Asteazkena, 2014ko abenduak 24a.
Hasi da ibilbidea.
Kirolarien eta kirolari
ohien desfilea antolatu du Jauzia egitasmoak iganderako, selekzioen
ofizialtasunaren alde.
Harreman sorta hasi dute.
Jauzia egitasmoko kideak eta sustatzaileak, datorren igandeko ekitaldiaren
aurkezpenean. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI
PRESS.
Gotzon Hermosilla.
Joan den abenduaren 5ean
aurkeztu zuen bere burua Jauzia egitasmoak, kirol selekzioen ofizialtasunaren
arloan «beste agertoki batera jauzi egiteko garaia» delakoan, «talde lanean,
kirolaren balioetatik eta kirolariekin» jardun beharra nabarmenduz. Atxikimendu
gehiago lortzeko harreman sorta bati ekingo ziotela iragartzeaz gain, aurreratu
zuten futbol selekzioen Gabonetako partiden inguruan zenbait ekitaldi
antolatuko zituztela. Eta hala izango da.
Datorren igandean, euskal selekzioaren eta Kataluniakoaren gizonezkoen partida
hasi aurretik, 19:00etan, desfile bat egingo dute Jauzia egitasmokoek. Bilboko
Moyua plazatik abiatu eta Jesusen Bihotza plazan amaituko da.
Desfilean euskal selekzioen ofizialtasunaren eskaerarekin bat datozen
kirolariek zein kirolari ohiek parte hartuko dute, nor bere kirolaren
ezaugarriekin, Olinpiar Jokoetako desfileen antzera. Amaitutakoan, ekitaldi
labur bat egingo dute Jesusen Bihotza plazan. Esanguraz beteriko bi abesti
kantatuko dituzte -Mikel Laboaren Txoria
txori eta Lluis Llachen L'estaca—,
eta, amaitzeko, selekzioen ofizialtasunaren aldeko bufanda berde-horiak
astinduko dituzte, Bilboko Kale Nagusiari «ofizialtasunaren kolore berdea»
emateko.
Ekitaldiak «helburu xume eta argia» izango du, Jauziaren izenean Beńat
Zarrabeitia kirol kazetariak eta Garazi Muniain futbolariak esan dutenez: «Gure
kirol ordezkaritza proiektatzea eta nazioarteko lehiaketetan zein Olinpiar eta
Paralinpiar Jokoetan euskal pabiloiaren barruan aritzeko eskubidea aldarrikatzea».
Horretarako, «talde lanean aritzeko eta pausoak guztion artean zehazteko»
eskatuko dute igandeko ekitaldiaren bidez.
Baina, Zarrabeitiak eta Muniainek adierazi dutenez, «bidea ez da abenduaren
28an amaitzen». Jauzia egitasmoa aurkeztu zutenean, iragarri zuten harreman
sorta bati ekingo ziotela hainbat eragilerekin. Horretan aritu dira asteotan,
eta bilerak izan dituzte kirolariekin, kirolari ohiekin eta federazio
ugarirekin.
Ofizialtasunaren Liburu Zuria.
Aurrerantzean ere bide horretan jarraitzeko asmoa dute, ekarpenak eta
atxikimenduak jasoz. Galdetegi bat prestatu dute, kirol eragileekin partekatuko
dutena, eta bildutako ekarpen guztiekin Ofizialtasunaren Liburu Zuria osatzeko
asmoa dute. «Talde lanean aritu behar dugu; guztiok dugu zer esan», gaineratu
zuen Muniainek.
Garrantzitsuena parte
hartzea da, One country one team izango da datorren igandean
antolatuko den ekitaldiaren goiburua. Antolatzaileek dei egin diete
ofizialtasunaren aldarriarekin bat datozen kirolari, kirolari ohi eta zale
guztiei ekitaldi horretan parte hartzera.
Lehenengo atxikimenduak jaso dituzte dagoeneko, eta, esaterako, ekitaldia
aurkezteko agerraldian Peio Bilbao txirrindulari profesionala, Egoitz Askasibar
ESAITeko kide izandakoa eta Ińigo Landa eta Jone Goirizelaia abokatuak egon
dira, besteak beste.
“Nazioarteko
lehiaketetan euskal pabiloiaren barruan aritzeko eskubidea aldarrikatu nahi
dugu”.
Garazi Muniain.
Futbolaria.
http://www.berria.eus/paperekoa/1736/023/001/2014-12-24/hasi_da_ibilbidea.htm