
Igandea, 2007ko apirilak 22.
«Erokeria da xaketik bizi nahi izatea».
miguel navarro FIDE maisua eta aurtengo
Euskadiko txapelduna.
Euskadiko
Txapelketa irabazi berri du lehen aldiz. Argi du beretzat xakea «zaletasuna»
besterik ez dela.
JOSU TORNAY.
DonostiA.

LANDER F.
ARROIABE/ARGAZKI PRESS.
Ia astebete joan da Miguel
Navarrok Euskadiko Txapelketa irabazi zuenetik (Iruñea, 1982). Oraindik,
hala ere, zorionak jasotzen segitzen du. Pozik dago, eta harro, ez zuelako
espero maila handiko aurkariekin lehian txapela lortzea.
Hasi aurretik
txapela lortzeko itxaropena zenuen?
Ez. Denbora dezente jokatu barik
neraman, eta ez nengoen sasoiko. Hala ere, banekien zazpi txanda jokatuta agian
ez zela hainbeste igarriko nire sasoi eskasa.
Ez zenuen
ondo hasi txapelketa.
Ez. Egia esan, nahiz eta azken
bi partidak irabazi, Mario Gomez barne, ez nuen ere pentsatzen txapelduna
izango nintzela berdinketa hausteko sistemari esker. Uste nuen Santi Gonzalezek
irabaziko zuela, agian beti bere jakintza zabala mirestu izan dudalako, eta
lagun handia dudalako.
Asko hitz
egin da erritmo berriari buruz. Zein neurritan dauka eragina zure ustez?
Nik beti erritmo geldoagoak
nahiago izan ditut, xakea gustatzen zaidalako. Asko gozatzen dut posizioak
aztertzen. Baina egungo erritmoekin partida asko loteria bat bihurtzen dira,
eta azken segundoetako akats potoloekin erabakitzen dira.
Mario Gomez
faborito nagusia zen, eta, azkenean, ez da lehen hiru sailkatuen artean geratu.
Uste duzu larregi arriskatu zuela partida batzuetan?
Bakoitzak bere tankera dauka,
eta Mariok partida guztiak borrokatu ditu, nahiz eta asko arriskatu. Bere
jokatzeko era da, besterik ez.
Mikel Huerga gazte
nafarrak garapen azkarra izan du. Noraino irits daiteke?
Ni nahiko zorrotza naiz
berarekin. Nire ustez erokeria da xaketik bizi nahi izatea. Horregatik ez zait
zuzena iruditzen berak ikasketak alde batera uztea. Baina bakoitzak bere
erabakiak hartzen ditu. Daukan zaletasuna eta ematen duen denborarekin segur
aski urte eta erdi barru nazioarteko maisua izango da. Baina maisu handiaren
titulua oraindik urrun ikusten dut berarentzat. Euskadiko Txapelketa, berriz,
edozein urtetan lor dezake. Baina datorren urterako faboritoak berriro Mario
Gomez eta Santi Gonzalez izango dira. Besteok urrats bat atzerago gaude, hori
argi dut.
Zelan ikusten
dituzu belaunaldi berriak Euskal Herrian?
Jokalari gazte onak daude, baina
Felix Izeta, Mario Gomez, Txelu Fernandez eta beste batzuen lekukoa hartzea oso
zaila izango da, ia ezinezkoa. Eurek xakera dedikatzeko aukera izan zuten.
Aldiz, egungo gazteentzat zaletasuna baino gehiago ezin da izan.
Eta Nafarroan
zer-nolako maila dago?
Nafarroan belaunaldi berriek
dagoeneko hartu dugu lekukoa. Unai Garbisu lehen nazioarteko maisu nafarra da.
Gero Mikel Huerga eta ni gaude, nazioarteko maisuko norma batekin. Miguel Rada
ere gertu dabil. Azken urteotan Nafarroako maila jende gazteari esker igo da.
Zelan hasi zinen
xakean, eta zeintzuk izan dira zure garaipen garrantzitsuenak?
OHOko hirugarren mailan hasi
nintzen. Amak anaia bikia eta biok apuntatu gintuen judoan eta xakean. Torneoei
buruz, oroitzapen onena utzi didatenak honakoak izan dira: 18 urtez azpiko Espainiako
Txapelketa, bigarren izan nintzelako; Iruñea Hiria torneo irekia, beti
emaitza onak lortu ditudalako; Bosgarren Arrasate Hiria, irabazi dudan erritmo
normaleko lehen torneo irekia delako, bakarra da ere; Puente Foral Nazioarteko
Lehen torneoa, nire lehen nazioarteko maisuko norma lortu nuelako.
Profesionalki
xakera ez dedikatzea aukeratu duzu. Sekula ez duzu zalantzarik izan?
Ez da gutxiagorik ere. Beti
garbi izan dut xakea nire zaletasuna izan behar dela. Pozik nago egin dudan
bidearekin. Telekomunikazio Ingeniaritza ikasi dut, eta orain doktoregoarekin
nabil, xakea bazter batean utzi barik.
Orain xakeari
eskaintzen diozun denborarekin nazioarteko maisuko titulua lor dezakezula
pentsatzen duzu?
Posible ikusten dut. Bi torneo
on egin ditzaket, eta falta zaizkidan normak egin. Baina ez diot horrelako
helbururik ezarri neure buruari. Betiko moduan jokatuko dut, hau da, ez asko
eta bakarrik oporretan. Hori bai, jokatzen dudan torneo bakoitzean ahal dudan
guztia egiten dut beti. Nire helburua ondo jokatzea eta nire jokoaz gozatzea
izango da beti.
Zeintzuk
izango dira zure hurrengo torneoak?
Cartagenan maiatzean jokatuko
den Espainiako Unibertsitate Arteko Txapelketa. Gero, uztailean, beti jokatzen
dudan Andorrako Irekia. Udan atzerrian ireki bat jokatzea gustatuko litzaidake,
seguraski Danimarkan edo Txekian. Horrez gain, nire taldearekin, Oberenarekin,
Espainiako Ohorezko Mailara igotzen saiatuko gara.
Euskal Ligan
Ohorezko Mailatik jaitsi zarete. Zer gertatu zaizue?
Gogorra da Ohorezko Mailan mantentzea,
eta talde onena ezin izan dugu osatu txanda askotan.
Ligan baten
bat Nafarroako taldeak Euskal Ligan egotearen kontra agertu da. Nafar gisa zuk
zer iritzi duzu?
Euskal Ligak partida gogorrak
jokatzeko aukera ematen digu. Nafarroan bakarrik jokatuz gero, ez genuke aukera
hori izango. Ondo ikusten dut torneotan ahal den jokalari onenak jokatzea. Ona
da denontzat.
Euskadiko
selekzioarekin jokatzea gustatuko litzaizuke?
Noski baietz. Behin jokatu nuen,
Portugalen kontra, eta oso gaizki egin nuen. Nire irudia konpontzea gustatuko
litzaidake.
©
berria.info