Ekin eta ekin, elkarrekin, aurrera egin. Euskal Selekzioaren egunaren
bederatzigarren edizioko antolatzaileek lelo hori bere egin eta ofizialtasuna
lortzeko bidean aurrera egiteko konpromisoa berretsi zuten atzo Leitzan. Jaiak
eta aldarrikapenak bat egin zuten, baita borondate politiko ezaren salaketa ere
bai.
«Borondate politikoa egonez gero, herri honek selekzio ofizialak izango
lituzke». Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeko (ESAIT) presidente Itziar
Arratibelek horixe nabarmendu zuen atzo Leitzan, Euskal Selekzioen Egunaren
irekierako ekitaldian.
«Euskal selekzio ofiziala orain» eta «Ekin eta ekin, elkarrekin, aurrera
egin» leloa zuten pankarten itzalean, Arratibelek adierazi zuen bederatzigarren
urtez jarraian antolatutako festa ez dela jai soila. «Orain arteko euskal
selekzioaren egunak bezala, egun osoko jaia eta aldarrikapen eguna izateko
asmoarekin antolatu dugu aurtengoa ere bai. Jaia bai, baita aldarrikapena ere»,
esan zuen, eta Euskal Herriak selekzio ofizialak lortu arte aldarrikapen hori
lau haizetara zabaltzen jarraituko dutela aurreratu zuen.
«Orain arte egin ditugun urratsak ez dira gutxi izan, baina tamalez ez dira
nahikoak suertatu. Izan ere, oraindik ere herri honek ofizialki ez baitu
nazioarteko txapelketa ofizialetan parte hartzeko aukerarik izan eta oraindik
ere, lurralde zatiketaren gainetik, ez baitu federazio nazionalik sortzea
lortu», azaldu zuen Arratibelek.
ESAITeko presidenteaz gain, oholtza gainera Udalbiltzako kirol arduradun
eta Leitzako ezker abertzaleko zerrenda burua -EAE-ANV alderdi bozkatuena izan
zen Leitzan joan den hauteskundeetan- igo ziren. «Udalbiltzak, Euskal Herriko
lehen erakunde nazionala izanik, ESAITi babesa ematen jarraituko du», adierazi
zuen lehenak. Xabier Zabalok, datozen egunetan Leitzako alkate kargua
eskuratuko duenak, ordea, ezker abertzaleak euskal selekzioa bultzatzeko
konpromisoa berresten duela nabarmendu zuen.
Ikurrinaren igoera.
Agerraldien txanda baino lehen, zanpantzarrak plazan sartzearekin batera,
euskal selekzioen aldeko jaia abian jarri zen 11.30ak aldera. Txalaparta
doinuen ostean, ikurrinaren igoerari ekin zioten Udalaren aurrean. Bi dantzarik
agurra dantzatu zuten ondoren, plazan bildutakoen begiradapean.
Irekierako ekitaldia eta gero, jardunaldirako antolatutako ekimenei eman
zieten hasiera. Mikel Zubia xake jokalaria izan zen arreta bereganatu zuen
lehena. Bederatzi partida aldi berean jokatu behar izan zituen une batean,
berarekin lehiatzera ausartu ziren haur eta helduen aurka. Zenbait haurri
erregina oparitu zien partidei emozioa emateko eta beste batzuekin tablak
sinatu zituen. Zubiak, aldiz, ez ustea jaso zuen haurra besoetan zuen gizon
batekin. «Defentsa frantses bat egin dit, eta konturatzerako partida galdua
nuen», esplikatu zuen irribarrea ezpainetan zuela.
Xake partidetatik oso gertu, Leitzan bildutakoek Udaleko arkupetan
jarritako postuetan taloak jateko edo euskal selekzioen aldeko aldarrikapena
soinean zuten kamisetak eta arropa erosteko aukera izan zuten. Erosketaren bat
egin edo trago bat hartzen zuten bitartean, gurasoek aukera bazeukaten haurrak
puzgarrietan jolasean edo plazan antolatutako ekimenak ikusten uzteko.
Euskal kirolak, ikusgai.
Hala, pilota eta euskal kirolak ikusgai izan ziren goiz osoan. Sokatira eta
trontzalariak, besteren artean. Era berean, bazkaria egin zuten eta
arratsaldean txakur erakustaldia antolatu zuten, trikitiaz eta batukadaz
girotuta. Xirimiria agertu zen goizean, baina gero, euskal selekzioen aldeko
bazkarian parte hartzeko edo, indartsu bota zuen.
Euriak euri, Euskal Selezioaren Eguna arrakastaz ospatu zuten, jardunaldia
aurrera joan ahala, jende gehiago hurbildu baitzen. Denak xede berarekin:
ofizialtasuna aldarrikatzeko.
Horiek hala, ESAITek antolatutako jai horren bederatzigarren edizioa
itzaltzen joan zen pixkanaka-pixkanaka. Leitzakoa Nafarroan izandako bigarren
festa izan zen. Aurrenekoa, 1999. urtean hain zuzen ere, Oiartzunen izan zen;
bigarrena, Bilbon; hirugarrena, Tolosan; laugarrena, Arbizun; bostgarrena,
Senperen; seigarrena, Agurainen; zazpigarrena, Algortan; eta iazkoa, Zarautzen.
Aritz SORZABAL.
ERAKUNDEEN
ARDURA.
ESAITeko lagunek argi utzi zuten erakundeek ardura zuzena dutela
selekzioaren ofizialtasuna lortzeko bidean. «Borondate politikoa egonez gero,
herri honek selekzio ofizialak izango lituzke», nabarmendu zuen Itziar
Arratibelek.
BEDERATZIGARRENA.
Euskal Selekzioaren Egunaren bederatzigarren edizioa izan zen Leitzakoa,
Nafarroan izandako bigarrena. Aurretik, Oiartzunen -lehenengoa, 1999. urtean-,
Bilbon, Tolosan, Arbizun, Senperen, Agurainen, Algortan eta Zarautzen antolatu
zituzten.
KONPROMISOA
BERRETSI.
Udalbiltzak eta ezker abertzaleak, erakunde nazionaleko kirol arduradunaren
eta Leitzako alkategaiaren izenean, ESAITi babesa ematen jarraituko dutela eta
helburua lortzeko lan egiteko prest daudela berretsi zuten.
HAMAIKA URTE.
ESAIT duela hamaika urte sortu zuten, Euskal Herriak selekzio propioa izan
dezan helburuarekin. Orduz geroztik, atzoko jaien gisakoez gain, mahai
inguruak, hitzaldiak eta prentsaurrekoak egin dituzte ofizialtasuna
aldarrikatzeko.