berria.info

Asteartea, 2007ko abenduak 18.

 

«Ofizialtasunaren bidean indarrak areagotzeko eskatzen dugu».

Hilaren 29an Bilbon egingo den manifestaziora joateko eskatu du Euskal Herriko kirolari talde batek.

unai zubeldiA.

DonostiA.

Euskal Herriko hainbat kirolari, atzo, Donostian egindako agerraldian; euskal selekzioen aldeko aldarrikapena egin zuten guztiek. IMANOL OTEGI/ARGAZKI PRESS.

«Euskal Herria munduaren aurrean ordezkatu ahal izateko, Euskal Herriko kirolariok bilduko gaituzten federazioak behar ditugu». Euskal Herriko kirolari multzo batek idatzi bat adostu du Euskal Herriak nazioarteko txapelketa ofizialetan parte hartzeko daukan eskubidea aldarrikatzeko. Atzo egin zuten aurkezpena, Donostian, eta eskaera argia egin zieten Euskal Herriko eragile politikoei eta kirol federazioei. «Ofizialtasunaren bidean aurrera egin eta Euskal Herriko selekzioek nazioarteko txapelketa ofizialetan parte hartzeko duten eskubidea bermatu arte indarrak areagotzeko eskatzen dugu».

Hilaren 29an Euskal Herriak eta Kataluniak nazioarteko partida jokatuko dute Bilbon, eta egun horretarako antolatutako ekimenen harira adostu dute aldarrikapena Euskal Herriko 100 bat kirolarik. «Euskal herritar eta kirolari gisa, azken hilabeteetan arrazoi ezberdinengatik Euskal Selekzioen inguruan sortu den zalaparta ikusita». Mikel Aranburu Realeko jokalariak irakurri zuen komunikatua euskaraz, gainerako kirolarien izenean, eta espainierazkoa Angela Vilariño pilotuak irakurri zuen.

Euskal Herriko eragileei ez ezik, Espainiako eta Frantziako eragile politikoei eta kirol federazioei ere eskaera argia egin diete kirolariek: «Euskal Selekzioaren aurkako erasoak alde batera utzi, eta euskal kirolariok nazioarteko txapelketa ofizialetan Euskal Herria ordezkatzeko dugun eskubidea errespetatu. Aukera eman iezaguzue. Ez diogu inori ezer kendu nahi, dagokiguna eskuratu baizik».

Ellande Alfaro pilotariak irakurri behar zuen idatzia frantsesez, baina, agerraldian frantsesez aritzen den komunikabiderik ez zegoenez, euskaraz egin zuen aldarrikapena. «Ipar Euskal Herrian egitura administratiborik ez denez, hiru lurraldeak batzen dituen federaziorik ez dago. Zailtasun bat gehiago, beraz. Baina kirolariok federazio nazionalak behar ditugu, horrek ekarriko du selekzioa».

Euskal Herriak nazioarteko txapelketetan jokatzea kirolarien esku soilik ez dagoela jakinda ere, Aranbururen hitzetan, argi daukate ofizialtasunaren alde lan egitea euren zeregina ere badela. «Gu euskaldunak gara, gure selekzioa Euskal Herriko selekzioa da, eta argi eta garbi azaldu nahi dugu gure esku dauden pausoak emateko prest gaudela».

«Euskal herritar eta kirolari gisa», hausnarketa batek batu ditu kirolariak: «Nazio bat gara: Euskal Herria. Eta, ondorioz, nazioarteko txapelketa ofizialetan parte hartzeko eskubidea dagokigu».

DEI BEREZIA EUSKAL HERRITARREI. Abenduaren 29an 20:30ean hasiko da Euskal Herriaren eta Kataluniaren arteko partida, baina aurretik ESAIT Euskal Selekzioen Aldeko Iritzi Taldeak Bilboko Areatzan jaialdia antolatuko du. «Futbol partidaren aurretik ESAITen gunera joateko eta 17:30ean Euskal Herria: Nazio bat, Selekzio bat lelopean Casilla kiroldegitik irtengo den manifestazio nazionalean parte hartzeko dei egiten dizuegu».

Abenduaren 29koa kirol munduko jaia eta aldarrikapena izaki, herritarren babesa eskatzeaz gain, atzo Donostian bildutako kirolariek gainerako kirolariei ere eskatu zieten ekimenarekin bat egiteko: «Dei berezia egiten dizuegu Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako, Nafarroa Behereko, Nafarroa Garaiko, Lapurdiko eta Zuberoako kirolari guztioi ibilbidea manifestazioaren buruan kirolarientzat gordeko den gunean egin dezazuen».

############

«Nazio bat gara, eta nazioarteko txapelketa ofizialetan parte hartzeko eskubidea dagokigu».

«Gure selekzioa Euskal Herriko selekzioa da, eta gure esku dauden pausoak emateko prest gaude».

mikel aranburU.

Kirolarien bozeramailea.

############

############

KIroLarIen zerrenDa.

Besteak beste, ondorengo kirolariak izan ziren atzo Donostiako Doka kafe antzokian egindako agerraldian, kirol arloka sailkatuta:

Futbola. Mikel Aranburu, Mikel Labaka, Gaizka Garitano, Jon Ansotegi, Aritz Aduriz, Igor Gabilondo, Ustaritz Aldekoaotalora, Joseba Garmendia, Ander Alaña, Mikel Etxabe, Javier Gurrutxaga, Xabier Eizagirre, Jon Altuna, Markel Robles, Jon Urzelai eta Eneko Romo.

Txirrindularitza. Arantzazu Azpiroz, Leire Olaberria, Mikel Astarloza, Haimar Zubeldia, Iñigo Chaurreau, Unai Etxebarria eta Amets Txurruka.

Pilota. Aratz Mendizabal, Kepa Peñagarikano eta Ellande Alfaro.

Triatloia. Ainhoa Murua eta Itsaso Leunda.

Harri-jasotzea. Aimar Irigoien eta Iñaki Perurena.

Sega. Andoni Goikoetxea.

Arrauna. Zumaia eta Urdaibai arraun taldeak, Jose Luis Korta, Juan Mari Etxabe, Iñaki Errasti, Jon Salsamendi eta Izortz Zabala.

Eskubaloia. Ane Karrere eta Amaia Ramirez.

Igeriketa. Sara Carracelas eta Ivan Agirre.

Atletismoa. Iban Maiza eta Asier Cuevas.

Bela. Amaiur Alfaro.

Boccia. Yolanda Martin.

Piraguismoa. Jon Erguin.

Eskia. Mitxel Blanco.

############

© berria.info