
Larunbata, 2007ko uztailak 28.
ESAITen mendi martxa gaur irtengo da Bastidatik
Gernikara.
Aurtengo mendi martxak
selekzioaren ofizialtasuna eta EHNA izango ditu aldarri 8 eguneko ibilbidean.
erredakzioA.
Iazko mendi martxa azken
etaparen amaieran, Ziordian. 
LANDER
FERNANDEZ/ARGAZKI PRESS.
ESAIT Euskal Selekzioaren Aldeko
Iritzi Taldeak urtero antolatu ohi duen mendi martxa gaur hasiko da Bastidan
(Araba). 10:30ean irtengo da eliza aurreko plazatik. Aurtengoa 7. edizioa
izango da eta abuztuaren 4an, astebeteko ibilbidea egin ondoren, Gernikan
(Bizkaia) amaituko da. Leloa, Kalean nahiz mendian erabili EHNA izango
da. Selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzeaz gain, euskal agiria ere sustatu
nahi dute ESAITekoek eta mendizale guztiei EHNA erabiliz ateratzeko dei egin
diete.
Mendi martxa 8 etapatan banatuta
egongo da. Bastidatik Gernikara bitartean Beranturi, Kuartango, Urduña,
Artziniega, Balmaseda, Portugalete eta Mungia zeharkatuko ditu. Egunero 7-8
orduko, 30 kilometro inguruko txangoak egingo dituzte. Martxaren aurrean,
ibilbidea ezagutzen duen gidari bat joango da, eta talde oso- aren koordinazioa
ziurtatzeko beharrezko tresnak erabiliko ditu antolakuntzak. Lotarako lekuak,
dutxak eta otorduak ere izango dira. Martxaren azken egunean herri bazkaria eta
harrera ekitaldia egingo dira Gernikan.
ESAITek selekzioaren
ofizialtasuna aldarrikatzeko makina bat ekitaldi antolatu ohi du urte osoan.
Hala ere, haren esanetan, azken urteetan «ez da aurrerapausorik eman». ESAITen
ustez, herrian, jendea euskal selekzioaren alde dago, baina zenbait erakundek
eta alderdi politikok «ez dute ezer jakin nahi». Kirola aldarrikapenerako bide
egokia dela uste du ESAITek.
©
berria.info