Larunbata, 2014ko martxoak 15a.
Alejandro Franco. Gros xake taldeko
jokalaria.
“Ligak gora egin du, baina asko dago
egiteko harrobian”.
Josu Tornay.
Gros xake taldeak garaipen zerrenda handitzen segitzen du.
Euskal Liga irabazi berri du 11. aldiz, Sestao faboritoa gaindituta. Horretan
zerikusia izan du Alejandro Franco nazioarteko maisuaren jardunak (Madril,
1982). Franco da taldeko lehen taula.
Nola laburtuko zenuke aurtengo Euskal Liga?
Azken urteotako ligarik zirraragarriena izan da. Sestao eta Grosen arteko
borroka estua izan da, eta azken txanda jokatu arte egon da estu sailkapena.
Horrez gain, maila ez galtzeko lehia ere oso estua izan da. Oso liga berdindua
izan da, eta beste urte batzuetan baino ezusteko gehiago egon dira.
Laugarren jardunaldian Sestaok Arrasate-Arlutzen kontra galdu izanak bidea
erraztu zizuen. Nola kudeatu duzue gero alde hori?
Emaitza horrek ez zuen asko aldatu gure estrategia. Norgehiagoka guztietan
puntu guztiak irabazten saiatzen gara, aurkariari edo txandari erreparatu gabe.
Azken txandan erabaki zen, hala ere, titulua, Sestaoren aurkakoan. Nolakoa
izan zen norgehiagoka?
Espero zen moduan, oso berdindua eta zirraragarria. Edozein gauza gerta
zitekeen. Zorionez, Patrice Etxegarai baionarrak bere partida bizkor irabazi
zuen Jesus Iruzubietaren kontra. Horrek asko motibatu zuen taldea. Beste
partidetan posizioak bat-batean aldatu ziren. Gaizki zeudenak hobetu egin
ziren, eta ondo zeudenak, okertu. Horietako bitan puntua guretzat izan zen, eta
3-1 irabazi genuen azkenean.
Sestaok eta Grosek politika ezberdinak dauzkate taldeak osatzeko. Uste duzu
zuena hobea dela? Etxeko jokalarien aldeko apustua kanpoko fitxaketena baino
erabaki hobea izan da?
Nire ustez, bion fitxaketa politika ez da horren ezberdina. Ezberdintasun handiena
da guk bertako maisuekin oinarri sendoa osatzea lortu dugula; eta hori zaila
da, maisu gutxi daudelako Euskal Herrian. Horregatik, Sestaok guri irabazteko
kanpora jo behar du. Logikoa da, gainera, eta ados nago. Aukera izanez gero,
zergatik ezin du klub batek xakeko Messi fitxatu? Horrek oihartzun handia
emango lioke gure ligari nazioartean, eta hori ona da guztiontzat.
Zein da Euskal Ligaren maila? Eta zein garapen izan du azken urteotan?
Orain dela urte batzuk baino hobeto gaude. Alde batetik, Nafarroako talde on
bat dago: Donibane. Ohorezko Mailara igo eta goiko postuetan dabil, eta hori
berri ona da. Bestalde, herriko taldeek Arrasate-Arlutzek edo Irungo Batallak
gero eta estuago hartzen dituzte talde indartsuenak. Gure liga urtez urte hobea
da.
Eta nola ikusten duzu jokalari gazteen garapena?
Jokalari gazte batzuen garapena ez da eten, eta jada funtsezkoak dira euren
taldeetan: Asier Etxagibel Arrasaten, Paulo Alberdi Zuri Baltzan... Baina
salbuespenak dira. Asko dago egiteko eta hobetzeko harrobian.
Zeintzuk dira Gros taldearen hurrengo erronkak?
Orain Linaresen (Espainia) jokatuko den Espainiako Txapelketan jarri behar dugu
arreta. Ondoren, Bilbon jokatuko den kluben arteko Europako Txapelketa
prestatzen ariko gara bete-betean. Bi torneo horiek oso gogorrak izango dira,
eta oso ondo prestatu behar dira itxura ona emateko.
© berria.info