berria.info

Ostirala, 2007ko abuztuak 31.

EAEko Auzitegi Nagusiak tramiterako onartu ditu zazpi euskal federazioren kontrako helegiteak.

Espainiako Gobernuak 19ren kontra jarri zituen helegiteak uztailean, legea urratzen zutela argudiatuz.

ERREDAKZIOA.

DonostiA.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak tramiterako onartu ditu Espainiako Gobernuak uztailean 19 euskal federazioren kontra jarritako 19 helegiteetatik zazpi -gainontzeko hamabi horien inguruan ez du oraindik erabakirik hartu-. Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari Paulino Luesmak uztailean jakinarazi zuenez, 19 federazio horien estatutuek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ordezkaritza gainditu eta «euskal kirola nazioartean ordezkatzea ahalbidetu dezaketelako» erabaki zuen Espainiako Gobernuak helegiteak jartzea. EAEko Justizia Auzitegiak tramiterako onartu dituen helegiteak zaldiketa, triatloi, errugbi, xake, surf, automobilismo eta judo federazioen kontrakoak dira.

Espainiako Gobernuaren iritziz, EAEko Kirolaren Legean dute oinarria federazio horien estatutuek. Kirolaren Legearen kontra ere helegitea jarri zuen bere garaian Espainiako Gobernuak, Auzitegi Konstituzionalean, «euskal kirolari estatuko eta nazioarteko ordezkaritza eman nahi ziolako». Espainiako Gobernuaren iritziz, Espainiako Konstituzioko 149-1-3 artikulua urratzen du EAEko Kirolaren Legeak, «Estatuarena baita nazioarteko harremanen eskuduntza». Gainera, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak bere komunikatuan jakinarazi zuenez, Auzitegi Konstituzionalak baliorik gabe utzi zuen bere garaian Euskal Kirolaren 16.6 artikulua, euskal federazioen ordezkaritzari zegokiona, eta ordezkaritza hori norbere lurraldera bakarrik mugatu zuen.

Aipatutako federazioen estatutuetan Kirolaren Legeak jasotzen zituenen antzeko artikuluak daudelako eta Espainiako kirolaren araudiaren kontrakoak direlako erabaki zuen Espainiako Gobernuak uztailean federazio horien guztien kontra egitea. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak zazpi federazioren kontra jarritakoak onartu ditu tramiterako, oraingoz.

Eusko Jaurlaritzak gogor kritikatu zuen bere garaian Espainiako Gobernuaren erabakia eta EAEko Kirolaren Legearen eta autogobernuaren kontra egitea egotzi, «autogobernu alorrean benetan duen aurpegia erakutsiz». Bere garaian Aznar baino gogorrago aritzea leporatu zion orduan Rodriguez Zapaterori, eta euskal federazioen kontra egin bai baina ez duela eragozpenik jartzen beste federazio batzuek Espainiako eta nazioarteko txapelketa ofizialetan ordezkaritza izateko -Andaluziako eta Aragoiko kasuak ekarri zizkion gogora Jaurlaritzak-.

ESAITek ere gogor kritikatu zuen orduan erabakia. Federazioak babesik gabe daudela salatu zuen, eta konponbidea haiek pribatizatzea dela proposatu.

© berria.info