berria.info

Larunbata, 2007ko abenduak 29.

'Balinda': Euskal Herria.

Iñigo Santxo UriartE.

ESAITeko kidea.

Gogoan dut ETBn ematen zutela euskararen inguruan eduki pedagogikoa zuen programa bat, Ezinda, Balinda titulupean, Kike Amonarrizek eta Andoni Egañak bideratzen zutena, Miren Azkaratek ere parte hartzen zuelarik.

Ume hizkeratik ei datorren aforismo hori zeharo positiboa da, izan ere, Balinda-k, itzulpenik ez omen duen arren, Ezinda, balinda formulak, balio baitu adierazteko debeku absurduen aurrean ekin eta ekinez lorpenak eskuratu daitezkeela.

Bizitza laburra bada, kirolarien lehia-bizitza are laburragoa, eta urtetik urtera min handiz ikusten dugu Euskal Selekzioen alde buru-belarri jardun duten kirolari ugarik beren kirol-erretreta hartzen dutela, gure Herriaren Selekzio ofizialarekin lehiatzeko aukerarik izan gabe. Beraz, Selekzioen gaiak, lehentasunezkoa baino gehiago, premiazkoa behar du izan.

Euskal Selekzioen gaineko debatean, maiz esan ohi da ofizialtasuna ez dagoela bakarrik gure esku, eta horrela da, Euskal Kirol Federazioen ofizialtasuna lortu ahal izateko faktore nagusia kanpokoa baita.

Euskal Federazioei Nazioarteko Federazioetarako sarrera eskatzea dagokie, baina Nazioarteko Federazioetan, erakunde pribatuak diren heinean, bazkide berrien onartzeko beren bazkideek dute hitza. Nazioarteko Federazioetako bazkideen botoa, sarritan, kirol irizpideetan baino gehiago, irizpide politiko edo ekonomikoetan oinarritzen da, sartu nahi duen Federazioak zuzen ala zeharka egingo duen «ekarpenarekin», finean, duen «erosteko ahalmena»-rekin, eta kontuan hartzen badugu Kirol Federazioak orokorrean ez direla erakunde aberatsak ezta boteretsuak ere, bere «arrazoien pisua» neurtzen da, bere Herrialdeko Gobernuak ematen dion «babesa»-rekin.

Gure kasuan publikoa da estatu espainol eta frantseseko agintarientzako Kirol Selekzioen gaia, lehen mailako auzia, «Estatu auzia» dela, Euskadikoentzako, aldiz, oraingoz ez. Madrilgo Gobernuaren aurrekontuak ere babestu izanak ziurtatzen du aurreko baieztapena.

Autonomi Erkidegoek sortzen dituzten barne legeak Nazioarteko Federazioen barruan aldeko iritziak sustatzeko baliagarriak izan badaitezke ere, ofizialtasunaren alde egin ditzaketen pronuntziamenduak mugatuak dira, ezin baitezakete baldintzatu Nazioarteko Federazioetako bazkideen botoa. Esan bezala, Nazioarteko Federazioetako bazkideen botoak eskuratu ahal izateko, exekutiboen babes eraginkorra ezinbestekoa da.

Euskadiko, zein Nafarroako Kirol Legeek ofizialtasunarekin baino, zerikusi handiagoa izan dezakete lurraldetasunaren planteamenduarekin, gure Herriaren kirolaren egituratzearekin hain zuzen ere; finean, Hego Euskal Herriko Kirol Federazio nazionalak sortzeko aukerarekin. Aukera hori egingarria izateaz gain, bi Autonomia Erkidegoetan kirolaren gaineko eskumen esklusiboa dagoen aldetik, gure esku ere badago. Beste esparru batean dagoen adibidea argia da, Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioa.

ESAIT Euskal Selekzioen Aldeko Iritzi Taldearen planteamendu guztien ardatzak sorreratik beti berdinak izan dira: Lurraldetasuna eta ofizialtasuna. Bi kontzeptuok gure jardueraren zurtoinak badira ere, aurrerapauso eraginkorrak lortu ahal izateko, eta gaiak duen premia kontuan hartuta, ez dugu arazorik, ezta konplexurik ere, planteamendu taktikoetan aipatu ardatzen presentzia modulatua onartzeko. 1998an Euskadiko Kirolaren Legeari emandako babesa testuinguru eta era horretan ulertu behar da.

Kirol Legea babesteko arrazoia Euskal Kirol Federazioen Batasunaren definizioan oinarritu zen. Baina, 2002. urtean, gure Herriaren testuinguru politikoa 1998koarekin alderatuta, erabat aldatuta zegoenean Eusko Jaurlaritzak dekretuz sortu zuen Euskal Kirol Federazioen Batasuna. Dekretu horrek erabat hautsi zituen 1998an Legeari babesa emateko hitzartutako baldintzak, Federazioen Batasunak lurraldetasunaren gainean izan behar zuen diseinu organiko adostua, hain zuzen ere. Areago, egun, Kirol Saileko Zuzendaritzak Kirolaren Legea eta Federazioen Batasuna baliatzen ditu euspen-horma gisan, orokorrean Euskal Federazioetan ofizialtasunaren aldeko jarduera eta aldarrikapenak fiskalizatu, eta bereziki, ESAITen ekimenak neutralizatu eta ezeztatzeko; Abanto-Zierbena, Mungia eta beste hainbat herritan Euskal Selekzioen inguruan aurkeztutako kontramozioek agerian utzi duten eran.

Euskal Selekzioa ezin da Extremadura edo Murtziako Selekzio autonomikoaren baliokidea izan, hemen ofizialtasunak galdatzen du eragile sozial eta kirol eragile guztiek adostutako Plan berezitu baten diseinua; ofizialtasuna ezin da geratu Federazioen kudeaketa arruntean, aurrerapausoak zehatzak behar dira, eta Nazioarteko Federazioetan sarrera eskatu behar da. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzari eta Kirol Federazioen Batasunari galdetu behar diegu ea zergatik eragozten dieten Euskal Federazioei Nazioarteko Federazioetan sarrera eskatzea. Erantzunaren zain gaude.

Amaitzeko aurtengo lagunarteko partidarako Euskal Selekzioaren izenari egindako aldaketaren gainean apreziazio pare bat: Batetik txalogarria izan da kirolarien eta bereziki futbolarien ekimena eskaria artikulatzeagatik, baita Federazioaren erabakia ere, eskaria atendituz, ezinezkoa ematen zuen aurrerapausoa eman duelako eta, bestetik, erabakiaren zentzu pedagogikoa azpimarratu nahi dut, izen aldaketa hau Euskal Herriko gainontzeko kirol-diziplinatarako baliagarria baita.

Aurtengoan esan badezakegu, Euskal Herria: Balinda, ea datorren urtean Euskal Herriko Selekzio ofizialak balinda ditzakegun...

############

Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzari eta Kirol Federazioen Batasunari galdetu behar diegu ea zergatik eragozten dieten Euskal Federazioei Nazioarteko Federazioetan sarrera eskatzea. Erantzunaren zain gaude.

############

© berria.info