Ostirala, 2014ko azaroak 28a.
Euskal selekzioaren 30. urteurrena ospatzen ari dira Azkoitian.
Mario Gomez. JON HERNAEZ / ARP.
Hogeita hamar urte bete dira
aurten euskal xake selekzioak lehen neurketa jokatu zuela. Italiaren aurka izan
zen, Azkoitian (Gipuzkoa). Urteurren hori ospatzeko, Euskadiko Xake Federazioa
hainbat ekitaldi antolatzen ari da igandera arte Azkoitian. Euskal selekzioak
eta Eskoziakoak bihar jokatuko duten norgehiagoka nabarmentzen da guztien
artean. «Nik nahi nuen gure lurralde guztietako jokalariak aritzea, eta hori
lortu dugu. Zoritxarrez, hainbat arrazoirengatik ez dira ariko zenbait jokalari
garrantzitsu, baina oso talde polita prestatu dugu. Orain dela 30 urte jokatu
zuten hiru jokalari ere izango ditugu taldean», azaldu du Iñigo Argandoña
selekzioko jokalari eta hautatzaileak.
Azkoitian ez da izango Santi Gonzalez Euskal Herriko jarduneko txapelduna.
Jokalari bilbotarrak euskal selekzioarekin jokatu izan du, baina oraingoan ez
du onartu eskaintza, ez dagoelako ados antolakuntza ekonomikoarekin. Bestalde,
Felix Izeta aspaldiko partez ariko da berriro taularen aurrean. Zestoarrak
aspaldi hartu zuen erretiroa, baina ez du aukera galdu nahi izan. Harekin duela
30 urte selekzioarekin jokatu zuten Mario Gomez eta Juan Ignacio Alonso ere
ariko dira, baita Unai Garbisu, Patrice Etxegarai, Javier Martxena, Irati
Laseka eta Miriam Muñoz. 10:00etan hasiko dira goizeko norgehiagokak, eta
14:00etan arratsaldekoak, guztiak Azkoitiko Elkargunean.