Larunbata, 2014ko abenduak 27a.
Adiorik ez, eskerrik asko baino ez.
Martxel Toledo – ESAIT.
Hamazortzi urte luze pasatu
badira ere, atzo izan balitz bezala gogoratzen dut guztia. 1996ko ekainaren 26a
zen, asteartea, eta Donostiako Kirol Etxean, ETB, Euskadi Irratia, Herri
Irratia, El Diario Vasco, El
Mundo, Egin eta Euskaldunon
Egunkaria-ko kirol kazetariak aritu ziren solasean. Honela aurkeztu
zuen gure moderatzaileak mahai ingurua: «Euskaldunak izanik, geure
selekzioarekiko euskal sentimenduak bultzatu gaitu horrelako talde bat
osatzera. Gaurko mahai inguru hau antolatzen dugun lehenengoa da, eta espero
dugu, guztion laguntzarekin, azkenekoa ez izatea. Euskal Herrian kirola
jorratzen duten euskal kazetari batzuen iritzia kaleratzeak eduki dezakeen
garrantzia ikusita, animatu gara, gure lehen urrats moduan, mahai inguru hau
antolatzera. Mila esker eta ongi etorri». ESAITen sorrera publikoaz ari
natzaizue. Begi bistakoa da ekitaldi hura hamazortzi hauetan egindako bidearen
hasiera baino ez zela izan.
Lehen urteak, batik bat, iritzia sortzen ibili ginen herriz herri, hitzaldiak,
mahai inguruak eta horrelakoak antolatuz. Tartean, 98ko ekainean hain zuzen,
Euskadiko Kirol Legea onartu ahal izateko, EAJ, EA, Herri Batasuna eta Ezker
Batua alderdiekin harremanetan egotea eta sukaldeko lana egitea egokitu
zitzaigun. Oraindik buruan daukat kirol legea onartu ondoren aipatu alderdi
horien ordezkariekin emandako prentsaurrekoa, eta elkarrekin gure kamisetak
jantzita ateratako argazki bitxi hark Espainia aldean sortu zuen ezinegona.
Lehen aldia zen PNVk eta HBk Gasteizko Parlamentuan elkartuta bozkatzen zutela.
Honela zioen La Vanguardia
egunkariak portadan: «PNV y
HB se unen para votar la independencia deportiva vasca». Eta beste
batek: «ETA entra en las
instituciones vascas con la excusa del deporte». Espainiako beste
egunkari batzuetan ere antzeko tratamendua eman zioten notiziari. Beste garai
batzuk ziren.
Handik aurrera, ekimen sendoagoak eta indartsuagoak antolatzea erabaki genuen;
besteak beste, euskal selekzioaren aldeko eguna, astebeteko mendi martxa,
Bilboko herri lasterketa, Tourreko irteera, Iratiko zikloturista proba eta,
azkeneko bi urte hauetan, Leitzako mendi lasterketa. Elkarte batzuen
laguntzarekin eta batik bat kirol txikietan, Euskal Herriko txapelketa batzuk
ere antolatu izan ditugu.
Nazioartean ere egon da ESAIT; besteak beste, Italian Giro Della Dolomit
zikloturista proban parte hartzen, Londreseko euskal etxean hitzaldia ematen,
Bartzelonan eta Venezuelan futboleko selekzioari babesa ematen, Vienan Europako
futbol txapelketan aldarrikapena egiten, Madrilgo Kongresuan Katalunia eta
Galiziako plataformekin batera antolatutako ekimenen agerraldian, eta San Frantziskon
(AEB) 2007. urtean jokatu zen nazioarteko pilota txapelketan. Bestalde, hainbat
urte ondoren Euskal Herrira Espainiako itzulia ekartzeak eta 2020ko Eurokopa
Bilbon antolatzeak sortutako egonezinaren aurrean, instituzioetan zein kalean
hainbat ekimen antolatu ditugu.
Horrez gain, ekimen propioak eta zeresan handikoak ere antolatu dira; besteak
beste, 2008 eta 2009an Euskal Herria-Katalunia, Euskal Herria-Espainia eta
Euskal Herria-Frantzia kick boxing selekzioen neurketak. Eta, futbolean, 2012an
Anoetan EHKirolak eta Kontseiluarekin batera antolatutako nesken arteko Euskal
Herria- Eslovakia selekzioen partidua. Mobilizazio arloan ere dozenaka antolatu
ditugu.
Beraz, hamazortzi urte hauetan, aldarrikapena lau haizeetara zabaltzen saiatu
garela esan dezakegu. Eta irudipena da egun euskal gizartearen gehiengo handi
batek bat egiten duela euskal selekzioaren ofizialtasunaren aldarrikapenarekin.
Eta ez dut esan nahi, soilik ESAITi esker izan denik, baina, neurri handi
batean, ESAITek bultzatutako dinamikaren ondorio bai.
Baina, tamalez, egin dena ez da nahikoa izan ofizialtasuna lortzeko, eta,
salbuespen gutxi batzuk kenduta —besteak beste, sokatira, sega, areto futbola,
surf kaiak, body board, wushu kunfu eta borrokako beste modalitate txiki
batzuk—, berdin jarraitzen dugu, alegia, nazio gisa ofizialki aritzeko Espainia
edo Frantziarekin aritu beharrean dira euskal kirolariak. Horregatik, jarraitu
beharra dago. Eta ez soilik nazioarteari begira, baita etxe barrura ere, zazpi
herrialdeak kontuan hartuko dituen kirol egiturarik gabe gaudelako; beraz, alde
horretatik, egitura nazionalak sortzea beharrezkoa da; alegia, zazpiak bat
filosofiarekin, zatiketak alde batera utzita, elkarrekin aritzeko garaia da: Denok
osatzen dugu Euskal Herria.
«Baina hainbeste urte igaro ondoren, zertara dator orain azalpen luze hau?»,
galdetuko duzue. ESAITen apologia egiteko agian? Edo zertara bestela?
Hamazortzi urteko ibilbide luze baten azalpen nostalgikoa egiteko izan daiteke
eman daitekeen erantzun interesatua. Baina, auskalo, batek daki!
Jakin dudanez, herritarrek bultzatuta eta Jauzia
izenarekin ekimen berri bat sortu da, eta dagoeneko lehen urratsak egiten
hasiak dira, eta igandean euskal selekzioak San Mamesen jokatuko duen
partiduaren harira hainbat ekimen antolatu dituzte. Ez dago zalantzarik bidea
luzea eta neketsua izango dela, orain artekoa izan den bezala, baina ez dut
zalantzarik aurrera egiteko ilusioa eta determinazioa dagoen bitartean bidea
egitea badagoela, argi baitut euskal selekzioaren ofizialtasuna neurri handi
batean gure esku dagoela, herriaren esku. Beraz, ongi etorri, eta zorte on!
Hori bai, guztion babesa beharko dela uste dut, nazioartean eta batik bat
Espainia eta Frantziako agintariek euskal selekzioaren ofizialtasuna onartzeko
jarritako estrabea edo listoia oso goian dagoelako, alegia, lortzeko jauzi
handia egin beharko delako. Ea ba 2007ko abenduan Euskal Herria-Katalunia
partiduaren harira eman zen irudi jendetsu eta koloretsu hura berriro
abenduaren 28an Bilboko karriketan errepikatzeko aukera izaten dugun. Ea ba
hitz ponpoxo eta potolotik ekintzetara pasatzeko jauzia egiten dugun. Beraz,
adiorik ez, eskerrik asko baino ez.
Ez dut zalantzarik aurrera
egiteko ilusioa eta determinazioa dagoen bitartean bidea egitea badagoela, argi
baitut euskal selekzioaren ofizialtasuna neurri handi batean gure esku dagoela,
herritarren esku.
http://www.berria.eus/paperekoa/1832/016/003/2014-12-27/adiorik_ez_eskerrik_asko_baino_ez.htm