
Xakea
Abadiño Xake Taldeak lasai bisitatuko du Gros liderra
Abadiño. 2007ko otsailaren 15a, 13:47
Etxeko lanak behar den moduan eginda,
zapatuan, liderrari punturen bat urratzen saiatuko da Abadiño Xake
Taldea kanpoan. Joan zen astean, Oberena azken sailkatua mendean hartu zuen
Matienan (3-1), eta mailari eusteko helburu bakar eta zailean bide onetik doaz.
Puntuak batzea beti ondo datorren artean, Abadiñok ez du premia
larririk. Horrek, lehiari lasaiago aurre egiten lagunduko dio.
Abadiñorantz dakarren puntu erdi bakoitza aurrerapusu bat izango da.
Gros taldea multzoko bi oilarretako bat dugu, Sestaorekin batera. Azken honen
kontra, partida galduagatik, Abadiñok puntu eta erdi erdietsi zuen;
lorpen bikaina Sestaoko taldeko jokalarien jokalarien maila kontuan hartuta.
Beraz, abadiñarrak sasoiko daude, eta beraien aukeretan sinestuz gero,
posible da Donostiatik uzta polita ekartzea.
Orain, Abadiñoko taldea laugarren dago 10,5 punturekin. Hurrengo hiru
taldeak puntu eta erdiren barruan daude, baina azken hiruekiko abantaila polita
du. Rey Ardid puntu bira du, Oberena laura eta Easo lau eta erdira.