Selekzioak.
ESAIT.
Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeak ez du batere
ondo ikusten Paulino Luesmak hartutako jarrera.
Imanol CARRILLO | BILBO.
ESAITeko kideek Paulino Luesmaren adierazpenei erantzuna eman zieten atzo
Bilbon emandako prentsaurreko batean. Gobernu espainolak EAEn duen ordezkariak
19 euskal kirol federazioren estatutuen kontra administrazioarekiko
auzi-prozesu helegitea aurkeztu zuen herenegun.
Ekintza hori egiteko Luesmaren arrazoia honakoa izan zen: «Estatu eta
nazioarte izaera eman nahi diote euskal kirolari». Gainera, hainbat informazio
agentziek informatu zutenez, Luesmak Euskal Herriko Justiziako Auzitegi
Nagusiaren aurrean inpugnatutako federazioaren estatutuek «Estatuko araudien
kontra egiten diete».
Luesmak aurkeztutako helegiteak honako federazio hauei eragingo die: Euskal
txirrindularitza federazioa, karatea, kirol egokitua, eskubaloia, euskal kirol
eta jokoak, atletismoa, igeriketa, borroka, samboa, halterofilia, gimnasia,
surfa, hipika, triatloia, automobilismoa, errugbia, judoa eta lotutako kirolak,
xakea, urpeko ekintzak eta tiro olinpikoa.
Ińigo Santxo ESAITeko aholkulari juridikoaren hitzetan, plataforma honek
«eskubide pribatuaren bidez, federazio nazionalak eratzea onartzen duen
Euskadiko eta Nafarroako kirol-arauen aldaketa defendatzen du. Horiek, ondoren,
Madrilen egon zitezkeen erasoak blindatuko lirateke».
Paulino Luesmak konpetentziari buruz ere hitz egin zuen. Euskadiko Kirol
Legearen kontrako helegitea aurkeztearen arrazoia honakoa izan zela adierazi
zuen: «Euskadiko Kirol Legeak Estatuko eta nazioarteko izaerazko ordezkari bat
eman nahi zion euskal kirolari. Espainiako Konstituzioko 149.1.3 artikulua
urratzen du». Artikulu horrek nazioarteko harremanetan konpetentzia osoa ematen
dio estatu espainolari.
ESAITek badu erantzuna hori dela-eta: «Luesmak esaten du nazioarteko
harremanak Estatuaren berezko konpetentzia direla, baina federazioen arteko
konpetentziak, horiek pribatuak diren momentuan, Estatuaren boteretik kanpokoak
izango dira», adierazi zuen Santxok.
«Nazioarteko Olinpiar Batzordea, UEFA, FIFA eta munduko kirola arautzen
duten erakundeak pribatuak dira, beraz, mundu osoan jardun daitezke. Guk gauza
bera bilatzen dugu», gehitu zuen ESAITeko aholkulari juridikoak.
Sentimenduak.
Ińigo Santxok honako hau mantendu zuen: «ESAITek urte honen hasieratik,
elkarrizketa bat mantendu du Lakuako hainbat eragile politikorekin eta alderdi
politiko gehienen interesa aurkitu du».
«Euskal federatuek federazio nazionalak nahi duten momentuan eratzeko
aukera izan dezatela nahi dugu eta, horrela nahi badute, nazioartean lehiatzeko
aukera izan dezatela», nabarmendu zuen ESAITeko Ińigo Santxok.
«Aukerazko irizpideak jarraitzen ditugu, eta ez inposatzekoak, Luesma
jaunak eta Zapateroren Gobernuak egiten duen moduan. Estatu espainoleko
Gobernuak kirolari euskaldunak sentitzen ez duten bandera baten koloreengatik
lehiatzea zigortu nahi dituzte edo, aitzitik, baztertzera», nabarmendu zuen.
«Euskaldun gisa lehiatu nahi duenak, lehiatzeko», gehitu zuen Santxok.
«Luesma guztiz errealitatetik ateratzen da. Argia eta nabarmena da euskal
iritzi publikoa, esparru eta modalitate guztietan ofizialki parte hartzearen
alde dagoela erabat», amaitu zuen.
Alderdiek gogor kritikatu dute Luesma.
Batasunaren ustez, Luesmak «Torkemada inkisidorearen papera hartu du eta
euskal herritarren borondatearen gainetik jartzeko gogoa eta intentzioa
erakusten ari da azkenaldian etengabe egiten eta esaten ari denarekin».
Era berean, Jaurlaritzaren jarrera «tamalgarria eta lotsagarria dela»
nabarmendu zuen alderdi abertzaleak.
Lakuak Luesmaren ekintza ere kritikatu, eta hitz batzuk izan zituen
berarentzat: «Ordezkatzen duen zeregin bakarra gizarte honek dituen proiektuak
oztopatzea da».
Eusko Alkartasunak oso larritzat jo zuen gobernu espainolak hartutako
erabakia. «PSOEk euskal gizartearen borondatearen kontra erabateko mespretxua
adierazten du berriro ere. Gizarteak euskal selekzioen ofizialtasuna
aldarrikatzen du eta euskal kirolari guztien eskubidea babesten du Euskadi
edozein konpetizio ofizialetan, estatuan zein nazioartean, ordezkatzeko»,
adierazi zuen.
Begońa Lasagabasterrek iragarri duenez, ekimen batzuk aurkeztuko ditu
PSOEri azalpenak eskatzeko.
I. C.