Ostirala, 2014ko apirilak 11a.
Traba da, ez
debekua.
Jaurlaritza TASera jotzeko prest dago
euskal kirol federazioak nazioartekoetan onartuak izan daitezen.
Imanol Magro Eizmendi. Bilbo.
Gonzalo Palacio, Juanjo Landaberea, Jon Redondo, Juanjo
Alvarez eta David Salinas, atzo. / MONIKA DEL VALLE / ARP.
Arazoa ez da legea, borondatea baizik. Espainiako legediak
ez du debekatzen euskal selekzioek nazioartean modu ofizialean lehiatzea,
mugatu baizik. Eusko Jaurlaritzaren Kirol Zuzendaritzak aginduta Globernance
Institutuak euskal selekzioek nazioartean lehiatzeko eskubidearen inguruan Euskal
kirol federatuaren nazioarteko ordezkaritza. Euskal kirol federazioen eskutik:
Bideragarritasun juridikoa txostenaren ondorioetako bi dira horiek. Ondorio
horietan oinarrituta, Jaurlaritzak nazioartean ofizialki lehiatzeko eman
beharreko pausoak ematen lagunduko die hainbat kirol federaziori, TASera
iristeraino (Kirola Arbitratzeko Epaitegia).
Jon Redondo kirol zuendariak eman zuen erabakiaren berri, atzo, Bilbon,
txosteneko egile eta kirol zuzenbideko hainbat aditurekin eginiko mahai
inguruan: «Federazio bakoitzarekin bilduko gara hurrengo egunetan bide hori
hasi nahi duten ikusteko, eta hastea erabakitzen badute lagundu egingo diegu
euren kiroletako nazioarteko federazioan ofizialki sartzeko eska dezaten.
Europako bidea aztertuko dugu, eta, ez badiete uzten, TASera joko dugu».
Are gehiago, Juantxo Landaberea Kirol Zuzenbidean espezializaturiko abokatuak
argitu zuenez, bat dagoeneko hasi da bide hori aztertzen: «Ezin dut esan zein
den, baina federazio bat TASera joateko asmotan dabil. Aurretik nazioartean
lehiatu izan dena». Eta, orduan, zergatik ez joan guztiekin TASera? Landabereak
argitu zuen: «TASera joatekotan, irabazteko aukerarekin joan behar dugu. Ezin
gara joan edozein modutara». Juanjo Alvarezek txostena egin duen abokatuetako
batek aukera hori zehaztu zuen: «TASera joateko bide guztiak amaitu behar dira
aurretik. Bi ezezko jaso behar dituzu. Espainian eta Nazioarteko Federazioan
itxi behar dizute atea». Hizlariek Gibraltarko futbol federazioaren eredua
plazaratu zuten. Gibraltarrek hiru aldiz joan behar izan zuen TASera UEFAren
barnean onartua izan aurretik.
Gibraltarren futbol federazioak jo zuen TASera, ez gobernuak, nazioarteko
federazioak elkarte pribatuak direlako, beraz, auzia judirikoki bideratu
daiteke. Horretarako, eta, txostenak dioenez, euskal selekzioak nazio gabeko
lurraldeak onartzen dituzten nazioarteko federazioetan —guztira 49, tartean
igeriketakoa, futbolekoa edo atletismokoa— sartzeko hiru borondate batu behar
dira: Kirol horretako euskal federazioarena, Espainiakoarena eta
Nazioartekoarena, bozketaz. Mendi Federazioaren kasua da. Alvarezek federazioak
animatu zituen: «Merezi du saiatzea. Bosmanek lortu zuen. Europako legedian
tartea dago, eta TASek auzi pribatuak argitzen ditu, eta kirol federazioak
elkarte pribatuak dira».
Espainiarekin batera, bai.
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak 2012ko apirilean emaniko epaiak zehaztu
zuen egun euskal selekzioek nazioartean duten lege esparrua. David Salinas
Armendariz abokatuak sententziak uzten dituen bideak aletu zituen. Hiru
borondateak uztartzeko ideia nabarmendu zuen, eta beste testuinguru bat
aurkeztu, Hego Euskal Herriaren kasuan behintzat, Espainiaren maila berean
lehiatzea. «Sententziak ez du esaten Espainia eta euskal selekzioa txapelketa berean
lehiatu ezin direnik, ez du debekatzen. Traba ez badio egiten, lehia daitezke.
Gero etorriko dira nazioarteko federazioen onarpen arauak, eta Espainiak bidea
oztopatzea edo ez».
“Federazioei nazioarteko federazioetan
sartzen uzten ez badiete TASera joko dugu”.
JON REDONDO.
Jaurlaritzako kirol zuzendaria.
“Merezi du TASera joatea, federazioak
elkarte pribatuak baitira. Bosmanek lortu zuen”.
JUANJO ALVAREZ.
Kirol Zuzenbidean aditua.
“Ezin dut esan zein den, baina euskal
federazio bat dago TASera joatea aztertzen ari dena”.
JUANTXO LANDABEREA.
Abokatua eta Euskal kirol legearen
egilea.
“Legeak ez du debekatzen Espainiako eta
euskal selekzioak txapelketa berean lehiatzea”.
DAVID SALINAS ARMENDARIZ.
Kirol Zuzenbidean aditua.
http://paperekoa.berria.info/kirola/2014-04-11/026/001/traba_da_ez_debekua.htm