berria.info

Ostirala, 2007ko uztailak 27.

ZuzenDarIaRI.

Ohorea.

Kirol arlo guztietan Euskal Selekzioaren egoera ez da askorik aldatu. Herri bezala dauzkagun eskubideak, behin eta berriro, urratuak izaten ari dira. Nazioartean aritzeko ere, euskal kirolariak Frantziaren edo Espainiaren izenean egitera behartuta daude.

Herriaren nahia ez da errespetatzen. Egindako inkestek argi adierazten dute Euskal Selekzioa gehiengo zabal batek nahi duela. Baina trabak eta oztopoak besterik ez dira bidean.

Urtero ESAITek hainbat ekimen antolatzen ditu. Besteak beste, mendi martxa bat. Aurten uztailaren 28tik abuztuaren 4ra bitartean, zortzi eguneko zeharkaldia egingo dugu, Bastidan hasi eta Gernikan amaitu; egunero 8/10 orduko txangoak, mendian gora mendian behera, 30 km batez beste, Euskal Selekzioaren aldeko aldarrikapena Euskal Herriko bazter guztietara zabaltzeko asmoz.

Zazpi urte daramatzagu ekimen honekin. Urte hauetan guztietan, harrera eta jarrera ezberdinak jaso ditugu. Ongietorri beroak eta hunkigarriak, baina baita hoztasunak ere. Alderdi politiko batzuen laguntza izan dugu, besteek beste aldera begiratzen zuten bitartean. Baina orain arte, lotarako lekua, ibiltzeko baimenak, zeharkaldia egin ahal izateko behar diren baliabideak, berriz diogu, orain arte, arazo handirik ez dugu izan.

Bai alde batetik eta bai bestetik, kolore ezberdinetako uniformeak bidelagun izan ditugu. Baina urtero hasi eta bukatu dugu. Ardura eta konpromisoa aurrera eraman ditugu.

Urtero gauza desberdinak gertatzen dira. Aurten, zazpi urte pasa ondoren, Portugaleteko Udala izan da, lehendabiziko aldiz, lotarako lekua ukatu diguna. Ohorea beraientzat, ideiak eta aniztasuna ulertzeko era bitxia benetan.

PSEko kideak ez daude Euskal Selekzioarekin ados. Adierazteko era garbia hau izan da. Oinarrizko baliabideak ukatu dizkigute, 100 pertsonak behar dugun lotarako lekua besterik eskatzen ez bagenuen ere.

Baina tira, Portugaleteko hainbat eragilek harrera egingo digute, lotarako lekua eskaini digute Portugaleten ere, gaua igaroko dugu, nahiz eta PSEren gustukoa ez izan.

Eskerrik asko, Portugalete. Eskerrik asko, pasatzen garen leku bakoitzean duzuen jarrerarengatik. Animo, eta gurekin batera parte hartzera gonbidatzen zaituztegu, denon artean Euskal Selekzioa nahi dugula aldarrika dezagun.

Aurten ere, hasi eta bukatuko dugu.

Maite Lasa eta Txiki Falero. ESAIT-en mendi martxaren koordinatzaileaK.

© berria.info