berria.info

Asteartea, 2007ko apirilak 17.

Miguel Navarrok irabazi du txapela.

Iruindarra nagusitu da Euskadiko Xake Txapelketan, azken txandan Gomez maisu handia gaindituta.

josu tornaY.

DonostiA.

Euskadiko 21. Xake Txapelketa jokatu da hilaren 10etik 15era Zornotzako Kultur Etxean (Bizkaia). 22 jokalari aritu dira nor baino nor. Bi gauza azpimarra daitezke. Batetik, izan den maila ona eta, bestetik, batez besteko adina beste urteetan baino apalagoa izan dela. Bizkaitik zazpi jokalari izan dira Zornotzan, Gipuzkoatik sei, Arabatik bost eta Nafarroatik lau. Faborito nagusia, beste urte batzuetan bezala, Mario Gomez maisu handia zen. Santurtziarrak zortzi aldiz irabazi du Euskadiko Txapelketa, azken biak jarraian, eta torneoko nazioarteko puntuaziorik altuena zuen. Hala ere, jokalari gazteek gero eta aukera handiagoak izan ohi dituzte Euskadiko Txapelketan. Duela hiru urte Santiago Gonzalez bilbotarrak irabazi zuen txapela, 22 urterekin. Iaz Gomezek lortu zuen berriz txapela janztea, baina aurten Gonzalezek, Iņigo Argandoņak eta Miguel Navarrok, 25 urtekoak hirurak, askoz joko helduagoa daukatela erakutsi dute behin baino gehiagotan. Adibidez, Euskal Ligako azken txandan Navarro iruindarrak Mario Gomez gainditu zuen Sestao Naturgasen eta Iruņeko Oberenaren arteko lehian. Bestalde, Mikel Huerga nafar gaztea (16 urte) gorantz doa ziztu bizian, eta Euskadiko Txapelketarako jada, 2.344 punturekin eta FIDE maisuko tituluarekin, faboritoen artean zegoen.

Torneoan berdintasun handia izan da hasieratik. Mario Gomezek zortea izan zuen bigarren eta hirugarren partidetan. Bigarrenean Donostian bizi den Jan Aabling-Thomsen danimarkarrak santurtziarra gainditzeko aukera argia izan zuen, baina posizio konplikatu batean akats larria egin zuen. Hirugarrenean Gonzalezek ere Marioren kontra partida ia-ia irabazita zeukan, baina huts ulertezina eginda puntu osoa galdu zuen. Laugarrenean oso partida interesgarria jokatu zuten Gomezek eta Huergak, baina azken finean berdinketa izan zen. Horiek horrela, bosgarren txanda ailegatu zenean bazirudien Gomezek torneoa nahiko bideratuta zeukala. Hurrengo bi partidetan, ordea, berdindu egin zuen, Cristobal Limeresen eta Argandoņaren aurka. Zazpigarren partidan, Navarro irundarraren kontra, santurtziarrak nahikoa zeukan berdintzea, baina irabaztera irten zen. Ondo hasi zuen partida, serio, hutsik egin gabe. Hala ere, denbora gutxi erlojuan izanda, erabaki zalantzagarria hartu zuen, eta bere gaztelua jokotik kanpo geratu zen apur bat. Navarrok oso ondo aprobetxatu zuen hori, eta partida irabazteko bidea topatu zuen.

Navarroren ibilbidea irregularragoa izan da. Lehen partida irabazi zuen, eta bigarrena eta hirugarrena berdindu. Laugarrenean berriro irabazi zuen, Iņigo Martinen kontra. Bosgarrenean, ordea, galdu egin zuen, Santi Gonzálezen kontra. Torneoa bukatzeko bi txanda falta ziren, eta txapela janzteko aukera gutxi zituen. Baina azken bi partidetan Juan Jesus Mindegia nafarra eta Gomez faborito nagusia gainditu zituen. Azkenean, bost punturekin berdinduta geratu dira Navarro, Gonzalez eta Limeres gernikarra. Berdinketa hausteko sistemak eman zion garaipena Navarrori. Unai Garbisu izan zen Euskadiko Txapelketa irabazi zuen azken jokalari nafarra.

Gonzalezek, Limeresek eta Argandoņak ere oso torneo ona egin dute. Limeres eta Argandoņa torneoa partida bat ere galdu barik bukatu duten bakarrak izan dira. Baina torneoko benetako ezustekoa Huergak eman du. Nafar gazteak bere eskuetan izan zuen Euskadiko txapeldun gazteena izateko aukera. Nahiko partida ona jokatu zuen Limeresen kontra eta irabazteko eta txapela janzteko aukerak izan zituen azken txandan. Baina denbora gutxi geratzen zenean hasiberrien akatsa egin zuen eta Limeresek ez zuen barkatu.

18 urtez azpiko Euskadiko Txapelketan ezustekoak izan dira nagusi. Torneoko faboritoa Sergio Trigo zen. Sestaokoak Elo altuena zuen, alde handiarekin. Ander Zulaika zarauztarra ere ageri zen txapela irabazteko hautagaien artean, nahiko elo altua eta esperientzia baitauka. Baina, azkenean, Alvaro Diazek irabazi zuen txapela, Trigo bigarren izan zen, Asier Lakunza hirugarren eta Zulaika laugarren. 14 urtez azpiko Euskadiko Txapelketan ere ez zuen faboritoak irabazi. Mikel Sanz izan zen txapelduna eta Diego Olmo txapeldunordea.

############

saILKaPenA.

EUSKADIKO TXAPELKETA.

1. Miguel Navarro 5 puntu.

2. Santi Gonzalez 5 puntu.

3. Cristobal Limeres 5 puntu.

4. Mario Gomez 4’5 puntu.

5. Mikel Huerga 4’5 puntu.

6. Iņigo Argandoņa 4’5 puntu.

7. Alvaro Perez 4’5 puntu.

8. Juan Jesus Mindegia 4 puntu.

9. Iņigo Martin 4 puntu.

10. Jakob Aabling 3’5 puntu.

############

Š berria.info