berria.info

Asteazkena, 2007ko abenduak 12.

Abian da Elgoibarko Nazioarteko Xake Torneoa.

josu tornaY.

DonostiA.

Herenegun hasi zen Elgoibarko XVII. Nazioarteko Xake Torneoa. Euskal Herrian antolatzen diren txapelketa itxien artean jokalari onenak izan ohi dituena da; eta parte-hartzaileen artean, adibidez, Veselin Topalov dago. Lehen bi ekitaldietan jokatu zuen bulgariarrak 16 eta 17 urterekin. Munduko onenen artean egongo zela aurreikusten bazen ere, bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen 1991n eta 1992an.

Txapelketak ere euskal jokalariak gorengo mailan jokatzeko balio izan du. Mario Gomez, Felix Izeta eta Jesus Iruzubieta beste batzuren artean dira ekitaldi gehien jokatu duten euskal maisuak. Azken urteetan, Gomezekin batera, Iņigo Argandoņa eta Santi Gonzalez euskal jokalariak sarri aritu dira. Aurten, Mikel Huergak ere jokatuko du, eta harekin belaunaldi gazteago bat lekua hartzen hasi da. Euskaldunen artean bakarrik Gomezek eta Izetak lortu dute txapelketan nagusitzea. Izetak 1996an irabazi zuen eta Gomezek 1999an.

Atzerritarren artean batez ere Oleg Korneev maisu handia aipatu behar da. 10 aldiz jokatu du torneoa errusiarrak -aurtengoarekin 11 izango dira- , eta horietatik bostetan nagusitu eta hirutan izan da txapeldunorde. Aurten ere faboritoen artean izango da, baina Mirzoev azerbaijandarra (iazko txapelduna), Paunovic serbiarra, Prie frantziarra eta, batez ere, Miton poloniarra aurkari gogorrak izango dira. Miton jo daiteke faborito nagusitzat, duen eloa kontuan hartuta (2.628). Euskal jokalarien artean berriro Gomez aurreikusten da onenen artean sartzeko. Baina Gonzalez eta Huerga torneoko ezustekoak izan daitezke. Gonzalez ezustekoa izan zen 2001ean, bigarren sailkatuta. Bestalde, Huergaren garapenak edozer lortzeko gai dela erakusten du. Iņigo Argandoņa, berriz, ez da ariko.

Š berria.info