berria.info

Osteguna, 2007ko urriak 18.

ESAIT: «Euskal kirol federazioen etsai gisa kokatu du bere burua Espainiak».

erredakzioA.

DonostiA.

ESAIT Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeak gogor salatu zuen atzo herenegun, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak hartutako erabakia. Paulino Luesma Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak joan zen uztailean 19 euskal kirol federazioaren aurka jarritako helegiteetatik zazpi onartu zituen atzo EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Erabakiak ez du ustekabean harrapatu ESAIT. «Oso argi genuen onartu egingo zituela, erabakia hain azkar hartu izana da harritu gaituen bakarra».

Kirol federazio horien estatutuek EAEko ordezkaritza gainditu eta «euskal kirola nazioartean ordezkatzea» ahalbidetu dezaketelako hartu zuen erabakia Luesmak. ESAITen arabera, «Euskal Herri gisa kirol diziplina guztietan nazioarteko txapelketetan parte hartu ahal izatea herri eskubidea da». Espainiako Gobernua Euskal Herriaren kirol eta giza errealitatetik «oso urrun» dagoela dio ere ESAITek, eta helegiteak aurkeztuta, Espainiako Gobernua Euskal Herriko kirol federazioen «etsai moduan» kokatu duela bere burua. Horren aurrean, behar bezalako erantzuna emateko deia egin du ESAITek, «bide berriak jorratuz, irudimenez eta ausardiaz».

© berria.info