
Asteartea, 2007ko maiatzak 29.
|
«Makinek gizakien gisara jokatzea nahi genuen, eta gizakiek makinen gisara jokatzea lortu dugu». miguel illescas Xakelaria. Kasparov garaitu zuen 'Deep Blue' makina programatzen lagundu zuen. Duela hamar urte, IBMren 'Deep Blue' ordenagailuak Gari Kasparov xake txapelduna garaitu zuen. Miguel Illescas xakelari katalanak izan zuen errurik horretan.
|
|
asier azpilikuetA. IruńeA.
JAGOBA MANTEROLA/ARGAZKI PRESS. Miguel Illescasek (Bartzelona, 1965) Deep Blue makinaren prototipo baten aurka jokatu zuen, 1995ean. «Makina hura praka motzetan zegoen oraindik». Informatikaria denez (nahiz eta 20 urterekin utzi zuen xakean aritzeko), Deep Blueren ingeniariei aholkuak ematen ausartu zen. Eta haiekin kolaboratzen hasi zen. Horren ingurukoak esplikatu zituen Illescasek, iragan astean, Noainen (Nafarroa), CEIN erakundean emandako hitzaldian. Nola prestatu zenuten Kasparoven aurkako norgehiagoka? Kasparoven aurkako estrategiak landu genituen bereziki. Zer gogaitzen du Kasparov? Zein dira Kasparoven aurka hasteko modu onenak? Halako xake kontzeptu zailak irakatsi genizkion makinari, 0 eta 1 bidez. Eta lan horren emaitza ikusi genuen, norgehiagokaren bigarren partidan, Kasparovek erran zuenean Deep Blue-k egin zuen jokaldia oso gizatiarra zela, oso logikoa, oso ona, eta horregatik, ezinezkoa zela makina batek egin izana. Kontua da guk makinari ongi irakatsi geniola nola jokatzen duten maisu handiek. Beraz, Deep Blue Kasparoven aurkako makina zen. Bai, makinak edozein egoerari aurre egiteko programa daitezke. Areago, makinek dakiten baino okerrago jokatzea ahalbidetzen dute egungo programek, gizakiak noiz edo noiz irabaz dezan. Hori ez da oso zientifikoa, baina, lehiari dagokionez, oso eraginkorra da. Zu konbentzituta zeunden makinak irabaziko zuela. Nik beti galdu nuen Deep Blue-ren kontra, eta ekarri genituen maisu handi guztiek ere bai. Kasparov bertze maila batean zegoen, baina gogor egin genuen lan. Eta abantaila handia genuen. Guk ezagutzen genuen aurkaria, baina Kasparovek ez. Ezagutzen zuen 1996ko Deep Blue, baina ezin zuen aurreikusi urte batean izandako aurrerapena. IBMk baliabide asko jarri zituen, eta lortu zuen urtebetean makinak lau xake maila gainditzea. Oraingo makinak askoz ere azkarragoak izanen dira, ezta? Ez pentsa. Ilargira joatea bezala da. Gizakia 1969an joan zen, baina oraindik Coca-colak ez du Ilargian iragarkirik paratu. Ez baita hain erraza. Deep Blue makina egiteak baliabide asko erabiltzea eskatzen du. Programa modernoek softwarearekin bakarrik egiten dute lan. Maila handia dute, aurreko makina guztien ezagutza biltzen dutelako. Gero eta hobeak dira. Baina oraindik ere irabazten ahal zaie. Deep Blue-k erabiltzen zuen hadwarea erabiliko balute, ezinezkoa litzateke. Deep Blue-ri bertze makina batek bakarrik irabazten ahal dio? Bai. Aurten, Kramnik txapeldunak 4-2 galdu zuen, programa indartsuenetako baten aurka. Baina 4-2 ez da 6-0. Oraindik badago borrokarako tartea. Baina ahalegin oso handia egin beharko luke jokalariak. Hilabeteetako prestakuntza. Eta, noski, hori ere ordaindu behar da. Baina oraindik oreka txiki bat dago. 15-20 urte barru, ezinezkoa izanen da guztiz. Kontua ez baita bakarrik makina adimentsuagoa izatea. Makinak datu base izugarri handia du. Eta hori ez da adimen artifiziala. Datuen biltzea baizik. Makinak nire partidak izan ditzake bere biltegian, eta nire aurka jokatzen duenean, nik aplikatu izan dudana aplikatzen du makinak. Hori ez da bidezkoa. Milioika datu dira. Eta horrekin bakarrik, makina aurkari latza da. Eta, gainera, kalkulatzen oso bizkorra da. Hori da gizakien eta makinen artean dagoen ezberdintasun behinena? Ezberdintasunetako bat da. Izaera, urduritasuna, psikologia, memoria, irmotasuna... Horiek ere hartu behar dira kontuan. Adibidez, makina baten irmotasuna gaindiezina da. Makinak ez du inoiz amore ematen. Makinaren abantailei aurre egiteko, sormena erabil dezakegu. Izan ere, estrategia posizioetan, oso epe luzeko kalkuluak eskatzen duten posizioetan, gizakia makina baino gehiago da. Arazoa da makinak ere programatzen ahal direla halako posizioetan ez erortzeko. Beraz, esperantzarik gabeko borroka da. Dena dela, erran behar da adimen artifiziala oraindik urruti dagoela neuronek ematen diguten pentsamolde horretatik. Ailegatuko dira inoiz? Akaso, ordenagailu kuantikoekin. Baina makinak oraindik ez dira hitz egiteko gai ere. Arrunt gauza zaila da haiendako. Oso urrats txikiak egin dituzte bide horretan. Jarri pareta baten atzean ordenagailu bat, ordenagailua dela erran gabe, eta nik berehala asmatuko dizut ordenagailua dela. Nahikoa da galdetzea zer moduz moldatu den bere emaztearekin gaur. Hori ezin dute erantzun. Emozioek rol garrantzitsua jokatzen baitute gizakien adimenean. Eta zaila da emozioak 0 eta 1 bidez azaltzea. Pentsatzen dut askoz ere gustukoagoa dela pertsona baten aurka jokatzea, makina baten aurka jokatzea baino. Aurkariarekin duzun begietako eta ahozko komunikazioa xakearen parte da. Eta makinarekin ezinezkoa da. Gogoan dut Deep Blue-ren aurkako partidan aurrean zuen gizonari begiratzen ziola Kasparovek. Makinan datuak sartzen zituen teknikaria zen. Azkenean, begiratzeari utzi zion, teknikari horrek ez baitzuen batere interesik Kasparovendako. Makinekin entrenatzen zara zu? Egun, maisu guztiak entrenatzen dira makinekin. Jokaldiak prestatzen dituzte haiekin. Makinari agintzen ahal baitiozu gau osoa emateko jokaldi bat prestatzen. Batzuetan, makinen aurka jokatzen dugu. Baina hobe da askotan ez egitea. Oso ezberdina baita gizaki baten aurka aritzea. Gizakiaren aurka, posizio txarrean bazaude ere, jokatzen segitu behar duzu, gizakiak akatsa egin dezakeelako. Makinarekin, gaizki bazaude, hobe duzu uztea. Ez baitu akatsik eginen. Xakearen ezaugarri ederrak galtzen dira makinarekin: iruzurra, arriskua, sormena... Makinek gizakien gisara jokatzea nahi genuen, eta, azkenean, gizakiek makinen gisara jokatzea lortu dugu. Izan ere, xakelari gazteengan dena da irmotasuna, kalkulua eta praktikotasuna. Edertasuna alde batera utzi dute. Jakina, ordenagailuen aurka jokatzen hazi eta hezi dira. “Makinak ez du inoiz amore ematen, eta, gizakioi sormena bertze armarik ez zaigu gelditzen”. “Emozioek rol garrantzitsua jokatzen dute gizakien pentsamoldean, eta zaila da hori 0 eta 1 bidez azaltzea”. aazpilikueta@berria.info
|
© berria.info