berria.info

Osteguna, 2007ko urriak 4.

Gros xake taldea, onenen artean.

Donostiako taldea Europako onenen artean sartu da berriz, eta lehen txandan 4’5-1’5 irabazi du.

josu tornaY.

DonostiA.

Gros-Iretzak atzo hasi eta urriaren 9ra arte Europako Taldekako Xake Txapelketan parte hartuko du berriz, Kemeren (Turkia), goi mailako beste 55 talderekin batera. Gros Xake Taldean Pengxian Zhang txinatarra (2007ko Asiako txapelduna), Loek Van Wely, Vadim Milov, Andrei Istratescu, Christian Bauer, Hichem Hamdouchi, Iņigo Argandoņa eta Santiago Gonzalez daude. Donostiarrak iazko 7. postua hobetzen saiatuko dira. Elo batez bestekoan 8. postuan daude hasierako zerrendan, eta lehen txandan Turkiako Doruk Koleji izan zuten atzo aurkari. 4,5-1,5 irabazi zuten (Istratescuk galdu egin zuen eta Milovek berdindu), eta Iņigo Argandoņak, Groseko 6. taulan, jokatu eta puntu osoa lortu zuen, Nalbantoglu turkiarraren kontra.

ERRUSIA ETA ALEMANIA INDARTSUENAK. Torneoko talde indartsuenak errusiarrak eta alemaniarrak dira. Alemaniarren artean Baden-Baden da talde indartsuena. Bere lehen lau jokalariek -Anand munduko txapelduna, Svidler, Carlsen eta Bacrot- postu ona ziurtatzen diote. Errusiarren artean, berriz, Ural eta Tomsk dira talde indartsuenak. Uralek Radjabov, Xirov, Gristxuk eta Akopian dauzka lehen lau tauletan, baina atzetik ere jokalari sendoak dauzka -Malakhov eta Dreev, esaterako-.

Tomskekoek, azkenerako, Morozevitx fitxaturiko jokalari nagusia izango dute lehen taulan, eta atzetik, Jakovenko, Karjakin, Kasimdzhanov... Bosna-Sarajevok (Bosnia-Herzegovina) Ivantxuk dauka lehen taulan, eta Meridako Linux Magicek (Espainia), Kamski errusiar-estatubatuarra. Bi talde horiek onenen artean egotea espero da.

Duela urte batzuk hasi ziren xakean fitxaketa profesionalak egiten, eta kontinenteko talde onenek, normalean, ez dute euren herrialdeko jokalari asko izaten. Ekialdeko herrialdeetako jokalari batzuk izaten dituzte lehen tauletan eta etxeko bat edo bi beheko tauletan edo ordezko moduan. Baden-Baden taldearena da adibide argiena. Zortzigarren postuan dagoen jokalaria soilik da etxekoa: Schlosser.

Salbuespen argiena, berriz, Kieveko (Ukraina) Keistone da, Ponomarioven taldea. Jokalari guztiak ukrainarrak dira, eta 56 taldeen artean seigarren faboritoak dira. Kontrako adibideak dira hasierako sailkapeneko beheko aldean dauden taldeak. Horien artean torneoko talderik umilena dago: Albaniako Apollonia. Jokalari guztiak nazioarteko elo barik dauden talde bakarra da, denak albaniako amateurrak dira.

Š berria.info