduko ordezkariak.

Alderdi politiko guztiek zuzenketak egin zizkioten EH Bilduren proposamenari. EAJk azaldu zuen adostasunik handiena. Halere, ez zuen babestu, Peio Iparragirre EAJko ordezkariaren arabera «ikuspuntu ezberdinak» dituztelako. Iparragirrek Jaurlaritzari eskatu zion selekzioen ofizialtasuna «bultzatzeko», baina «Euskal Kirol Federazioen Batasunarekin elkarlanean». Halaber, eskatu zuen Jaurlaritzak sustatu dezala euskal kirolariak nazioarteko lehiaketetan parte hartzea. Uberak EAJren jarrera kritikatu zuen, eta ados jartzeko «gerria falta izana» leporatu zion.

PP, PSE eta UPD, kontra.

Antonio Basagoiti PPren bozeramaileak, berriz, kirola «zatiketarako» erabiltzea leporatu zien EH Bildu eta EAJri, eta azpimarratu du balizko euskal selekzio bat «legez kanpokoa» litzatekeela. «Kirola erabili nahi dute doktrinarako, diktadurek egin zuten bezala», adierazi zuen.

Jose Maria Zaballos PSEko ordezkariak ere Kirolaren Legea aipatu zuen, eta gogorarazi zuen selekzio ofizial bat izateko lege hori aldatu beharko litzatekeela. Haren ustez, «egun ez dago eztabaida hori euskal kirolean». Haratago joan zen; esan zuen ofizialtasunak «Juan Carlos I.ari bakarrik» egiten diola mesede, euskal selekzioa ofiziala izan balitz Cristina Borboikoak ez zuelako Iñaki Urdangarin ezagutuko.

Azkenik, Gorka Maneiro UPDko eledunaren iritziz, «normala ez dena da Espainiako futbol selekzioak 45 urte eramatea EAEn jokatu gabe».