berria.info

Asteartea, 2007ko apirilak 10.

Xake jokalaririk onenen txanda.

Gaur hasiko da, Zornotzan, Euskadiko Txapelketa; Mario Gomez da txapela lortzeko faborito nagusia.

josu tornaY.

DonostiA.

Hogeita lau jokalari ariko dira gaurtik igandera Zornotzan (Bizkaia), Euskadiko Xake Txapelketan. Lehen sei partidak 16:00etan jokatuko dira, eta azken txanda igandean izango da, 10:00etan. Jokalari batzuk euren eskualdeetako txapelketetan sailkatu dira, eta beste batzuk, eloaren sailkapenagatik. Bizkaiko zortzi jokalari ariko dira, Gipuzkoako sei, Arabakobeste sei eta Nafarroako lau. Aurten maila ona izango da torneoan. Mario Gomez izango da maisu handi bakarra. Iñigo Argandoña eta Santiago Gonzalez nazioarteko maisuak ere izango dira, baita hiru FIDE maisu ere: Mikel Huerga, Miguel Navarro eta Carlos Varas.

Iaz Mario Gomez nagusitu zen. Azken txandan Santi Gonzalez gainditu zuen, eta bere zortzigarren txapela jantzi zuen. Alberto Andres nazioarteko maisua bigarren izan zen, eta Huerga gaztea (16 urte) hirugarren.

Aurten torneoko faborito nagusia da berriro Gomez. Santurtziarra da euskal jokalari onena. Berak irabazi du inork baino gehiagotan Euskadiko txapela: zortzi aldiz, 1988an lehena. Bestalde, jokalari gazteak dagoeneko prest daude lekukoa hartzeko. Santiago Gonzalez bilbotarrak behin lortu du txapela, 2004an. Iñigo Argandoña donostiarrak oraindik ez du titulua lortu, baina aurtengoa bere urtea izan daiteke. Navarro eta Huerga nafarrek ere badituzte aukerak. Navarrok bere maila behin baino gehiago erakutsi du, eta zerrendan bere aurrean dagoen edonor gaindi dezake. Huerga, berriz, azken urteetako ibilbiderik liluragarriena egin du euskal xakean. Urte gutxitan 2.300eko maila gainditu du, eta FIDE maisuko titulua lortu. Inork ez daki nafar gaztea noraino iritsiko den, baina torneoan ezustekoa emateko gaitasuna soberan du. Beste batzuk ere saiatuko dira torneo ona egiten: Carlos Varas, Cristobal Limeres, Miguel Rada, Yeray Galtzagorri, Jakob Aabling, J.J. Mindegia, L. J. Arias, Txus Agirretxe... Maila altuko torneoa izango da, eta zerrendako gehienek dute aukeraren bat lehenen artean egoteko. Aurtengo txapelketan txiletar batek -Varasek- eta danimarkar batek ere -Aablingek- parte hartuko dute. Varas Bilbon bizi da aspalditik, eta Aabling urtebete darama Donostian bizitzen.

© berria.info