Euskal
Herria: «Nazio bat, selekzio bat!»
Euskal Herriko Selekzio nazionalen ofizialtasunaren
aldeko beste aldarri bat izan zen atzo. Ehun kirolaritik gora Donostiako kafe
antzokian batu ziren «Euskal Herria; Nazio Bat, selekzio Bat!» aldarriari beren
atxikipena adieraziz. Kaleko hotzaren gainetik, aldarrikapen baten epela
antzeman zen. Ukazioaren zarataren gainetik, berriz, baiezkoaren aldeko
ilusioen marmarra, ahotsa, aldarria. Eta ororen gainetik, abenduaren 29rako
ekitaldietarako gonbitea.
Arnaitz GORRITI | DONOSTIA.
Donostiako Kafe Antzokia gune modernoa da, orotariko elkarretaratzeak
egiteko aproposa: Lasaia eta zabala, ekitaldi jendetsuak hartzeko modukoa.
Bada, apurka, baina etengabe sartu zen kirolari samaldaren aurrean txiki geratu
zen. Txiki eta ilun, argia eta leku zabalak behar dituen oihuarentzat.
16.30ean hastekoa zen prentsaurrekoa, baina jakina zen, hemengo ohiturei
jarraiki, nekez hasiko zela sasoiz ekitaldia. Ez, baina, deitzaileen
arduragabekeriagatik edo kirolarien utzikeriagatik, uneoroko jarioa, aurpegi
ezagun eta ez horren ezagunak biltzen zituen uholdea osatu artekoa, osatzen ari
zelako baizik.
Lehenengo aurpegi ezagunak.
Kafe Antzokiak nagiak ateratzen zituen arratsaldeko 15.30erako. Atea ireki,
argiak piztu, musika jarri... prentsaurrekorako atondurik zegoen eremua izan
ezik, gainontzeko guztiari zerion bazkalostearen lurrina.
Berehala esnatu behar izan zuen, ordea. Goiz zen artean, baina kazetari,
kameralari eta enparauak agertzen hasi ziren. Lanerako zeuden aurpegi
anonimoak. Baina ez zeuden bakarrik, aurreneko kirolari ezagunak sartzen hasiak
baitziren: Julen Bereikua puntista, Ane Karrere, Ibon Enbil eskubaloi
jokalaria...
Musika zen une horietan errege; ez altuegi, baina bai etengabea. Horren
azpian antzeman zitekeen, ordea, elkarrizketa animatuaren hotsa. Marmarra baino
ez hasieran, musikarekin lehiatu nahiko ez balu bezala; marmarretik ahotsera,
baina ez anabasa, apurka indarra hartzen ari den oldea baizik. Kirolak,
ofizialtasunek eta nazio aitorpenek metafora gutxi onartu ohi dituzte. Atzo
berriz, prentsaurrekoa ez ezik, metafora bat ere bizi izan zen Kafe Antzokian.
ESAITeko Mikel Uzkudun eta Martxel Toledo 15.55ean iritsi ziren. Beren
ostean, ia orpoz orpo, Iñigo Chaurreau eta Mikel Astarloza lehengusuak, Haimar
Zubeldia eta Unai Etxebarria ere berehala heldu ziren. Bestetik, Jose Luis
Korta edo Aimar Irigoien ere 16.00ak pasatxoan iritsi ziren. Agurrak eta
besarkadak nonahi. Jakina zen artean jendea falta zela eta, noski,
prentsaurrekoa ez zela garaiz hasiko. Sinestezina, baina Kafe Antzokia txiki
geratzen ari zen.
16.15erako Kafe Antzokia jendez mukuru zegoen, futbolariak ere han
baitziren. Garitano, Ansotegi, Labaka eta Aranburu; Ustaritz, Susaeta,
Garmendia Aduriz eta Gabilondo; Eibarreko Gurrutxaga, Etxabe edo Alaña.
Soinu probak egiten hasi ziren. Jendea falta zen, ordea. Iñaki Perurena,
Oskar Astarloa, Aratz Mendizabal, Kepa Peñagarikano, Juan Manuel Erasun, Izortz
Zabala, Amaiur Alfaro... bertan ziren, baina oraindik ez zeuden guztiak.
Argazkiak ere falta ziren gainera. Arratsaldeko lau eta erdietan, argazkilariek
leku zabalagoa eskatu behar izan zuten. Euskal Selekzioek badute
jarraitzailerik, antza, eta ez dira bizpahiru.
16.40ean, denok kalera! Euskal Selekzioen Aldeko familiak lekua behar zuen
nonbait. Jakintza ikastolako haur eta gurasoak begira ziren. Ekitaldi nagusia,
prentsaurrekoa, 17.00etan hasi zen.
Txalo zaparrada.
Mikel Aranburu, Angela Vilariño eta Ellande Alfarok hartu zuten hitza, eta
gainontzeko kirolariak oholtzan jarri ziren.
«Euskal Herria: Nazio Bat, Selekzio Bat» manifestua irakurri zuten:
Aranburuk euskaraz, Vilariñok gazteleraz. Alfarok frantsesez ez egitea
deliberatu zuen, Estatu frantseseko inor ere ez zelako ageri. Irakurketa txalo
zaparradarekin amaitu zen. Alfarok lortu zituen txalorik beroenak. «Agian egun
batez euskaraz aski izanen da». Ahots bat, nazio bat, selekzio bat.
Manifestua.
EUSKAL HERRIA: NAZIO BAT, SELEKZIO BAT!!
Euskal Selekzioen inguruan, azken hilabeteotan, arrazoi ezberdinengatik
sortu diren zalapartak ikusirik eta datorren Abenduaren 29rako Bilbon
antolaturiko ekimenen harira, agerraldi honen bidez, euskal herritar eta
kirolari gisara, honako hausnarketak eta eskaerak plazaratu nahi ditugu:
1 Nazio bat gara: Euskal Herria. Eta, ondorioz, nazioarteko txapelketa
ofizialetan parte hartzeko eskubidea dagokigu. Euskal kirolariok, nazioartean,
era ofizialean Euskal Herria ordezkatzeko aukera aldarrikatzen dugu.
2 Badakigu, helburu hau lortzea ez dagoela soilik kirolarion esku. Baina,
era berean, ofizialtasunaren alde lan egitea gure zeregina ere badela argi
daukagu. Gu euskaldunak gara, gure selekzioa Euskal Herriko selekzioa da, eta
zentzu horretan aurrera egiteko, gure esku dauden pausuak emateko prest gaudela
argi eta garbi azaldu nahi dugu.
Hau esan ondotik, hauek dira luzatu nahi ditugun eskaerak:
1 EUSKAL HERRIKO ERAGILE POLITIKO ETA KIROL-FEDERAZIO
EZBERDINEI: Ofizialtasunaren bidean aurrera
egin eta Euskal Herriko selekzioek nazioarteko txapelketa ofizialetan parte
hartzeko duten eskubidea bermatu arte, lan-indarrak areagotzeko eskatzen
dizuegu. Euskal Herria munduaren aurrean ordezkatu ahal izateko, Euskal Herriko
kirolari guztiok bilduko gaituzten federazioak behar ditugu.
2 FRANTZIA ETA ESPAINIAKO ERAGILE POLITIKO ETA
KIROL-FEDERAZIO EZBERDINEI: Euskal
Selekzioaren aurkako erasoak alde batera utzi, eta euskal kirolariok
nazioarteko txapelketa ofizialetan Euskal Herria ordezkatzeko dugun eskubidea
errespetatu eta horretarako aukera eman iezaguzuela. Ez diogu inori ezer kendu
nahi, dagokiguna eskuratu baizik.
3 EUSKAL HERRITAR GUZTIOI: Datorren Abenduaren 29an, Euskal Herria-Katalunia nazioarteko futbol
partidaren aurretik, ESAITek Bilboko Arenalean antolaturiko jai-gunera joateko,
eta arratsaldeko 17.30etan
Eta, DEI BEREZIA Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa Beherea,
Nafarroa Garaia, Lapurdi eta Zuberoako kirolari guztioi, ibilbidea
manifestazio-buruan kirolarientzat gordeko den gunean egin dezazuen.
A. G.