berria.info

Asteazkena, 2007ko uztailak 11.

EAEko autogobernuaren kontra egitea egotzi dio Jaurlaritzak Zapaterori.

Euskal federazioen aurkako neurri horiekin, bere garaian Aznar baino gogorrago aritzea leporatu diote.

ERREDAKZIOA.

GasteiZ.

Gobernu Kontseiluaren bileran aztertu zuen atzo Eusko Jaurlaritzak bezperan Espainiako Gobernuko ordezkari Paulino Luesmak iragarritakoa: 19 euskal federazioren estatutuen kontra helegiteak jarriko dituztela EAEko Justizia Auzitegi Nagusian. Jaurlaritzak erabat deitoratu zuen Espainiako Gobernuaren erabakia, eta EAEko Kirolaren Legearen eta autogobernuaren kontra egitea egotzi zion, «autogobernu alorrean benetan duen aurpegia erakutsiz, beste behin».

Miren Azkarate bozeramaileak eman zuen atzo Gobernu Kontseiluak onartutako testuaren berri. Bere garaian Aznar baino gogorrago aritzea leporatzen diote bertan Rodriguez Zapaterori. PPren gobernuak, izan ere, Kirolaren Legeko 16.6 artikulua bakarrik errekurritu zuen, eta PSOEko gobernuak, indarrean dauden bi artikulu. Zera dio PPk errekurritutako artikulu horrek: «Euskal federazioei baino ez dagokie euskal kirol federatua Estatuan eta atzerrian ordezkatzea». Auzitegi Konstituzionalak erabakiren bat hartu bitartean indarrik gabe dago artikulu hori, baina oraingo honetan indarrean dauden atalen kontra egin izana egotzi dio Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari. 25 eta 37.1 artikuluen kontra jarri ditu helegiteak. 25. artikuluan, 'b' atalean, Euskal Federazioen Administrazio egitekoen artean zera jartzen du: «Euskal kiroleko ordezkaritza bideratzea Estatuko eta nazioarteko lehiaketetan». 37.1 artikuluan, Euskal Federazioen Batasunari buruz zera dio: «Euskal Kirol Federazioen Batasunak behar hainbateko laguntza eta erraztasuna emango dizkie euskal federazioei, euskal selekzioek Estatuko eta nazioarteko lehiaketetan parte hartzea sustatu eta bultzatu ahal dezaten federazio horiek». Jaurlaritzak gogorarazi du bi alor horiek inongo helegiterik jaso ez duen eta indarrean dagoen 16/2006 dekretuan jasota daudela.

ANDALUZIA ETA ARAGOIREN ADIBIDEAK. Ez da hori Espainiako Gobernuaren erabakia deitoratzeko arrazoi bakarra izan. Jaurlaritzaren iritziz, Zapaterok euskal federazioen aurka egiten du, baina ez du eragozpenik jartzen beste federazio batzuek Espainiako eta nazioarteko txapelketa ofizialetan ordezkaritza izateko. Andaluziako Kirol Erakundeei buruzko 7/2000 dekretua ekarri zuen gogora Azkaratek. Nazioarteko eta Espainiako kirol lehiaketa ofizialetan parte hartzeko ordezkaritza aitortzen zaie bertan federazioei. Aragoiko kasua berbera dela nabarmendu zuen Azkaratek, eta EAEn legez kontrakoa denak horietan ez duela arazorik sortzen esan.

«Badirudi Rodriguez Zapateroren gobernuak PPrekin daraman norgehiagokaren baitan hura baino espainolagoa azaldu nahi duela bere burua. Eta horretarako zer hobe euskal autonomiaren aurka gogor ekitea baino?», galdetu du Jaurlaritzak. Zapateroren Gobernuaren «talantea» eta «nazio anitzeko estatua» horiek badira hori guztia «paper errea» dela ere azpimarratu zuen Azkaratek.

############

ESAITek dio federazioak erakunde pribatu bihurtzea dela konponbidea.

Ekimen legegilea jarri nahi dute abian, «federazioak Madrilen erasoetatik babesteko».

E. TELLERIA.

DonostiA.

Gogor kritikatu du ESAITek Espainiako Gobernuak 19 euskal federazioren estatutuen kontra egiteko hartutako erabakia. Egungo legediarekin federazioak babesik gabe daudela salatu eta arazoaren konponbidea zuzenbide pribatuan dagoela jakinarazi zuen atzo ESAITek, Bilbon emandako prentsaurreko batean.

EAEko eta Nafarroako legedia aldatzearen aldekoa da ESAIT, federazioak erakunde pribatu bihur-tu «eta Madrilen erasoetatik babesteko». Ińigo Santxo abokatu eta ESAITeko kideak argi ditu argudioak. «Espainiako Gobernuak dio Estatuarena dela nazioarteko harremanen eskuduntza, baina federazioen arteko eskuduntzak, federazio horiek pribatuak diren unean, estatuko botereetatik kanpora geldituko dira». Nazioarteko Olinpiar Batzordea, FIFA, UEFA... erakunde pribatuak direla gogorarazi ostean, pribatizazioaren onurak erabatekoak direla argitu zuen Santxok. Lurraldetasunaren arazoa gaindituko litzateke batetik -Ikastolen Konfederazioa jarri zuen horren adibide gisa-, eta ofizialtasunarena bestetik. «Une honetan euskal federazioren batek Europakoan sartzeko eskaera egin eta Europakoak onartzen badu, Luesmak helegitea jarri eta atzera egin beharko luke. Federazioa pribatua balitz, ez litzateke horrelakorik gertatuko. Begiratu bestela gurean alardearekin zer gertatzen den, nola blindatu duten».

EAEko Kirolaren Legea Espainiakoren «kalko txar bat» dela dio Santxok, eta EAEko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan legeak aldatzearen alde agertu da. Ekimen legegilea jarri nahi dute abian, eta alderdi politikoekin izan dituzte lehen harremanak. Legegintzaldi berrirako lortu nahi dute nahikoa babes euren ekimena aurrera eraman ahal izateko. «Alderdi gehienek harrera ona egin digute», esan zuen Santxok.

Miren Azkarate Jaurlaritzako bozeramaileak ez zuen atzo begi onez ikusi ESAITen proposamena. «Guk ez diogu aparteko alde onik ikusten. Federazioek beraiek erabaki behar dute nola jokatu. Pribatizatzeak ez du ezer konponduko».

© berria.info