Larunbata, 2014ko abuztuak 2a.
Zortzi eguneko
aldarria.
ESAITen mendi martxa gaur hasi, eta
Gasteiz eta Iruńeko legebiltzarren aurretik igaroko da, erakunde publikoen
«parte hartzea» eskatzeko.
Esaiten iazko mendi martxaren lehen
pausoak, Lanestosan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Imanol
Elezgarai.
Beste
urtebetez euskal selekzioen aldeko aldarriak Euskal Herriko hainbat toki eta
paraje zeharkatuko ditu. Euskal Selekzioen Aldeko Iritzi Taldeak (ESAIT) urtero
antolatzen duen mendi martxa hasiko da gaur. Martxak Gasteiz izango du
abiapuntu, eta Urepele (Nafarroa Beherea) helmuga. Martxaren 14. aldia izango
da, beste behin, «Euskal selekzioen ofizialtasuna eskatzeko» helburuarekin.
Aurten berezitasun bat izango du: Gasteizko eta Iruńeko Legebiltzarren aurrean
ekitaldi bana egingo da, erakunde publikoei aldarrien berri emateko.
Gasteizko ekitaldiarekin hasiko da martxa. Goizean, 10:30ean, izango da, eta
ondoren ekingo diote bideari. Legebiltzarraren aurrean eginiko kontzentrazio
sinboliko batean, ESAITen eta martxaren helburuen berri ematen duen mezu bat irakurriko
da. Blusa eta nesken kuadrillak dagoeneko adierazi dute han izango direla.
Keinu horrekin, antolatzaileek instituzioei dei egin nahi diete euskal
selekzioen ofizialtasunaren alde «urrats eraginkorrak egin ditzaten», Txumai
Iturria mendi martxaren antolatzaileak azaldu duenez. Haren ustez, herritarren
eta gizarte eragileen babesa izanik ere, ofizialtasunaren aldarria «oraindik
herren» dago. Hori dela eta, «urrats kualitatibo bat egin nahian», instituzio
eta alderdi politikoen babesa eta parte hartzea lortu nahi dute orain.
Abuztuaren 6an, beste ekitaldi bat egingo dute, Nafarroako Parlamentuaren
egoitzaren aurrean.
Parte hartzaileei dagokionez, antolatzaileek 100 pertsonako muga jarri dute
multzoa osatzeko. Izan ere, muga horretatik gora, «zaila da antolakuntza, herri
txiki asko daudelako ibilbidean zehar, jende kopuru hori jaso ezin duena».
Herri bakoitzeko bizilagun eta udalei eskatzen diete laguntza antolatzaileek,
eta horietako batzuetan ez dute nahiko jende eta azpiegitura aurkitzen parte-hartzaile
kopuru hori jasotzeko. Herri horietan herri afariak eta bestelako ekitaldiak
egiten dituzte. Gauak, berriz, ikastola edo frontoietan pasatu ohi dituzte.
Aurtengo aldirako 88 mendizalek eman dute izena. «Horietatik, %40 aurreko
urteetan parte hartu dutenak. Iturriarentzat, «pozgarria» da urtero jende
berriak izena ematea «gozamena eta aldarrikapena» uztartuz.
Martxa antolatzeko «ohiko arazoak» izan dituztela dio Iturriak, logistikoak
gehienak. «Zortzi eguneko martxa bat antolatzea ez da erraza», zehaztu du.
Herri txikietan ez dute arazo handirik izaten; hirietan, ordea, «zailagoa» da.
Izan ere, Gasteizen eta Iruńean, kasurako, eskaera asko egin behar dituzte
zenbait kale ixteko eta plazan topaketak egiteko. Urepelen (Nafarroa Behera)
amaituko da martxa, abuztuaren 9an. Amaiera ekitaldian, musika emanaldia
eskainiko du Erramun Martikorenak.
http://www.berria.eus/paperekoa/1794/018/001/2014-08-02/zortzi_eguneko_aldarria.htm