berria.info

Larunbata, 2007ko irailak 8.

Ongi pentsatu, eta pieza mugitu!

Aurkariaren mugimenduak irakurtzen jakitea eta horren arabera jokaldia pentsatzea garrantzitsua da xakean. Jokoaren oinarrizko kontzeptuak, teknikak eta estrategiak ikasteko  ikastaroak eskaintzen ditu Donostiako Gros xake taldeak.

Aurkaria garaitzeko gerrarako estrategia egokia asmatzea. Horixe zuen buruan Indiako errege batek, xakea asmatu zuen garaian. Aspaldian izan zen hori, VI. mende inguruan. Gerrarako taktikak erakutsi nahi zizkien erregeak semeei, baina modu erraz eta ulergarri batean. Halaxe sortu zituen xakeko piezak: erregea, erregina, alfila, zaldia, dorrea eta peoia. Denak ala denak ere gerrarako ezinbesteko piezak edo elementuak.

Indian hasitako “gerrarako jokoa” laster zabaldu zen mundura arabiarren garaian. Iberiar penintsulara ere arabiarrek ekarri zuten xakea. Gaur egun, munduko jokorik hedatuenetakoa da.

Euskal Herrian ere jarraitzaile ugari ditu mahaiko jokoak. Donostian, esaterako, xake taldea dago: Gros xake taldea. Urte osoan ikastaroak ematen dituzte eskoletan eta Gros auzoko Mateo kiroldegian. Eta uda osoan ere hamabost eguneko ikastaroak ematen aritu dira haurrei. Urte osoko ikastaroetan 80 umetik gorako taldea biltzen da kiroldegian, eta eskolan ere makina bat gaztetxo aritzen dira.

Ez dago adin mugarik!

“Adinaren araberakoa izaten da, baina udako ikastaroetan, oro har, oinarrizko gauzak erakusten dizkiegu haurrei: piezak zeintzuk diren eta nola mugitzen diren, nola irabazi eta galtzen den...”, dio Jon argandońa xake irakasleak. Oinarrizko kontzeptuak ikasitakoan, gauza teknikoak eta jokoa amaitzeko estrategiak erakusten dizkiete.

“Udako ikastaroak amaitzerako, oinarrizko kontzeptuak ikasiak dituzte haurrek eta piezak mugitzen ere badakite”, gaineratu digu irakasleak.

Neska zein mutil, zahar zein gazte, edozein izan daiteke xakean ibiltzeko jokalari trebea. “Ez dago adin jakinik. Ni, esaterako, 5 urterekin hasi nintzen ikasten aitarekin. Ikasleen artean, 7 urteko mutiko bat dugu, eta primeran jokatzen du”, dio irakasleak.

Pentsatu ongi mugimenduak!

Fisikoki, gainera, ez da ezaugarri berezirik behar. “Kirola da, bai, baina ez du aparteko esfortzu fisikorik eskatzen. Adimena lantzeko joko aproposa da, eta baita orientazioa eta kalkulua garatzeko ere”, dio Argandońak. Izan dere, ezinbestekoa da jokaldiak eta mugimenduak ongi pentsatzea. Helburua: aurkariaren erregea mugitu ezinik eta erasotuta uztea. Horretarako, “lehiakorra izan behar duzu pixka bat, hau da, aurkariari irabazteko grina izan behar duzu. Aurkariaren  mugimenduak irakurtzen edo asmatzen jakin behar da, estrategia on bat pentsatzeko”.

Eta nola lortzen da hori? Behin eta berriro jokaldiak entseatuta, xakean jokatzen orduak eta orduak igarota. Xakean aritzea da jokalari trebea bihurtzeko modu eraginkorrena.

Ongi dakite hori Jasna Gora eta Xabier de Vicente anai-arreba gasteiztarrek. “Egunero partidak jokatzen ditugu etxean, eta maiz bizilagunaren etxera ere joaten dira xakean jokatzera”, aitortu digu anai-arreben amonak. Amonak berak piztu zien xakerako zaletasuna. “Bueno, Jasna Gora adoptatua da. Ukraniatik ekarri zuten, bi urte eta erdi zituela. Xakean jokatzen ikusi gintuen lehen aldian, hark ere jokatzen zekiela esan zigun, eta harrituak geratu ginen”, aitortu digu amonak.

Jasna Gorari, beraz, txiki-txikitatik datorkio zaletasuna. Baita Jon Lertxundiri ere. “Arrebarekin hasi nintzen, 4 urte nituela”., dio Jonek. “Gauzak ongi pentsatu eta kalkulatu behar dira, eta hori izugarri gustatzen zait”, dio.

Maria Ezeizak ez du horren gustuko. Aitarekin maiz aritzen da xakean jokatzen, eta eskolan ere aritzen da, baina batzuetan aspertu egiten dela aitortu digu.

Hala ere, gustura aritzen da tarteak xakeko piezak astintzen. Izan ere, estrategiak estrategia, lagun berriak egiteko aukera ere eskaintzen dio xakeak.

Kirol osoa. Aurkariaren erregea inguratuta eta mugitu ezinik uztea da xedea. Adimena, kalkulua eta orientazioa lantzen dira.

Adi! Aurkariaren mugimenduak ongi aztertu behar dira, eta horren arabera mugitu behar da pieza.

Non ikas daiteke?

Donostiako Gros xake taldeak 20 urte daramatza haurrei zein helduei  xake ikastaroak ematen. Donostia urrun samar geratzen bazaizue, begiratu zerrenda, elkarte hauetan ere ikas baitaiteke xakean ibiltzen:

GIPUZKOAN.

· Gros xake taldea (Donostia).

· Fomento (Errenteria).

· Tolosa Xake Elkartea (Tolosa).

· Villabona Xake Elkartea (Villabona).

· Anaitasuna Kakute (Azkoitia).

· Arrasate Xake Elkartea (Arrasate).

· Hainbat ikastetxetan ere eskolak ematen dira.

BIZKAIAN.

· Sestao eta Zuribaltzan (Santutxu, Bilbo).

ARABAN.

· San Viator (Gasteiz).

NAFARROAN.

· Mikel Gurea (Burlata).

· Oberena, Orvina eta San Juan K. E. (Iruńea).

LAPURDIN.

· Echiquier Bayonne Adour (Baiona).

© berria.info