
Asteazkena, 2007ko irailak 12.
Titulua bateratzeko azken pausoa.
Gaur hasiko da
Munduko Xake Txapelketa, Mexiko Hirian, eta zortzi jokalarik parte hartuko
dute.
JOSU TORNAY.
DonostiA.
Gaurtik urriaren 1era Munduko
Xake Txapelketa jokatuko da Mexiko Hirian, Sheraton hotelean. Zortzi jokalarik
jokatuko dute elkarren aurka, partida bat beltzekin eta bestea zuriekin.
Sarietarako 1.300.000 dolar amerikar daude.
Berdintasun handia espero da.
Elo puntuak kontuan hartuta, Anand indiarrak dauka puntu gehien (2792) eta
Grischuk-ek gutxien (2726). Baina goi mailako txapelketetan esperientzia handia
dutenak -elo altuena ere bai-, Kramnik errusiarra (2769) eta Anand dira.
Kramnik da munduko txapeldun ofiziala, gainera. Kramnik eta Ananden atzean dago
Morozevitx (2758) errusiarra. Munduko bosgarrena da, eta irabazteko gai da.
Gros Xake Taldeko jokalaria aspalditik da irabazteko hautagaia, eta barruan
daukana erakusteko une egokia izan daiteke. Baina Leko hungariarrak (2751),
Aronian armeniarrak (2750), Svidler errusiarrak (2735), Gelfand israeldarrak
(2733) eta Gristxuk errusiarrak ere (2726) aukera izango dute.
Lehiaketa sistemari dagokionez,
Munduko Txapelketa erabakitzeko liga sistema erabiltzea ez da ohikoa, eta
sailkatzeko sistema ere nahiko konplexua da. Batetik, arraroa da aurreko
txapeldunak, Topalovek, parte hartzeko aukerarik ez edukitzea, nahiz eta berak
onartutako baldintza den. Onenetakoa dela kontuan izanda, hutsune handia da.
Horrez gain, Topalov eta Ivantxuk txapelketan ez egotea ere xakearen kalterako
da.
TITULUAREN
ZATIKETAREN HISTORIA. 1993an Gari Kasparovek harremana hautsi zuen FIDE
Nazioarteko Xake Federazioarekin. Sobietar Batasunak botere handia zuen
federazioan, baina bere gainbeheraren ondoren Kasparov askeago sentitu zen bere
proiektua gauzatzeko. Munduko txapelketako finalean aurkari izango zuenarekin,
Nigel Short ingelesarekin, PCA Xakeko Elkarte Profesionala sortu zuen. FIDEk
bere torneoa antolatzen jarraitu zuen, ordea, Kasparov eta Short gabe. Hala,
Karpovek Timman herbehereetarrari irabazi zion, eta munduko txapeldun ofizial
bihurtu zen. Kasparovek, berriz, oso erraz gainditu zuen Short. 1993an munduko
bi txapeldun zeuden: Karpov ofiziala eta Kasparov ez-ofiziala; gehienen ustez,
onena.
1995ean, New Yorken, Kasparovek
PCAko titulua defendatu zuen, Anand indiarraren aurka. Baina, ondoren, PCAko
arazoak ugarituz joan ziren. Intel babesle nagusia galdu zuen, eta hurrengo
finala ezin izan zuten jokatu. Braingames babeslea aurkitu zuen PCAk, baina
Xirovi beharrean Vladimir Kramnik errusiarrari eskaini zion 2000. urtean
Kasparoven aurka jokatzea. Lehia historikoa izan zen, eta sistema klasikoko
lehia luzean galdu egin zuen, lehen aldiz, Kasparovek.
FIDEk bere sistema klasikoarekin
jarraitu zuen, ordea, eta Karpovek 1996an Gata Kamsky estatubatuarraren kontra
defendatu zuen titulua. Baina FIDEren torneoak ez zuen osperik Kasparov barik,
eta babesleak aurkitzea gero eta zailagoa zen.
Horren eraginez, FIDEk beste
sistema bat prestatu zuen: jokalari gehiagoren parte-hartzea, partida bizkorrak
berdinketak hausteko, urteroko torneoa... Baina 1999ko arau berrien ondorioz,
Karpovek ere harremana hautsi zuen FIDErekin, eta uko egin zion torneoan
aritzeari. Txapelduna Khalifman izan zen; 2000. urtean Anand eta 2002an
Ponomariov.
2000n egoera inoiz baino
kaotikoagoa zen: Kasparovek munduko jokalaririk onena zela zioen, eta bere elo
puntuazioak ere hala zioen; baina Kramnik zen munduko txapelketako sistema
klasikoko txapelduna, Kasparov gaindituta, eta FIDEren sistema berriarekin ia
urtero zegoen txapeldun berria: Khalifman, Anand, Ponomariov...
PRAGAKO
AKORDIOA. 2002an Pragako akordioa sinatu
zuten egoera konpontzeko. Munduko txapelketako sistema tradizionala berriro
ezartzeko asmoz sinatu zuten akordioa, eta 2003rako prestatu zituzten
finalerdiak: Ponomariov Kasparoven aurka, eta Kramnik Lekoren aurka. Baina
lehiak atzeratuz joan ziren, babeslerik ez zegoelako, batez ere. Azkenean,
2004an, Kramnikek irabazi zuen lehia, baina Ponomariov ez zegoen ados baldintza
batzuekin. 2004ko FIDEko txapeldunarekin (Kasimdzhanov uzbekistandarra)
Kasparovek jokatu behar zuela erabaki zuten orduan. Baina lehia hori ere ez zen
jokatu, babesle faltagatik.
Kasparoven erretiroa ailegatu,
eta FIDEk munduko txapelduna aukeratzeko torneo berezia antolatzea erabaki
zuen. 2005ean jokatu zen txapelketa hori, San Luisen (Argentina). Baina
Kramnikek garbi utzi zuen ez zuela bere koroa doan arriskuan jarriko, eta uko
egin zion hainbeste jokalariren arteko torneoan parte hartzeari. Veselin
Topalov bulgariarrak aise irabazi zuen San Luisen, eta Kramniken taldea bizkor
hasi zen bien arteko lehia antolatzeko lanean.
Topaloven interesak eta egoera
kaotikoa kontuan hartuta, ez zegoen batere garbi bulgariarrak horrelako lehia
onartuko zuen edo ez. Hala ere, FIDEk joan zen apirilean Topaloven eta
Kramniken arteko lehia iragarri zuen, munduko txapelketa bateratzeko lehia.
Elistan, Kamulkiako hiriburuan, jokatu zen eta oso lehia estua izan zen.
Topaloven salaketa zorrotzak min handia egin zion, ordea, txapelketaren
sinesgarritasunari eta Kramniki. Mexiko Hiriko txapelketak prozesu luze horren
azken pausoa izan beharko luke. Hemendik aurrera Munduko Txapelketa irabazteko
sistema logiko eta erregularra sortu beharko luke FIDEk.
1993tik, Kasparovek
FIDErekin harremanak hautsi zituenetik, ez da txapelketa bateraturik egin.
Mexiko Hiriko
Munduko Txapelketak sistema logiko eta erregularra sortzeko lehen pausoa izan
behar du.
©
berria.info