Osteguna, 2014ko irailak 11a.
Pertsonaia.
Fabiano Caruana.
Ezinezkoa lortu du.
Josu
Tornay.
«Ezinezkoa
da horrelako torneo batean zazpi partida jarraian irabaztea, baina ezinezko
hori ari da gertatzen gure begien aurrean». Ben Finegold xakeko maisu handiaren
hitzak dira, Sinquefield kopako zortzigarren txanda jokatzen ari zen bitartean
esandakoak. Ez zitzaion arrazoirik falta, handia izan baita Saint Louisen (AEB)
jokatu berri den torneoan gertatutakoa. Fabiano Caruanak (Miami, AEB, 1992)
erakustaldia eman zuen. Nolakoa, gainera. Italiarrak —Italiako herritartasuna
du— lehen zazpi partidak irabazi zituen, xakearen aro garaikidean inork lortu
gabekoa. Egungo jokalari onenen aurka lortu zituen, gainera: Vesselin Topalov
(bi aldiz), Maxime Vachier-Lagrave (bi aldiz), Magnus Carlsen, Levon Aronian
eta Hikaru Nakamuraren aurka. Hori eginda, titulua ziurtatu zuen. Zenbat
garaipen lortuko zituen, hor zegoen zalantza. Bada, zazpirekin geratu zen,
azken hiru partidetan berdindu egin baitzuen, Carlsen, Nakamura eta
Aronianekin.
Inork ez du hainbeste partida jarraian irabazi munduko onenen kontra. 1873 eta
1882 artean, Wilhelm Steinitzek 25 partida jarraian irabazi zituen, eta Bobby
Fischerrek hogei, 1970eko hamarkadaren hasieran. Haien aurkarien maila oso
apala da Caruanak izan dituenekin alderatuta.
Baina nor da Caruana? 22 urteko gazte
azkar-azkarra. 14 urterekin lortu zuen Maisu Handiko titulua, eta, egun,
munduko hirugarrena da nazioarteko rankingean. Haren ibilbidea apur bat
ezkutuan geratu da Carlsenen leherketarekin, baina harena bezain harrigarria
da, eta hura baino hogei hilabete gazteagoa da. Ibil dadila erne munduko
txapelduna.
http://www.berria.eus/paperekoa/1798/028/002/2014-09-11/ezinezkoa_lortu_du.htm