Ostirala, 2014ko azaroak 28a.
Felix Izeta. Xake
jokalaria.
«Estatu
independente bat bagina, dena askoz errazagoa litzateke».
Orain 30 urte Azkoitian
Euskal selekzioak Italiaren aurka jokatu zuen norgehiagoka horretan aritu zen
Felix Izeta. Aspaldi hartu zuen erretiroa, baina prest azaldu da berriro
taularen aurrean jartzeko.
Euskal xakean garrantzi
handiko izena da Felix Izetarena (Zestoa, Gipuzkoa, 1961). 23 urterekin
Nazioarteko Maisu titulua eskuratu zuen, eta hamar urte eskas geroago Maisu
Handikoa. Horrez gain, hiru aldiz izan zen Euskal Herriko txapeldun, azkena
2002an. Hain zuzen, txapel hori irabazita hartu zuen erretiroa. Berriz ere
itzuli da lehiara, baina hor jarraitzeko, argi du euskal selekzioarekin izan
behar duela eta berak ere bere mailari eusten badio.
Zein izan da zure lana selekzioan?
30 urte hauetan euskal selekzioak ez du ibilbide handirik egin. Lagunarteko
partida batzuk jokatu ditu, besterik ez. Noski, ez da horrela izan gogo
faltagatik. Herri okupatua garenez, estatu gabekoa, ez dugu txapelketa
garrantzitsuenetan parte hartzeko aukerarik. Nik jokalari moduan egin izan
dudana batez ere jokatzea izan da. Jokatzekotan, Euskal Herria edo Nabarra izenarekin jokatzea eskatu izan dut.
Segur aski, gogoan dauzkazu euskal selekzioarekin ezagutu izan dituzun
momentu berezi batzuk. Adibidez?
Momentu zehatzei buruz hitz egin beharrean, nik esango nuke hasieran selekzioa
aldarrikatzeak bazuela emozio pixka bat, batez ere egoera politiko orokorra ere
nahiko bero zegoelako.
Urteak dira xakea utzita daukazula. Larunbatean jokatzeko erabakia hartu
izanak esan nahi du euskal selekzioa sarriago nazioartean arituz gero agian zuk
ere gehiago jokatuko zenukeela?
Sarriago ez da nahikoa. Txapelketa ofizialetan parte hartzeko aukera egongo
balitz, orduan bai jokatuko nuke sarriago. Gaur egun, txapelketa arruntak
jokatzeko astirik eta motibaziorik ez dut, baina euskal selekzioak munduko edo
Europako txapelketak jokatzeko aukera izango balu, nahiko nuke bertan egon. Ez
dakit ordurako nire maila horrenbesterako emango duen ala ez, baina tira, asmoa
badaukat, bai.
Eskoziaren aurka jokatuko duzue. Zein maila du Eskoziako selekzioak?
Errespetu guztiarekin esanda, ez du oso maila handia. Zenbakien arabera,
sailkapenak kontuan hartuta, gu baino zertxobait ahulagoak direla esan daiteke.
Noski, horrek ez du esan nahi norgehiagoka erraza izango denik, inolaz ere.
Eta euskal selekzioak, zer maila du? Zein postutan sailkatuko litzateke
Xakeko Olinpiar Jokoetan?
Zaila da asmatzea, baina esango nuke erditik gora geratzeko taldea izango
genukeela behintzat, eta lanak dezente eginez gero, lehen 40en artean sar
gintezke ere. Erreferentzia bat emateko, azken olinpiar jokoetan 150 taldek
hartu zuten parte, eta Eskozia 83. postuan sailkatu zen.
Zenbat eta nolakoak izan dira lehia ofizialetan aritzeko ahaleginak? Zergatik
ez da lortu?
Nik dakidanez, orain arte egin den ahalegin serio bakarra kasualitatez nik neuk
egin nuen, 2008an, Dresdengo Xakeko Olinpiar Jokoetan, Alemanian. Aprobetxatuz
FIDEn (Nazioarteko Xake Federazioa) agintean nire lagun batzuk zeudela, eta
daudela, ahalegin serio bat egin nuen FIDErekin zuzenean, baina ez zen gauzatu.
Noski, beste era askotan eta hobeto egin daitezke ahaleginak, baina egungo
Euskal Xake Federazioko agintariak ondo ezagutzen ditut, eta jakin badakit bere
kabuz ez dutela sekula santan ezer egingo. Gauza bera esan daiteke erkidegoan
eta Navarra-n
agintean dauzkagun politikariei buruz. Sekula santan ez.
Posible da lehia ofizialetan parte hartzea egungo egoera politikoan? Edo
estatu propio barik ezin da halakorik egin?
Posible da, noski. Makina bat herrialdek hartzen dute parte estatu izan gabe.
Eskoziak berak. Baina dena askoz errazagoa litzateke, konparaziorik gabe, ez
bakarrik xakean eta kirolean baizik eta beste edozein arlotan ere, estatu
independente bat izango bagina. Eta hori gure esku dago.
“Hasieran
aldarriak bazuen emozio pixka bat, batez ere egoera politiko orokorra ere
nahiko bero zegoelako”.
“Lanak dezente
eginez gero, lehen 40 selekzioen artean ginateke Xakeko Olinpiar Jokoetan”.
“Ondo ezagutzen
ditut egungo Euskal Xake Federazioko agintariak, eta badakit ez dutela bere
kabuz ezer egingo”.