Osteguna, 2014ko apirilak 24a.
Ofizialtasunari buruzko txosten juridikoa.
Itziar Arratibel, Egoitz Askasibar eta Martxel Toledo
ESAITeko kideak.
Komunikabideen bidez jakin genuen Eusko Jaurlaritzaren Kirol Zuzendaritzak
ekitaldi bat antolatu zuela aurreko astean. Ekitaldi horretan euskal selekzioen
ofizialtasuna juridikoki egingarri izan daitekeela dioen txosten baten berri
eman zuen. Dokumentuaren aurkezpenari buruzko metodologia, aurkezpen modua eta
edukiek gogoeta batzuk kaleratzera behartu gaituzte.
Lehenik eta behin, pozten gara urte askoan ESAITek bakardadean defenditu duen
euskal selekzioen ofizialtasunaren bideragarritasun juridikoa partekatzen duelako
Eusko Jaurlaritzak. Orain gutxi arte, sarritan entzun dugu ofizialtasuna
ezinezkoa zela arlo juridikoari dagokionez. Pauso gehiago ez emateko aitzakia
zelakoan gaude. Estatu independentea izan arte ez zegoela ezer egiterik.
Deigarria da, hala ere, talde txiki batek, oso txikiak, aurrekontu baino
borondate eta gogo gehiagorekin Gasteizko gobernua iritsi den ondorioari aurre
hartzea. 34 urteren ondoren Eusko Jaurlaritza ohartu da euskal selekzioen
ofizialtasuna juridikoki bideragarria dela. Hobe berandu inoiz baino. Baina
orain arteko euskal gobernuen kirol politika ofizialtasunaren aldeko
eragileekin elkarlanean aritzea ezaugarrietako bat izan balitz, seguru gaude
ondorio honetara urte asko lehenago iristeaz gain gure selekzioen ofizialtasuna
egoera askoz hobean egongo litzatekeela.
Jon Redondok, Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendariak galdetu zuen zergatik,
estatu gabeko beste nazio batzuen antzera, ezin dugun nazioarteko lehiaketetan
ofizialki parte hartu. Erantzuna erraza da: Kataluniak gaur egun 21 kirol
selekzio ofizial ditu. Eta horiek dauzka, Kataluniako gobernuen politika
publikoek kirol selekzioen ofizialtasuna lehenetsi dutelako, hemengoek ez
bezala. Hori da gakoa: lehentasuna ematea.
Katalunia aspaldi ari da ofizialtasunean inbertitzen, era guztietan. Bitarteko
ekonomikoak jartzen ditu bide horretan, eta helburuarekin bat egiten dutenekin
elkarren ondoan lan egiten du. Elkarlana da bere politikaren ezaugarria.
Kataluniako Plataforma Pro Seleccions Esportives Catalanesek ez zuen aurreko
asteko ekitaldiaren berri izango komunikabideen bidez. Ziur dokumentu
juridikoaren idazketan nahiz antolaketan lagundu eta parte hartuko zuela. Eta
dokumentuko akatsak zuzenduko zituela: adibidez, Katalunia FIQeko —Bola Jokoko
Nazioarteko Federazioa— partaide dela. Bertako partaide da TASen 2007-A-1424
sententziaren ondorioz, FIQen beraren webgunean ikus daitekeenez. Bestalde, ez
da Kirolaren Euskal Legearen artikulazioaren azterketarik izan, aldaketen
aukeren azterketa ofizialtasunerantz bideak irekitzeko. Bitxikeriez aparte,
ahaleginak batu, ezaguerak egiaztatu eta baterako estrategiak adostu herriko
familia politiko baten edo beste baten esklusibitateaz gain doana.
Lan honetan herri honek ezin du hartu bere gain beharrezkoak diren eragileen
bazterketa, protagonismoa edo etekin politikoa bilatzea. Ikas dezagun gure
bizilagun katalanengandik; hobeto doakie, eta has dezagun aro berri bat non,
nabarmenkeriak eta interesak alde batera utzita, ofizialtasunera eramango
gaituen bidea osatzeko lanak lehentasuna izango duen. Ez gara aspertuko
errepikatzeaz. Herri honetan kirolari asko, hainbat gizarte eragile, alderdi
politiko eta erakunde prest gaude euskal selekzioaren ofizialtasunaren alde
pausoak emateko. Eragile horiei batzorde ireki batean eskuz esku lana egiteko
aukerari ateak itxita zenbat eta denbora gehiago pasatu, herri honek pairatuko
duen xahutzea da. Beraz, pentsa dezagun herri moduan. Ez daukagu ezer
galtzekorik, eta asko irabazteko. Has dezagun herri izateko geratzen zaigun
bidea egiten, eta eskutik helduta ibil gaitezen, ahal dugun guztia batzen gure
helburura iritsi arte, guztion helburura iritsi arte. Gu prest gaude, orain
arte egon garen bezala. Orain da eta izan behar du uneak. Ezin dugu momentu hau
alferrik galdu.
Horregatik guztiagatik jartzen dugu berriro mahai gainean Euskal Herriko
selekzioaren ofizialtasuna nazioarte mailan egotearen kontua. Gaiari oinarritik
heldu behar diogula uste dugu, euskal gizartetik, eta berriro aktibatu norabide
zuzenean pausoak emateko. Gai honi buruzko txosten juridiko eta teknikoak oso
positiboak izanagatik ere, ziur gaude gure eragile sozial, eragile politiko eta
kirol eragileen elkarlanak lortuko duela gure selekzioa nazioarte mailan
lehiatzea munduko beste selekzioekin batera.
Ordua da, beraz, euskal gizarteak euskal selekzioaren ofizialtasunaren inguruan
duen sentipena guztiok desiratzen eta espero dugun norabidean zuzentzeko. EAJk
alderdi politiko gisa eta Eusko Jaurlaritzak berak ausardia izan behar dute,
alde batetik, pauso irmoak emateko eta, bestetik, euskal selekzioaren
ofizialtasunaren alde euren ekarpena egiteko prest dauden euskal kirol
federazioak nahiz kirol talde, kirolari eta eragileak babesteko. Egun hauetan
ESAITek euskal erakundeetan aurkeztu dituen mozioak honen guztiaren isla izan
daiteke. Benetan espero dugu Eusko Jaurlaritzak publiko egin duen txosten
juridikoa teorikoa izateaz gain praktikoa ere izango dela eta guztion artean
estrategia zuzena diseinatzeko baliagarria izan dadila irrikaz lortu nahi dugun
ofizialtasunerako bidean azken txanpan sartzeko.
Ordua
da, beraz, euskal gizarteak euskal selekzioaren ofizialtasunaren inguruan duen
sentipena guztiok desiratzen eta espero dugun norabidean zuzentzeko.
http://paperekoa.berria.info/iritzia/2014-04-24/004/001/ofizialtasunari_buruzko_txosten_juridikoa.htm