
Ponomariovek lehen
postuari eusten dio Txapeldunen Ligan
Donostia
Hilaren
2tik ari da jokatzen Gasteizen xakeko Txapeldunen Liga torneoa. Maila ezberdinetan munduko txapeldun izandako jokalariak oso ongi ari dira
jokatzen Gran Hotel Lakuan.
Torneoko jokoa ona bada, hotelean
egin den muntaia ere ikaragarria da: hotsgabetutako
urna batean jokatzen dute jokalariek eta zaleek gertu gertutik
ikus ditzakete partidak. Pantaila erraldoiak ere badaude, eta Alfonso Romero maisu handiak eta Leontxo
Garcia nazioarteko maisuak partidak komentatzen dituzte. Halaber, torneoan egiten diren ekintza
paraleloekin ateratzen den dirua Kongoko Errepublika
Demokratikoko ospitale bati laguntza emateko
erabiliko da.
Karpov,
Topalov, Ponomariov, Polgar, Kasimdzhanov eta Khaliffmanek aritu behar zuten
hasiera batean. Hala ere, azken
unean Nisipeanu errumaniarrak Khaliffmane ordezkatu zuen, errusiarra gaixo baitzegoen. Hainbeste jokalari on izanda,
zaila zen faborito bat izendatzea. Hala
ere, Topalov ageri zen kiniela guztietan
faborito moduan, nahiz eta bulgariarra
duela gutxi jokatutako Europako Txapelketan ez zen ondo
aritu. Halere, Gasteizko torneoko lehen txandan Karpov
gainditu zuen, eta faboritoa zela
berretsi. Hori bai, laugarren txandan, Polgarrekin galdu zuenean, eta Ponomarioven ziurtasuna ikusita, pixkanaka ukraniarra hasi zen faborito
moduan agertzen. Ponomariovek lehen txandan Polgar gainditu zuen, eta, bigarrenean, Nisipeanurekin berdindu zuen. Hirugarren txandan, eta partida eder batean, berriz, Karpov gainditu zuen, eta buruan
ipini. Azken bi txandetan berdindu
egin du Kasimdzhanovekin
eta Topalovekin. Beraz, lehen itzulia
bukatuta ukraniarra da nagusi torneoan. Puntu erdi ateratzen
die Polgarri eta Topalovi.
KARPOV,
BURUMAKUR. Karpoven jokoa apur
bat arraroagoa izan da. Adibidez,
lehen partida denboragatik galdu zuen. Denbora
larregi erabili zuen hasierako mugimenduak egiteko, zuriekin. Hasi berrien hutsa dela
esan daiteke. Noski, partida zaildu zenean ez zuen
nahiko denbora izan mugimenduak betetzeko, eta galdu egin
zuen. Ponomariovekin ere, nahiz eta zuriekin
jokatu, posizio txarragoa lortu zuen, eta bere
saiakerek ez zuten fruiturik lortu. Lehen hiru partidetatik bi galtzea oso hasiera eskasa da munduko txapeldun ohiarentzat. Gaur atsedena izango
dute jokalariek, eta bihar bigarren
itzulia hasiko da.
© berria.info