XAKEKO TALDEKAKO
EUSKAL LIGA.
(2014ko
urtarrilaren 11tik martxoaren 8ra).
OHOREZKO MAILA.
LIGA
GORI-GORIAN JARRI DA.
Asko estutu da Euskal Liga, bi
txanda oso interesgarrien zain.
Grosek San Viatorren oztopoa zuen aurrean eta ez zuen
emaitza biribilik lortu. Alejandro Francok, zuriekin jokatu arren, berdinketa
besterik ez zuen eskuratu David Astasioren aurka. Santiago Gonzalez De la
Torrek ere, beltzekin, ezin izan zuen Arabako txapelduna gainditu: Berdinketa,
Igor Villaltaren aurka. Azkenean, 3-1 Grosen alde.
Sestaok, ordea, azken sailkatuaren
bisita baliatu zuen Grosi puntu bateko aldea murrizteko: 4-0, Easori. Bien
artean puntu erdia dago. Gros aurretik eta egutegi zertxobait hobearekin.
Orvina A – Zuri Baltza lehian
jaitsierako postu bat zegoen jokoan. Orvinakoak ez dira oso txukun aritu orain
arte eta halaxe bukatu behar dute: Hil ala biziko neurketekin. Iruñekoak ziren
faborito, baina berriz ere arazoak izan zituzten. Gerardo Fernandez sasoi oso
onean dabil eta Orvinako Nazioarteko Maisua (Unai Garbisu) gainditzeko gai izan
zen. Berdinketa (2-2) izan zen emaitza. Hala ere, puntu eta erdiko aldea
mantendu du Orvinak eta, Easorekin jokatu behar dutela kontutan hartuta, nahiko
izan daiteke.
Batalla eta Donibane Kirol Elkartea
A taldeen artean hirugarren postua zegoen jokoan. Ezpatak zutik mantendu
dituzte: 2-2. Donibanek puntu eta erdiko abantaila dauka, baina Sestao A jaso
behar du hurrengo asteburuan.
Bosgarren postuaren bila zebiltzan
Arrasate-Arlutz eta Conteneo. Hauek ere berdinean amaitu zuten: 2-2. Egutegiari
begira, Arrasate-Arlutzek dauka aukera Conteneoren aurretik geratzeko, orain
puntu erdiz atzean badago ere.
Zortzigarren txandak ikusmina
Iruñera eramanen du. Hirugarren sailkatua bigarrenaren aurka arituko da:
Donibane – Sestao. Bizkaitarren helburua izanen da 3’5 puntu ateratzea. Ikusiko
dugu lortzen duten.
Bitartean, Donostian, Grosek ez du
erraza izanen Batallaren aurka. 4-0 geratzea izanen du helburu, baina kostako
zaio hori erdiestea.
Gainontzeko hiru lehietan jaitsiera
izanen dute jokoan. Orvinak Easoren aurrean aukera aprobetxatu behar du,
arriskua behin betiko uxatzeko. San Viator, ustekabean, borroka honetan sartuta
dago eta Bilbon, Conteneoren aurka, emaitza ona behar du. Zuri Baltzak
sailkapena estutzen saiatu behar du. Orain arte, Arrasate-Arlutz Ligako
ustekabea izan da, baina larunbatean porrot handia pairatuz gero pikutara bidal
dezake orain arte egindakoa.
2014-02-22.
Iturria:
Euskal Xake Federakuntza.