
Asteartea, 2007ko uztailak 10.
19 euskal federazioren aurka helegiteak jarriko ditu
Espainiako Gobernuak.
Federazio
horien estatutuek euskal kirola nazioartean ordezkatzeko aukera eman dezaketela
argudiatu du.
ERREDAKZIOA.
DonostiA.

Euskal selekzioko jokalariak,
ofizialtasunaren aldeko pankartarekin, ekainean Venezuelan jokatutako partidan.
Futbol federazioa ez dago zerrendan. CHICO
SANCHEZ/EFE.
Espainiako Gobernuaren EAEko
ordezkari Paulino Luesmak jakinarazi zuen atzo 19 euskal federazioren estatuen
kontra helegiteak jarriko dituztela EAEko Justizia Auzitegi Nagusian.
Estatuaren abokatuaren zeregina izango da 19 helegite horiek jartzea, estatutu
horiek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ordezkaritza gainditu eta «euskal
kirola nazioartean ordezkatzea ahalbidetu dezaketelako». Eusko Jaurlaritzak
duela hilabete gutxi onartu zuen federazio horien estatutuak moldatu eta
eguneratzea, eta moldaketa eta eguneratze horien kontra jarriko ditu helegiteak
Espainiako Gobernuak.
Paulino Luesmaren iritziz, EAEko
Kirolaren Legean dute oinarria 19 federazio horien estatutuek. Kirolaren
Legearen kontra ere helegitea jarri zuen bere garaian Espainiako Gobernuak,
Auzitegi Konstituzionalean, «euskal kirolari estatuko eta nazioarteko
ordezkaritza eman nahi ziolako». Espainiako Gobernuaren iritziz, Espainiako
Konstituzioko 149-1-3 artikulua urratzen du EAEko Kirolaren Legeak,
«Estatuarena baita nazioarteko harremanen eskuduntza». Gainera, Espainiako
Gobernuak EAEn duen ordezkariak bere komunikatuan jakinarazi duenez, Auzitegi
Konstituzionalak baliorik gabe utzi zuen bere garaian Euskal Kirolaren 16.6
artikulua, euskal federazioen ordezkaritzari zegokiona, eta ordezkaritza hori
norbere lurraldera bakarrik mugatu zuen.
Orain, aipatutako estatutuetan
Kirolaren Legeak jasotzen zituenen antzeko artikuluak jasotzen direlako eta
Espainiako kirolaren araudiaren kontrakoak direlako erabaki du Espainiako
Gobernuak federazi horien guztien kontra egitea.
EKFB-REN
GAITZESPENA. Euskal Kirol Federazioen Batasunak (EKFB) Espainiako Gobernuak hartutako
erabakia gaitzetsi du, «erabat politizatua eta testuinguruz kanpokoa» dela
nabarmenduz. Ulertezina egin zaio EKFBri Paulino Luesmak iragarritakoa, eta
Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzak egindako lan bikaina zapuztea leporatu
dio. «Euskal federazioen eskubideak eta lana defendatu nahi ditugu. Espainiako
Gobernuak federazioen egituran muturra sartzeari utzi behar dio, daukagun
legediaren barruan ari baita lanean», nabarmendu du Euskal Kirol Federazioen
Batasunak gaztelera hutsez idatzitako ohar batean.
EKFBren iritziz, gainera,
federazio horien estatutuek ez dute Espainiako Konstituzioaren artikulurik
urratzen, «nazioarteko kirolak ez diolako Nazioarteko Harre- manen eskuduntzari
heltzen, federazioen arteko kirol harremanei baizik, eta ez direlako estatuak
nazioarteko lehiaketetan parte hartzen dutenak, kirol federazioak baizik».
Eusko Jaurlaritzako Kirol
Zuzendaritzak gaur emango du Espainiako Gobernuak iragarritako neurriaren
inguruko iritzia, eta Euskal Selekzioen Aldeko Iritzi Taldeak ere bai.
############
19 federazioaK.
Txirrindularitzakoa.
Karatekoa.
Kirol egokitukoa.
Eskubaloikoa.
Herri kiroletakoa.
Atletismokoa.
Igeriketakoa.
Sanbo eta borrokakoa.
Halterofiliakoa.
Gimnastikakoa.
Surfekoa.
Zaldiketakoa.
Triatloikoa.
Automobilismokoa.
Errugbikoa.
Judokoa.
Xakekoa.
Ur kiroletakoa.
Olinpiar tirokoa.
############
©
berria.info