ESAIT
IX. Euskal Selekzioaren Eguna.
«Ekin eta ekin, elkarrekin aurrera egin!» izango da
aldarrikapen honen bederatzigarren ekitaldiaren leloa.
GARA | DONOSTIA.
Donostiako Koldo Mitxelena liburutegian prentsaurrekoa eman zuen atzo
goizean Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeak igande honetan, ekainaren
10ean, Leitzan ospatuko den «IX. Euskal Selekzioaren Eguna» aurkezteko.
Aurtengo hau, ESAITek jarraian antolatzen duen bederatzigarren edizioa
izango da, Nafarroan izango den bigarrena. Aurrenekoa, 1999ko urtean, Oiartzunen
izan zen, bigarrena Bilbon, hirugarrena Tolosan, laugarrena Arbizun, bosgarrena
Senperen, seigarrena Agurainen, zazpigarrena Algortan eta iazkoa, Zarautzen.
Bertan izan ziren hiru kideek, Mikel Urkiolak, iritzi taldeko presidente
Itziar Arratibelek eta ESAITen Leitzako kolaboratzaile Igor Aldaiak egun berezi
horretarako manifestua irakurri zuten eta igandeko ekitaldia ospatzeko
arrazoiak argudiatu zituzten.
«Orain arteko euskal selekzioaren egunak izan diren bezala aurtengo hau
ere, egun osoko jaia eta aldarrikapen eguna izateko asmoarekin antolatu dugu.
Jaia bai, baita aldarrikapena ere. Hain zuzen, herri honek bere selekzio
ofizialak lortu arte, inoiz baino zentzu gehiago duelako ofizialtasuna
aldarrikatzen jarraitzeak, helburu horiekin jaio baitzen ESAIT orain dela
hamaika urte».
«Hamaika urte hauetan denetarik egin dugu euskal selekzioaren aldeko
aldarrikapena lau haizetara zabaltzeko helburuarekin: Mahai inguruak antolatu,
hitzaldiak eta prentsaurrekoak eman, hainbat ekimen prestatu... Hala ere ez da
nahikoa izan, oraindik herri honek ofizialki ez duelako nazioarteko txapelketa
ofizialetan parte hartzeko aukerarik eta oraindik, herri honek ezin duelako
lurralde zatiketaren gainetik, federazio nazionalik sortzea lortu. Horiek dira
ESAITek dituen helburu nagusiak», adierazi zuten.
Leloa eta egitaraua.
Leitzan ospatuko den euskal selekzioaren egunerako aukeraturiko leloa,
berriz, «Ekin eta ekin, elkarrekin aurrera egin!» izango da, eta hala, jaiari
aldarrikapen kutsua itsatsi nahi zaio.
«Jaialdia igande goizeko 10.30etik aurrera hasiko da», esan zuen Itziar
Arratibelek. «Egun osoan banatutako ekitaldiak izango dira kirola eta
parte-hartzea sustatzeko Leitzara hurbilduko diren guztien artean».
«Lehenengo eta behin ikurrinaren igoera gauzatuko da eta agurra izango da
gero Udalaren aldetik. ESAITeko kideek beren aldarrikapena egingo dute ostean
eta handik aurrera, arratsaldeko 20.00ak ingurura arte hainbat kirol ekintza
praktikatzeko zein ikusteko parada izango da», adierazi zuen.
Ohiko moduan, kirol eskaintza zabala izango da, eta betiere aurreko
ekitaldiekiko barietatea bilatuko da. Hala, besteren artean, pilota eskuz eta
palaz, xakea, herri kirolak eta haurrentzat gunea puzgarriekin izango dira
animatzen den jendeak parte hartu eta gozatu dezan.
Txakur erakustaldia.
Bestalde, aurtengo ekitaldian nobedade nagusi bat izango da: Kirolen
alorrean ibili ohi diren arraza ezberdinetako txakurren erakustaldia izango da.
Amaitzeko, aldiz, iganderako Leitzatik agertzeko gonbidapena egin zuten
ESAITeko kideek. «Zalantzarik gabe erronka potoloa da bai, baina badakigu ere
merezi duen erronka dela. Beraz, orain arte egin dugun bezala, hemendik aurrera
ere lanean jarraitzeko asmoa dugu. Hori baita zalantzarik gabe, aipatu
helburuak lortzeko egin dezakegun apusturik onena».
«Ekin eta ekin, elkarrekin aurrera egin. Eta filosofia horrekin aritu gara
eta aurrerantzean arituko gara. Beraz, etsipena alde batera utzi eta lanean
jarraitzeko garaia da. Heldu diezaiogun erronkari, egin dezagun ofizialtasuna
lortzeko eta Euskal Herriko federazio nazionalak sortzeko», amaitu zuten.