berria.info

Asteazkena, 2007ko urriak 10.

Iazkoa hobetu ezinda.

Gros-Iretza 13. postuan sailkatu da Europako Kluben arteko Xake Txapelketan, Turkian.

JOSU TORNAY.

DonostiA.

Alexander Morozevitx, irailean Mexikon jokatutako Munduko Txapelketan. MARCOS DELGADO/EFE.

Hilaren 3an hasi eta atzo bukatu zen Kemeren (Turkia) jokatutako Europako Kluben arteko Xake Txapelketan. Orotara 56 talde aritu dira lehian. Torneoko faborito nagusiak talde errusiarrak eta alemaniarrak baziren, goiko postuetan egoteko aukera pentsatzen zena baino zabalagoa izan da. Azkenean, norgehiagoka guztiak jokatu ondoren, Linex-Magic Merida Extremadurako (Espaina) taldeak irabazi du Europako Txapelketa. Gros-Iretza, berriz, 13. postuan sailkatu da eta ezin izan du iazko zazpigarren postua hobetu.

Linex-Magic Meridak norgehiagoka zaila zuen azken txandan Saratov talde errusiarrarekin eta ondo irabazi zuten (4-2). Espainarren porrot bakarra taldeko jokalari espainiar bakarrak jaso zuen. Perez Candelario nazioarteko maisuak Korneeven kontra galdu zuen. Baina Txeparinovek, Rublevskik eta Kamskik irabazi zituzten euren partidak. Horrek, hain zuzen, Adams eta Sargissianen berdinketekin batera eman zion titulua talde espainiarrari . Bereziki nabarmentzekoa da Kamski errusiarraren -Amerikako Estatu Batuetako herritartasuna duen arren- jokaera ona. Ematen du jokalari honek -bere garaian mundu osoan etorkizun handienetarikoa zuen jokalaria zen, eta xakea utzi zuen ikasketetan buru-belarri murgiltzeko- bere maila berreskuratzeko bidean jarraitzen duela xakera bueltatu zenetik.

Grosekoek, aldiz, norgehiagoka zaila eduki zuten atzo Errusiako Tomsk taldearen kontra. Azkenean donostiarrak 13. postua lortu dute. Berdinketa gutxienez behar zuten donostiarrek iazko zazpigarren postua hobetzeko aukeraren bat izateko. Baina Tomsk faboritoen artean izan zen hasieratik eta Grosen kontra erakutsi zuten zergatik. Groseko talde titularreko jokalariek Tomskekoek baino elo gutxiago eduki zituzten sei tauletan. Hala ere, Van Welyk lortu zuen Morozevitxekin berdintzea, Milovek Jakovenkokin emaitza berdina lortu zuen eta Pengxiang Zhang txinatarrak ere Karjakinekin puntu erdia lortu zuen. Azken bi tauletan ere Bauerek eta Hamdouchik lortu zuten berdintzea Inarkievekin eta Tkatxievekin. Baina norgehiagoka laugarren taulan erabaki zen. Andrei Istratescuk Kasimdzhanoven aurka galdu zuen eta 3,5-2,5 galdu zuten orotara donostiarrek. Errumaniatik etorritako fitxaketak ez du oso torneo ona bete eta zazpi partidetatik bost berdindu ditu eta bi galdu.

Euskal jokalariei dagokionez aukera gutxi izan dituzte jokatzeko. Hala ere, egin dutena ondo atera zaie. Lehen txandan Iņigo Argandoņak irabazi zuen bere partida seigarren taulan, eta bigarren txandan Santiago Gonzalezek berdinketa lortu zuen ere taldeko azken taulan.

Š berria.info