|
Larunbata, 2007ko ekainak 30. Gros-Iretza, Lauko Finalera. Donostiako taldea Espainiako Xake Txapelketako finalerdietarako sailkatu da. JOSU TORNAY. DonostiA.
Alexander Morozevitx, Gros taldeko jokalari errusiarra. JOSE MENDEZ/EFE. Espainiako Txapelketako lehen multzoko ligaxka jokatu zen hilaren 20tik 24ra Lugon (Galizia). Sei talde aritu ziren lehian, Lauko Finalean aritzeko bi txartelen bila. Reverte Albox eta Linex Magic, Espainiako azken bi txapeldunak ziren faborito nagusiak, baina Gros-Iretzak torneoko jokalari onena zuen: Aleksander Morozevitx errusiarra. Talde guztiek, hala ere, jokalari bikainak aurkeztu zituzten. Gros-Iretza Lauko Finalerako sailkatu zen orain bi urte, baina iaz ez zuen bere multzoko fasea gainditu. Aurten, baina, bere historiako talderik sendoena prestatu du, txapela irabazteko asmoz. Morozevitx munduko xakelari onenen artean egon da azken hamarkadan, eta momentu hauetan nazioarteko sailkapeneko laugarrena da, Viswanathan Anand, Veselin Topalov eta Vladimir Kramniken ostean. Fitxaketa horrez gain, Wely maisu handia aritu da berriro Grosekin. Zerrendako hirugarrena Kasimdzhanov uzbekistandarra izan da, laugarrena Milov suitzarra, bosgarrena Tkatxiev frantziarra, seigarrena Bauer frantziarra, zazpigarrena Cifuentes txiletarra eta bederatzigarrena Andres espainiarra. Zerrendako azken lau postuetan taldeko euskaldunak zeuden: Felix Izeta, Iņigo Argandoņa, Santiago Gonzalez eta Patxi Gallego. Lehen txandan Grosek hiruna berdindu zuen Cajacanariasekin. Gonzalezek seigarren taulan jokatu zuen eta berdintzea lortu San Segundo maisu handiarekin. Hori emaitza garrantzitsua izan zen, bigarren txandako garaipenak taldea sailkapeneko goiko partean jarri baitzuen. Donostiarrek 4,5-1,5 gainditu zuten UGE, eta Argandoņak, seigarren taulan, Michael Rahal nazioarteko maisu ingelesari irabazi zion. Hala ere, hirugarren txandan egindako lana arriskuan jarri zen, Linex Magicen kontra 1,5-4,5 galdu ondoren. Lehen tauletan Morozevitxek eta Kasimdzhanovek ezin izan zuten berdinketa baino gehiago lortu Michael Adams eta Ruslan Ponomarioven aurka. Txanda horretan bai Argandoņak bai Gonzalezek jokatu zuten, baina biek galdu egin zuten, Manuel Perez Candelario eta Carrasco espainiarren kontra. Gauzak gaizki jarri ziren Cajacanariasek beste neurketan Albox Reverte gainditu zuelako. LEHIA BIZIA. Laugarren txanda garrantzitsua zen donostiarrentzat, eta talderik onena atera zuten. 4,5-1,5 irabazi zuten, Kasimdzhanov, Bauer eta Andresen garaipenekin. Morozevitxek, Tckatxievek eta Cifuentesek, berriz, berdindu egin zuten. Hala ere, Cajacanariasek ere irabazi zuen, eta Grosek hirugarren postuan jarraitzen zuen. Azken txandarako Grosek sailkatzea ziurtatu nahi zuen, eta aurreko txandako talde bera atera zuen. Magicek eta Cajacanariasek hiruna berdindu zuten. Hala, Grosek gutxienez 4,5-1,5 irabazi behar zuen bigarren izateko. Eta emaitza hori azken momentuan lortu zuen, Cifuentesen garaipenari esker. Erabakigarria izan zen Groseko jokalari-entrenatzailaren lana. Ohorezko Mailako bigarren multzoko fasea uztailean jokatuko da eta hortik Lauko Finalerako beste bi sailkatuak irtengo dira. Finalak urriaren 20an eta 21ean jokatuko dira, Calvian (Katalunia), eta Gros ligaxkako talde berarekin ariko da. Š berria.info
|