berria.info

Larunbata, 2007ko ekainak 30.

ESAITen zazpigarren mendi martxa.

erredakzioA.

DonostiA.

Mendi martxa antolatu du, zazpigarrenez, ESAITek. Uztailaren 28an hasi eta abuztuaren 4an amaituko da, eta Kalean nahiz mendian erabili EHNA izango da aurtengo mendi martxaren leloa. Parte-hartzaileek Balmasedatik Gernikarako bidea egingo dute, zortzi etapatan.

Egunero zazpi edo zortzi orduko txangoak izango dira, eta honakoak izango dira etapak: Balmaseda-Beranturi, Beranturi-Kuartango, Kuartango-Urduña, Urduña-Artiñeda, Artiñeda-Balmaseda, Balmaseda-Portugalete, Portugalete-Mungia eta, azkenik, Mungia-Gernika.

Abiapuntura joateko, bi autobus zerbitzu antolatu ditu ESAITek: Eibar-Durango-Bilbo-Bastida eta Donostia-Tolosa-Beasain-Altsasu-Bastida. Lotarako, berriz, pilotalekuak, kiroldegiak eta eskolak baliatuko dituzte. Beraz, lo zakua eramatea komenigarria da. Antolatzaileek argitu dute dutxatzeko aukera izango dela etapa bakoitzaren amaieran. Horrez gain, egun bakoitzeko gosaria eta ibilbidean zehar erabiliko diren ogia eta fruta antolatzaileen esku geldituko da.

Ibilbidean gorabehera handiak izanik, lo zakuak, janaria eta abar eramateko, kamioia erabiliko du antolakuntzak. Hortaz, nahikoa izango da gainean bizkar-zorro txiki bat eramatea. Izena eman daiteke jadanik, eta mendi martxara joateko prezioak honakoak dira: 155 euro zeharkaldi osorako, eta 80 euro zeharkaldi erdia egiteko. Informazio gehiago nahi izanez gero, deitu telefono hauetara: 659070019 (Maite) edo 65004202 (Txiki).

© berria.info