berria.info

Asteartea, 2007ko urriak 2.

Anand munduko txapeldun berria.

Oso parekatua izan da Mexikon jokatu den Munduko Txapelketa, baina indiarra izan da onena.

josu tornaY.

DonostiA.

Larunbateko jardunaldiak baieztatu zuen Viswanathan Anand indiarraren garaipena, Mexikon jokatu den Munduko Xake Txapelketan. Peter Leko hungariarraren aurka berdintzea nahikoa zuen txapelketa irabazteko. Hala ere, Lekok beltzekin irekitze espainiarraren Marshall bariantea aukeratu zuenean interesa piztu zen. Baina indiarrak ondo lehortu zuen posizioa eta berdinketa sinatu zuten. Boris Gelfand israeldarra ere saiatu zen, baina berdinketarekin konformatu behar izan zuen.

Bestalde, Vladimir Kramnikek Levon Aronian armeniarrari irabazi zion. Azken partidetan errusiarrak azeleragailua zapaldu du eta hiru partidetatik bat berdindu eta bi irabazi ditu, baina Aleksander Morozevitxen aurkako bederatzigarren txandako porrota gainditzeko ez da nahikoa izan.

Aurreikusten zen bezala, berdintasuna izan da nagusi Mexikoko Munduko Txapelketan. Egungo goi mailako xakean gakoa ez galtzea da, eta partidarik ez galtzea lortu duen bakarra Anand izan da. 14 partidetatik lau irabazi ditu eta hamar berdindu. Partida batzuetan, Kramniken kontra adibidez, indiarrak nahiko posizio txarrak izan ditu, baina zorrotz defendatu ditu. Hor egon da gakoa. Garaipenarekin Anandek 2.848ko jokaera izan du torneoan.

############

SosLaIA.

Madrasko Tigrearen talentu naturala.

Viswanathan AnanD.

Xakeko munduko txapelduna.

Benetako izena Anand Viswanathan da, ez alderantziz. Hala ere, akats batengatik gaizki erregistratu zen FIDEko zerrendetan, eta deitura gisa hartu zuten izena: Anand. Ekonomian lizentziaduna eta eleaniztuna da. Nahiz eta Madrasko Tigrea goitizena gazte zela jaso, lasaia eta atsegina da indiarra, kirolaria eta barazkijalea. Collado Villalban (Espainia) bizi da eta izaera umil eta lagunkoiak begikotasuna eman dio. Sobietar Batasunean jaio ez den xake jokalari onena da Fischer erretiratu zenetik, Europa Ekialdeko nagusitasuna apurtu zezakeen bakarra. Indian heroi nazionala da eta hainbatetan lortu du Indiako kirolari onenaren saria. Egun elo zerrendetako munduko lehena da eta hamar urte daramatza bost onenen artean.

Madrasen -India- jaio zen, 1969an. Amak txikitan irakatsi zizkion xakeko arauak, eta hortik aurrera hobetzeko gogo handia izan du. Madrasen xake giro handia zegoen garai hartan, gainera. Indiako nazioarteko lehen bi maisuak -Aaron eta Rayikumar- Madraskoak ziren, eta han, Sobietar Batasuneko enbaxadak sustatuta, Mijail Tahl xake klub ospetsua zegoen. Ananden talentu naturala partida bizkorretan ikusten zen batez ere. Lehen urteetan ohikoa zen haren jokaldiak ia pentsatu barik erabakitzea. 21 urte zituenean, adibidez, munduko bosgarrena zen Valeri Salovi irabazi zion, hiru minutu soilik erabilita.

Anandek lehen arrakastak 1983tik 1985era lortu zituen. Indiako gazteentzako torneoak menderatzen zituen, eta 1986an Indiako txapeldun bihurtu zen. Hala ere, haren kirol ibilbideko momentu erabakigarriena 1987an iritsi zen, munduko gazteentzako txapelketa irabazi zuenean. Haren izena mundu osoan zabaldu zen, eta «demonioak bezain bizkor mugitzen duen gaztetxo indiarra» izenarekin bataiatu zuen aurkari batek. Maisu Handiko titulua 18 urterekin lortu zuen. Baina ezusteko ezatseginen bat ere jaso zuen. 1988an, ia pentsatu barik, sei mugimendutan galdu zuen Alonso Zapataren aurka: pentsaezina Maisu Handi batentzat. Ohitura batzuk aldatu beharra zeuzkan gorago ailegatzeko.

MUNDUKO TXAPELKETAREN BILA. Maisu Handiko titulua lortu ostean, urte txar batzuk pasa zituen Anandek. 1991n egoera hobean zen, eta Munduko Txapelketako hautagaien artean sartu zen. Karpov tokatu zitzaion final-laurdenetan, eta, nahiz eta buruz buruko ona jokatu, galdu egin zuen. Hala ere, 1991ko Gabonetan baieztatu zen handienen artean sartuko zela. Reggio Emilia torneoan, 90eko hamarkadako lehen supertorneoan, nagusitu zen, Karpov eta Kasparoven aurretik.

Baina 1993an banaketa iritsi zen xake mundura. Anand saiatu zen PCAko eta FIDEko torneoetan jokatzen, eta bietan izan zen Munduko Txapelketarako hautagaia. Agian larregi izan zen. FIDEkoan Kamskik kanporatu zuen, eta PCAkoan finalera heldu zen, Kasparovekin. 1995eko irailaren 11n, World Trade Center-eko 107. solairuan hasi zen finala. Anandek irabazi zuen, bederatzigarren partidan. Baina Kasparov une onean zegoen, eta hurrengo bost partidetatik lau irabazita tituluari eutsi zion.

1998an beste aukera bat izan zuen Anandek Munduko Txapelketa irabazteko. FIDEren egitura berria irabazi zuen, eta Karpoven aurka finala jokatzeko eskubidea lortu zuen. Erritmo normaleko partidetan 3-3 geratu ziren, baina, paradoxikoki, berdinketa hausteko partida bizkorretan Karpov nagusitu zen.

Karpovek eta Kasparovek XX. mendeko azken 25 urteak menderatu zituzten, eta hori oztopo handia izan da xake jokalarien belaunaldi oso batentzat. Munduko txapelketa irabazteko aukerak zabaltzen hasi ziren XXI. mendea hurbildu ahala. Beraz, 2000n Kramnikek Kasparov gainditu zuen Braingames Munduko Txapelketan, eta Anandek Xirov gainditu zuen FIDEkoan. Momentu horretan bi munduko txapeldun zeuden, Kramnik eta Anand. Kasparov, berriz, elo zerrendetan zegoen, eta gehienen ustez onena zen. Geroko historia ezaguna da: FIDEko KO torneoak urteroko munduko txapeldunekin, San Luisko torneoko Topaloven garaipena, Elistako Topalov-Kramnik buruz burukoa eta Mexikoko Ananden garaipena. Orain munduko txapeldun bakarra da Anand, baina datorren urtean Kramniken aurkako kitarakoa jokatzera behartuta dago. Norgehiagoka mota hori da Kramniken espezialitatea eta aukera ezin hobea da Anandentzat benetako txapelduna bera dela erakusteko.

­ JOSU TORNAY.

############

############

saILKaPenaK.

1. Viswanathan Anand 9 puntu.

2. Vladimir Kramnik 8 pt.

3. Boris Gelfand 8 pt.

4. Peter Leko 7 pt.

5. Peter Svidler 6,5 pt.

6. Aleksander Morozevitx 6 pt.

7. Levon Aronian 6 pt.

8. Aleksander Gristxuk 5,5 pt.

############

© berria.info