
Osteguna, 2007ko irailak 27.
Anandek gertu du txapela.
Hiru partida falta direla, indiarrak puntu eta erdiko aldea du Munduko Txapelketan.
JOSU TORNAY.
DonostiA.

Viswanathan Anand indiarra, herenegun, partidako lehen mugimendua egiteko pronto. DAVID DE LA PAZ/EFE.
Hiru jardunaldi falta dira Mexiko Hirian jokatzen ari den Munduko Txapelketa amaitzeko, eta zaila dirudi Viswanathan Anand indiarra ez nagusitzea. Torneo hasieran Vladimir Kramnik errusiarra eta Anand ziren faborito nagusiak. Hala ere, egun xakean dagoen berdintasunak beste aukera batzuk eskaintzen zituen. Horrela izan da, eta, adibidez, Aleksander Morozevitx errusiarrak partida bat irabazi zion Kramniki. Boris Gelfand israeldarra, berriz, sailkapeneko goiko postuetan dago oraindik. Baina titulua irabazteko lehian zalantzarik gabe egon behar zirenen artetik, Kramnik errusiarrak eta Anand indiarrak bakarrik eusten diete txapela eskuratzeko aukera guztiei. 11 partida jokatuta, 7,5 puntu ditu indiarrak (lau partida irabazi ditu eta zazpi berdindu). Gelfand du atzetik, puntu eta erdira (sei puntu).
Kramnikek 5,5 puntu ditu eta Peter Leko hungariarrarekin eta Levon Aronian armeniarrarekin berdinduta dago, sailkapeneko burutik apur bat urrun. Errusiarra ez da ondo jokatzen ari. Partida batzuetan saiatu da irabazten, baina bakarrik Morozevitxen kontra lortu du, pieza zuriekin. Hori bai, gero beltzekin, aurkari beraren aurka galdu zuen. Beste partida batzuetan, berriz, ez arriskatzea izan da oraindik munduko txapelduna denaren helburua. Kasu batzuetan kritika gogorrak jaso ditu jarrera horrengatik. Herenegungo partida izan zen adibiderik argiena. 13 jokaldietan berdinketa adostu zuen Aleksander Gristxuk errusiarrarekin. Hori ez da munduko txapelduna izaten jarraitu nahi duenarengandik espero den jarrera, are gutxiago Anandengandik puntu eta erdira egonda. Beraz, gehienen ustez, berdinketa horrekin Kramnikek erakutsi du praktikan munduko koroa galdutzat jotzen duela. Edonola ere, abantailarekin jokatzen du Kramnikek: oraingo munduko txapelduna izanda, badauka eskubidea Mexiko Hirian nagusitzen denaren aurka errebantxako lehia jokatzeko. Eta errusiarrak ondo daki buruz buruko lehia batean Anand gainditzeko bere aukerak askoz handiagoak izango direla. 2000n Garri Kasparov herrikidearen aurka Londresen jokatu zuen buruz burukoa da horren erakusle -Kramnik nagusitu zen-.
Horiek horrela, momentu honetan ezusteko handia izango litzateke Anandek Munduko Txapelketa ez irabaztea. Joko zuzena ari da egiten indiarra; hori bai, egungo maila altuko xakeak agintzen duen moduan, gutxi arriskatuta hori ere. Hiru partida geratzen zaizkio Anandi: Peter Svidler errusiarraren eta Gristxuken aurka pieza beltzekin, eta Lekoren aurka pieza zuriekin. Ez du ematen Svidlerrek, Gristxukek edo Lekok interes berezirik izango dutenik partida horietan arriskatu eta Kramniki laguntzeko. Beraz, gerta daiteke bi aldeetatik arriskatu barik jokatu eta hiru berdinketa lortzea. Kasu horretan Kramnikek ezin izango luke indiarra harrapatu, ezta hiru partidak irabazita ere ez. Gelfandek ahal izango zuen, baina ez du ematen torneo honetan inongo jokalari gai denik hiru partida jarraian irabazteko.
MOROZEVITXEN JARRERA. Beste jokalarien artean, nabarmentzekoa da Morozevitxen jarrera. Gros xake taldeko jokalariak Aleksander Gristxuki irabazteko benetako ahaleginak egin ditu partida gehienetan. Horrek bi garaipen garrantzitsu eman dizkio: Kramniken eta Svidlerren kontra. Baina, horrela arriskatuta, lau partida galdu ditu errusiarrak, eta momentuan sailkapeneko azken postuan dago, 4,5 punturekin, Svidlerrekin berdinduta. Aronianek ere lehiakortasun handia erakutsi du partida batzuetan.
Bestalde, berdinketen kopuru handiaren kontrako arautegi berezi bat ateratzeko asmoa du Nazioarteko Xake Federazioak (FIDE) eta, ziurrenik, datorren urterako berritasunak izango dira alde horretatik.
############
saILKaPenA.
MUNDUKO TXAPELKETA.
1. V. Anand (India) 7,5 puntu.
2. B. Gelfand (Israel) 6 pt.
3. V. Kramnik (Errusia) 5,5 pt.
-. P. Leko (Hungaria) 5,5 pt.
-. L. Aronian (Armenia) 5,5 pt.
4. A. Gristxuk (Errusia) 5 pt.
5. A. Morozevitx (Hungaria) 4,5 pt.
-. P. Svidler (Errusia) 4,5 pt.
############
© berria.info