
Asteazkena, 2007ko ekainak 6.
Euskal selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatuko du
ESAITek igande honetan Leitzan.
Festa eta aldarrikapena
uztartuta, Euskal Selekzioaren Aldeko Eguna egingo dute.
UNAI ZUBELDIA.
DonostiA.

ESAITek antolatuta iaz Zarautzen egin zuten Euskal Selekzioaren aldeko
VIII. Eguna; aurtengoa Leitzan egingo dute. GORKA RUBIO/ARGAZKI PRESS.
«Jaia bai, baina aldarrikapena ere bai». Hitz horiekin definitu
zuen atzo Itziar Arratibel ESAITeko lehendakariak datorren igandean Leitzan
(Nafarroa) egingo duten Euskal Selekzioaren Aldeko Eguna. «Aurten ere
egun osoko jaia eta aldarrikapen eguna izateko asmoarekin antolatu dugu».
Euskal selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzeko jaio zen ESAIT orain 11 urte.
«Ordutik, denetik egin dugu. Hala ere, ez da nahikoa izan, oraindik herri
honek ofizialki ez duelako nazioarteko txapelketa ofizialetan parte hartzeko aukerarik,
eta herri honek oraindik ez duelako lurralde zatiketaren gainetik federazio
nazionalik sortu».
Aurtengoa ESAITek jarraian
antolatzen duen euskal selekzioaren aldeko bederatzigarren eguna izango da.
Lehenengoa 1999an antolatu zuten, Oiartzunen. Ordutik, Bilbon, Tolosan,
Arbizun, Senperen, Agurainen, Algortan eta Zarautzen antolatu dituzte egunok.
Orain arte bezala, ESAITek
aurrerantzean ere lanean jarraitzeko asmoa dauka. «Hori da helburuak
lortzeko egin dezakegun apusturik onena eta zuzenena. Ekin eta ekin, elkarrekin
aurrera egin. Filosofia horrekin aritu gara orain arte lanean, eta
aurrerantzean ere horrela arituko gara». Etsipena alde batera uzteko
eskatu zuen Arratibelek atzo. «Lanean jarraitzeko garaia da. Hel
diezaiogun erronkari, egin dezagun bakoitzak gure aldetik ofizialtasuna
lortzeko eta Euskal Herriko federazio nazionalak sortzeko egin dezakeguna,
horrela lortuko baitugu aldarrikatzen ari garena, lana eginda lortuko baitugu
herri honek nahi duena».
############
EGITarauA.
10:30. Ikurrinaren igoera.
11:00. Ekitaldia.
11:30. Haurrentzako puzgarriak (egun guztian) eta herri
kirolak; Leitza, Idiazabal, Oiartzun eta Sarako herrien arteko lehia.
12:30. Xakea, partida azkarra, Mikel Zubiaren aurka,
parte-hartze irekia.
13:00. Pilota partidak.
14:30. Herri bazkaria: zikiro jatea.
16:30. Zakurren erakustaldia.
17:30. Leitzako pilota eskolako pilotarien partidak.
19:00. Jaialdia amaitzeko musika.
Egun guztian. Batukada taldea herrian zehar.
############
©
berria.info