
Asteartea, 2007ko martxoak 13.
Gros
berriz garaile Euskal Ligan.
Sestaok lan
bikaina egin du txapelketan, baina ez du lortu donostiarren ibilbidea apurtzea.
josu tornaY.
DonostiA.
Grosek 3,5 puntu atera behar
zituen Euskal Ligako Ohorezko mailako azken txandan garaipena ziurtatzeko.
Emaitza horrekin, nahiz eta Sestaok 4-0 irabazi, donostiarrak txapeldunak
izango ziren. Asmo horrekin talde sendoa prestatu zuen Grosek larunbatean
Errenterian (Gipuzkoa): Christian Bauer
frantziarra, Hicham Hamdouchi
marokoarra, Glen Flear
ingelesa eta Alberto Andres espainiarra. Asmoa laugarren taulan Cifuentesek jokatzea zen, baina txiletarra gaixotu egin
zen, eta Andresekin osatu zuten taldea. Taldeko euskal jokalariek, Iņigo
Argandoņak eta Santi Gonzalezek, atseden hartu zuten.
Errenteriako Sustapen-Beraunen aurka jokatu zuten
donostiarrek, eta Bauerrek, Flearek
eta Andresek irabazi egin zuten. Hamdouchik, aldiz,
galdu egin zuen, Juan Benito Imaz errenteriarraren
kontra.
Sestao ez zen 4-0 lortzeko gai
izan. Iruņeko Oberenaren kontra jokatu zuten
bizkaitarrek. Nafarrak jaisteko postuetan zeuden, eta emaitza bikaina, ia
ezinezkoa, behar zuten mailari eusteko. Sestao Naturgas
taldea Mario Gomez santurtziarrak, Fermin Gonzalez katalanak, Carlos Varas txiletarrak eta
Sergio Trigo sestaoarrak bete zuten. Printzipioz, Oberena baino talde sendoagoa zen Sestao, posible ikusten
zen lau partidak irabaztea. Baina Miguel Navarrok Gomez maisu handia gainditu zuen eta Borja Zamarbidek Gonzalezi
irabazi zion. Varasek eta Trigok
euren partidak irabazi zituzten, eta bina amaitu zen nafarren eta bizkaitarren
arteko lehia.
Hala ere, liga zirraragarri
honetan interesa ez da bakarrik goiko postuetan egon. Jaitsiera saihesteko ere
borroka egon da beste lehia batzuetan. Alde batetik, Abadiņok eta
Aretxabaletako Arlutzek erraz lortu zuten helburua,
2-2 berdinduz. Emaitza horrekin bi taldeok ia erabat ziurtatu zuten beste
urtebetez Ohorezko Mailan jokatzea. Easok, berriz,
lehia zaila zeukan Pasai Donibaneko Batallaren
kontra. Donostiarrak jaitsiera postuetan zeuden, eta garaipenaz gain, Sustapen-Beraunen hondamena behar zuten. Helburua
lortu zuten, 1-3 irabazi baitzuten eta Sustapen-Beraunek galdu egin baitzuen. Bilboko Rey
Ardidek eta Iruņeko Orvinak
2-2 berdindu zuten. Emaitza horrekin Bilboko alde zaharreko talde historikoa
jaitsi egin da.
Azken urteetan Grosek Euskal
Liga erraz irabazi du, baina aurten oso lehia interesgarria izan da. Sestao Naturgasek osatutako taldeak torneo polita egin du, eta
bertako jokalariek ere euren tokia izan dute hasierako laukotean. Hain zuzen
ere, Sestaok Gros gainditu zuen lehen txandan, eta hortik aurrera alde txikiak
izan dira sailkapenean. Azkenean, Grosek irabazi du berriro, eta Sestao eta Batalla Espainiako Lehen Mailako Txapelketa jokatzeko
sailkatu dira. Bestalde, mailako bi talde historikok, Sustapen-Beraunek
eta Rey Ardidek, maila
galdu dute, Iruņeko Oberenarekin batera.
LEHEN MAILAN,
ZURI-BALTZA NAGUSI. Euskal Ligako Lehen Mailan
berdinketa handia egoten da urtero. Aurten ere azken sailkatuak gai izan dira
goikoak gainditzeko, eta mota guztietako emaitzak ikusi izan dira. Bilboko Zuri-Baltza izan da txapelduna, eta
Ohorezko Mailara igotzea lortu du, Gasteizko San Viator
eta Arabako Subijanako Ruta
de Europarekin batera. Azken txandan igotzeko postuak ia erabakita zeuden. Ruta de Europak erraz eta bizkor lortu zuen Barakaldoko
taldearekin igoera ziurtatzea (2-2) eta San Viatorrek
astindua eman zion Sustapen-Beraun B-ri (0,5-3,5). Zuri Baltzak bina berdindu zuen
Gros B taldearekin.
Bestalde, jaitsiera saihesteko
lehia benetan gogorra izan da. Sustapen-Beraun B-k maila galdua zuen azken jardunaldia jokatu aurretik,
baita Rey Ardid B-k ere (Rey Ardid A taldea azkena zen
Ohorezko Mailan). Jaitsierako beste bi postuak Gasteizko Egidazuren,
Arrasate-San Andresen eta Barakaldoren artean egon behar ziren. Barakaldok bina
berdindu ondoren, Egidazuk eta Arrasatek emaitza
potoloak behar zituzten euren arteko lehian (Egidazuk
3-1 eta Arrasatek 0-4). Lau partidak luzeak izan ziren, eta bi taldeetako
jokalariek arriskatu egin zuten garaipena lortzeko. 1,5-2,5 irabazi zuen
Arrasatek, baina emaitza ez zen ona izan ez batentzat ez bestearentzat, eta
biak, Sustapen-Beraunekin
batera, Preferente Mailan ariko dira datorren urtean.
############
SaiLKaPenA.
OHOREZKO
MAILA.
1. Gros 28,5 puntu.
2. Sestao 26,5 puntu.
3. Batalla 19,5 puntu.
4. Orvina 19,5 puntu.
5. Arlutz 16,5 puntu.
6. Abadiņo 15,5 puntu.
7. Sustapen-Beraun 14 puntu.
8. Easo 14 puntu.
9. Oberena 13 puntu.
10. Rey Ardid 13 puntu.
############
Š berria.info