|
|
|
|
Astelehena, 2007ko ekainaren 11n.
Euskal
Selekzioaren aldeko eguna, Leitzan.
euskal
herriko federazio ofizialaren aldeko aldarrikapen ugari izan zen festan.
Selekzioaren aldeko iritzi taldeak,
Udalbiltzak eta Leitzako Udalak bultzatu zuten atzoko jaialdi jendetsua.
elene
arrazola.
Euskal selekzioaren bandera, Nafarroako
bandera eta ikurrinari aurreskua eskaini zieten dantzariek. argazkia: e. a. s.
leitza. Atzokoa Euskal Selekzioaren aldeko bederatzigarren edizioa izan zen. Goiz
goizetik hasita, Euskal Herri osotik etorritako ehunka lagun bildu ziren
Leitzako plazan federazioaren ofizialtasunaren aldeko ekintzetan parte hartzen.
Jaialdia ESAIT edota Euskal Selekzioaren aldeko iritzi taldeak, Udalbiltzak eta
Leitzako Udalak antolatu zuten "Ekin eta ekin elkarrekin aurrera
egin" lemapean eta arrakasta handia izan zuen deialdiak. Izan ere, euria
eta lainoak izan ziren eguneko protagonistak, baina, hala ere, jende ugari
inguratu zen plazara.
Iturengo joaldunek
eman zioten hasiera ospakizunari 11.00ak aldean eta ondoren Leitzako bi
dantzari gazteei eman zieten erreleboa. Hauek momentu hunkigarri bat
protagonizatu zuten Euskal Selekzioaren bandera, Nafarroako bandera eta
ikurrina eusten zituzten lau gaztetxoei aurreskua dantzatu zietenean. Txalo
ugari izan zen amaieran eta segidan, hitza hartu zuten antolatzaileen bozaramaileek.
ESAITeko
lehendakaria den Itziar Arratibel izan zen lehena eta selekzioaren garrantziaz
mintzatu zen bere hizketaldian. Arratibelek herriaren nahia aurrera aterako
dela aurreratu zuen. "Euskal Selekzio ofiziala lortuko dugu noiz hala
noiz, gizartearen desioa da eta horren aurka ezin da ezer ere egin",
adierazi zuen. Leitzako hauteskundetan garailea izan den Jabier Zabalo izan zen
hurrengoa eta Leitzako Udalak helburu beraren atzetik jarraitu duela aurreratu
zuen. Gainera, selekzioaren alde lan egiten ari diren lagunen aldeko txaloak
eskatu zituen. Azkenik, Udalbiltzako kirol arduraduna den Joan Manuel Erasunek
hartu zuen hitza eta honek "munduan zehar gure nazioa selekzioaren bidez
zabalduko dugula" esan zuen.
ekitaldiz jositako eguna. Luzea izan zen atzoko jaialdia. Izan ere, aukera
guzietako ekitaldiez gozatu ahal izan zuten bertara inguratu zirenek. Eguerdi
aldean, esate baterako, herri kirol saioa izan zen plazan eta bertan Gipuzkoa,
Nafarroa eta Lapurditik etorritako hogeiren bat gazte lehiatu ziren trontzak
mozten, txingak garraiatzen eta lokotxak biltzen. Bien bitartean, txalaparta
jotzaileak, txistulariak, trikitilariak, talogileak eta bertsolariak izan ziren
kaleko giroa alaitzearen arduradunak. Ondoren, gainera, xake eta pala partiduak
izan ziren herriko plazan. Nahi izan zuten guziek, gainera, Mikel Zubia xake
jokalariaren aurka aritu ahal izan zuten. 14.30ak aldean, berriz, bazkari
herrikoia izan zen eta bertan zikiro jatea egin zuten bildu ziren lagunek.
Arratsalderako ere
antolatu ziren hamaika ekitaldi. Txakur erakusketa, pilota partiduak, musika
eta umeentzako puzgarriak izan ziren, besteak beste.