Ostirala, 2014ko abuztuak 22a.
Erakutsi dute
bidea zein den.
Xakea
da gizonezkoak eta emakumezkoak maila berean jartzeko kirolik egokienetakoa,
baina, praktikan, oso handia da, oraindik, aldea. Polgar ahizpena da salbuespen
nagusia.
Josu
Tornay.
Estatistikak
aztertuta, ukaezina da xakean, gaur egun, gizonezkoek emakumezkoek baino maila
hobea daukatela. Emakumezko bakarra dago munduko ehun jokalari onenen artean:
Judith Polgar hungariarra. Polgar ahizpak xake mundura heldu artean, berriz,
bakar bat ere ez zegoen 500 onenen artean. Beste kirol batzuekin alderatuta,
emakumezko parte-hartzaileen kopurua txikiagoa da xakean; baina, zergatik?
Funtsean, jokatzeko aukera berbera dute gizonezkoek eta emakumezkoek; gaztetan,
antzeko adin tartean hasten dira ikasten klubetan, eskoletan edo etxean.
Pubertarora arte, motibazioan eta joko indarrean ez da izaten alde handirik;
baina kopuruan, bai. Kultur arrazoiak egon daitezke atzean. 10-13 urte artean,
jada, emaitza hobeak lortzen hasten dira mutikoak, eta motibazioa areagotzen
die horrek. Neskatoek, berriz, pixkanaka utzi egiten dute xakea, eta behera
egiten du motibazioak. Leontxo Garcia kazetari eta xake jokalari irundarraren
hitzetan, pubertaroan eragin handia dauka bi sexuen arteko aldeak. Adituen
txostenak oinarri hartuta, Garciak aitortu du adin horretan mutikoetan
lehiakortasuna bultzatzen duela testosteronak. Mutiko askorentzat zerbaitetan
besteak baino hobea izatea bihurtzen da helburu. Neskatoen artean, berriz, sare
sozialak zabaltzera bultzatzen du progesteronaren eraginak. Hori bai, Garciaren
hitzetan, pubertaroaren amaieran neskatoek berreskuratu egiten dute
lehiakortasun hori. Baina, gehienetan, berandu izaten da jada, xakean 10-14
urte artekoa delako etorkizunean puntako jokalari izateko adin kritikoa.
Kultur eraginak tartean.
Garciaren arabera, ez dago hain argi bi sexuetan burmuineko hemisferioen arteko
aldea. Azalpen biologiko bat egongo litzateke xakea, benetan, hemisferio zehatz
batekin lotuago egongo balitz, eta gizonezkoak hemisferio hori hobeto
erabiltzeko gai izango balira. Baina, Garciaren hitzetan, errazagoa da aldea
formazioko momentu kritikoan hormonek duten eraginari leporatzea. Salbuespenak
badaude, ordea, eta, horregatik jarri izan da zalantzan hormonen faktorea,
kultur eraginak hobetsita.
Polgar ahizpei dagokienez, ez ziren joan eskolara. Pedagogoak ziren gurasoak,
eta Hungariako Gobernuaren baimena lortu zuten euren alabak etxean hezteko.
Neskatoek denetik ikasi bazuten ere —esperantoa barne—, xakeak pisu handia
zeukan klaseetan. Umetatik xakea ikasita, hirurek sistematikoki garatu zuten
lehiakortasuna, euren adin tarteko mutikoek baino hobeto, eta berehala kokatu
ziren munduko jokalari onenen artean.
Ahizpetan zaharrenak, Zsusak (1969), maisu handien titulua lortu zuen 23
urterekin. Emakumezkoen artean, Judith ahizpak bakarrik gainditu du rankingean,
eta hainbat urtez izan da emakumezkoen arteko munduko txapelduna. Ahizpetan
bigarrena ere, Zsofia (1974), nazioarteko maisua da. 14 urterekin, Erromako
torneoan, emakumezko batek sekula lortutako performance
onena egin zuen (2.735), eta aise irabazi zuen torneoa, gizonezko maisu handiz
inguratuta.
Judith Polgar (1976), berriz, historiako emakumezkorik onena izan da. Munduko
hamar onenen artean sartu zen 1996an —beste inork ez du lortu halakorik—, eta
urte askoan iraun du elitean. 2008an, hogei onenen artean zegoen artean. 15
urterekin lortu zuen maisu handien titulua; halakorik lortu zuen jokalaririk
gazteena izan zen, Bobby Fischer baino hilabete batzuk gazteagoa.
38 urterekin, jokatu berri diren Norvegiako Olinpiar Jokoetan jakinarazi du
Judit Polgarrek erretiroa hartuko duela. Torneo mistoetan bakarrik parte hartu
izan du beti —gizonezkoak eta emakumezkoak elkarrekin aritzen direnetan—, eta
titulu asko lortu ditu: Haurren mailako Munduko Txapelketa (1990), Hungariako
Txapelketa, 17 urte eskasekin (1991), edo AEBetako Irekia tartean (1998).
Xakeko torneoak mistoak dira berez, baina, maila aldea dela eta, betidanik
antolatu izan dira emakumeentzako torneoak ere.
Eztabaida handia gizartean.
XX. mendearen bukaeran Espainiako Xake Federazioak argitu zuen —Herritarren
Babesleak bultzatuta eta diskriminazioa oinarri hartuta— 2002tik aurrera torneo
mistoak soilik jokatuko zirela. Neurri horren kontra egin zuten emakumezko
askok, diskriminazioa ezabatu ez, eta gutxiengo bat itoko zuela argudiatuta.
Azkenerako, ez ziren desagertu torneo horiek, eta, gaur egun, euren arteko
lehiakortasuna areagotzen dutela uste dute gehienek.
Torneo horiek kenduz gero, emakumezkoak lehiaketetatik desagertzeko arriskua
legoke, edo bigarren mailako torneoetan soilik parte hartzekoa. Hori bai,
adituak sinetsita daude etorkizunean posible izango dela kirol misto soila
izatea. Hori da helburua.
38 urterekin erretiroa hartuko duela
jakinarazi du Judit Polgarrek; munduko hamar onenen artean sartu zen 1996an.
http://www.berria.eus/paperekoa/1887/018/001/2014-08-22/erakutsi_dute_bidea_zein_den.htm