
Igandea, 2007ko abuztuak 5.
Ametserako
bidea eginez
ESAITen mendi martxa atzo
amaitu zen, Gernikan. Antolatzaileak pozik daude emaitzarekin, baina
selekzioaren alde lanean jarraitu beharra dagoela nabarmendu dute.
KARMELE GARMENDIA.

Zortzi eguneko ibilaldiaren
ostean, botak eranzteko gogoz zegoen bat baino gehiago. MARISOL RAMIREZ/ARGAZKI PRESS.


Mendi martxako kideek harrera
beroa jaso zuten Gernikan. Adin guztietako jendea joan da martxan. MARISOL RAMIREZ/ARGAZKI PRESS.
Zortzi eguneko ibilaldiaren
ondoren, atzo amaitu zen ESAITek Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeak
urtero antolatu ohi duen mendi martxa. Aurreko larunbatean irten zuten,
Balmasedatik, Gernika helmugatzat harturik. Hala, atzo eguerdirako 150 bat
ibiltari gerturatu ziren Gernikara. Jose Mari Gorroño Gernikako alkateak
ESAITen lana goraipatu nahi izan zuen. Euskal selekzioaren alde 12 urtez
egindako ekarpenak izan zituen hizpide, eta «amets» horren bila jarraitu
beharra dagoela nabarmendu zuen.Herriko plazara bazkaltzera joan aurretik,
balorazioak egiteko tartea hartu zuen ESAITek harrera ekitaldian.
Txiki Falero ESAITeko kideak
hartu zuen hitza. Kalean eta mendian erabili EHNA aurtengo mendi
martxaren leloarekin bat eginez, euskal agiria izatearen garrantzia azpimarratu
zuen, eta baita Euskal Federazio nazional bat sortzeko beharra ere. Dagoeneko
lortu diren helburu batzuk ere aipatu zituen. Esaterako, egun, EHNArekin Mendi
Federazioko txartela tramitatzeko aukera dago. Bide horretan aurrera egiten
jarraitu beharra dagoela azpimarratu zuen Falerok, baina urteko egun guztietan.
Mendi martxak oro har izandako
harrera beroa ere izan zuen gogoan Falerok. Herrietan egindako egonaldietan
udalek, gizarte eragileek zein herritarrek emandako laguntza eskertu zuen.
Politikariei dagokienez, PP eta PSE-EEk salbu, gainontzeko alderdiek
plataformaren aldarrikapenarekin bat egin izana eskertu zuen Falerok. Beste
arlo askotan erakutsi ez duten adostasuna nabarmendu nahi izan zuen. Bestalde,
zazpi urtean arazorik izan ez duten arren, aurten Portugaleten PSE-EEko Udalak
jarritako eragozpenak aipatu zituen Falerok. Izan ere, herri horretako Udalak
ez zien kiroldegian lo egiten utzi.
Hala ere, oztopoak oztopo,
zazpigarren mendi martxa horrekin oso pozik agertu ziren ESAITeko kideak.
Kopuruari begira, Gernikan 150 pertsona inguru azaldu arren, mendi martxa
guztiaren atzean jende mordoa dagoela azaldu zuen ESAITeko kideak eta gero eta
jende gehiago ari dela gerturatzen. Falerok mendi martxak babes handia duela
azaldu zuen eta «osasuntsu» dagoela.
©
berria.info