
Igandea, 2007ko abuztuak 12.
”Profesionala izan nahi dut, horrek Iruñetik joatea
ekarriko badu ere”.
MIKEL HUERGA, xake jokalaria. Espainiako 18 urtez azpiko
txapelduna.
Mikel Huergak
asko ondu du bere jarduera azken bi urteetan. FIDE maisu titulua eskuratu du
azken sasoian, eta 2.400 elo puntuko langa gainditu du, eta Nazioarteko Maisu
titulua ere azkar lortuko duela espero da.
JOSU TORNAY.
donostia.
Espainiako 18 urtez azpikoen
txapela Iruñera ekarri ostean, Europako gazteena du orain buruan Mikel Huerga
nafarrak (Iruñea, 17 urte). Irailean jokatuko da txapelketa hori, eta hara
abiatu aurretik hartu du tartetxoa BERRIA-ri elkarrizketa eskaintzeko.
Urte batzuk
saiatu ostean lortu duzu Espainiako txapelketa irabaztea. Zein izan da aldea
beste urte batzuekin konparatuta?
14 urte azpikoan hasi nintzen
Espainiako txapelketa jokatzen, baina aurten denboraldi osoa eman dut buruan
xakea bakarrik nuela, ilusioa, lana eta esfortzuarekin. Ezberdintasuna, hauxe,
agian. Ez dut uste nire aurkariek nik adina lan egin dutenik aurten.
Euskadiko
txapelketan jarrera ona erakutsi zenuen, nahiz eta azken partida galdu. Jarrera
horrek, Espainiako 18 urtez azpiko txapelketari begira, konfiantza handiagoa
eman al zizun?
Ez nintzen pozik geratu. Iaz
baino atzerago geratu nintzen, eta azken txandan galtzeak beti oroitzapen
txarra lagatzen dizu. Konfiantza ez, esperientzia irabazi nuen.
Espainiakoan
Xabier Vilarekin galdu ostean, torneoa irabazteko aukera bazenuela uste al
zenuen?
Ez, batere ez. Vilarekin galdu
ostean utopia bezala ikusten nuen nagusitzea. Pentsatu nuen nire helburua
partida onak egitea eta eloa igotzea izan behar zela. Ezusteko itzela izan zen
niretzat, hirugarren partidaren ondoren txapelketa irabaztea nire eskutan
zegoela jabetzea.
Zein izan zen
torneoko partidarik gogorrena?
Xakea bakarrik aztertzen badugu,
Vilarena oso ona izan zen. Oso ondo jokatu zuen berak, bereziki partida
bukaera. Baina urteak pasa eta beti gogoratuko dudan partida azkena izango da.
Llorenterekin jokatutako partidak torneoa erabakitzen zuen. Gainera, partida
zaila eta gogorra izan zen. Biok irabaztera jokatu beharra geneukan. Goizeko
9etan hasi ginen, eta 13:15ean bukatu. Azken minutuetan denbora aldetik
estututa lortu nuen irabaztea.
Ze aukera
duzu irailean jokatuko den Europako txapelketan, Kroazian?
Europa mailan jokatuko dudan
lehen torneoa da, eta ez dakit zehatz-mehatz zein maila egongo den. Partida
onak egiten eta eloa igotzen saiatuko naiz. Emaitza ona litzateke 5 edo 10 onenen
artean sailkatzea.
Prestakuntza
bereziren bat egingo al duzu Europako txapelketarako?
Egia esan, ez. Denboraldi
honetan lortzen ari naizen emaitza onek konfiantza eman didate.
Zelan hasi
zinen xakean?
Sei urterekin hasi nintzen
jokatzen, eta agudo piztu zen nigan jakin-mina. Nire aitak erakutsi zidan
piezak mugitzen eta hortik gutxira klaseetara apuntatu nintzen.
Zein da zure
alderik sendoena eta ahulena xakean?
Onena, konbinatzeko erraztasuna.
Gainera, intuizio ona daukat. Askotan ez dut denborarik galtzen. Hala ere,
lasaitasun falta hori arazo bat da gutxiegi pentsatzen dudanean. Nire alderik
ahulena, aldiz, alor psikologikoa da. Partida asko galtzen ditut horregatik.
Fede larregi izaten dut nigan, eta batzuetan subjektibotasun handiarekin
baloratzen ditut posizioak. Horren ondorioz, erabaki txarrak hartzen ditut.
Zure
bilakaera ikusgarria izan da, eta litekeena da laster 2.400 elo puntuak
gainditzea. Zure helburua xakeko jokalari profesionala izatea al da?
Bai. Nire helburua xake
jokalaria izatea da, baina ez bakarrik jokatzea, eskolak ematea ere bai. Nire
ustez, hau da modu zuzenena xake profesionalean murgiltzeko. Aurten ikasketak
utzi ditut, eta xakean entrenatzen, torneoak jokatzen eta eskolak ematen
denbora asko eman dut.
Nafarroan
duzun aukerarekin, posible al da benetan profesionalki jardutea?
Nafarroan baliabideak oso
txarrak dira. Gainera, eskaera gutxi dago. Erabakia hartu nuenetik banekien
noizbait Iruñetik mugitu beharko nuela. Oraingoz Batzelonara joatea pentsatzen
ari naiz. Hango klub batean jokatzeko eskaintza egin didate datorren
denboraldirako.
Diru
laguntzaren bat jasotzen al duzu?
Instituzioen aldetik ezer ez.
Posible
ikusten al duzu Lau Nazioko torneoan aurten Euskadiko selekzioarekin jokatzea?
Badaramat denbora apur batean
horrelako zerbaiten zain, baina orain arte ez naute deitu. Gustatuko litzaidake
jokatzeko gonbidapena jasotzea eta jaso ezkero, ziur aski parte hartuko nuke.
Ohorezko
Mailatik jaitsi zen zure taldea, Oberena. 2008ko Euskal Ligarako berriz
igotzeko moduko taldea osatzea lortuko duzuela uste al duzu?
Oberenan jokalari asko dago.
Aurten ezin izan dugu jokalari onenekin jokatu. 2008an helburua berriz igotzea
izango da, baina ez dakit ze jokalari izango ditugun.
©
berria.info