ADIN EZBERDINETAKO ARRANO ELKARTEKO IV. XAKE TXAPELKETAN, ORVINA BESTE BEHIN ERE TXAPELDUN.

 

 

 

            Iruñean, Arrano Elkartearen egoitzan, 2008.go urtarrilaren 26an jokatutako Adin ezberdinetako Arrano Elkarteko IV. Xake Txapelketan beste behin ere Orvina izan zen txapeldun (lau edizioetan izan da irabazle). Laugarren aldiz Amaiur Ikastola bigarren postura bidali zuen.

 

Talde parte hartzaileak 6 izan ziren. Lehenengo taulan 16 urtez azpiko jokalariak aritu behar zuen; bigarren taulan, 14 urtez azpikoak; hirugarren taulan, 12 urtez azpikoak; laugarren taulan, 10 urtez azpikoak. Dena den, taula bakoitzerako ordezkoak eramaterik bazuten taldeek. Liga moduan jokatu zen Txapelketa. 20 minutuko partidak izan ziren.

 

Oso lehia estua bizi izan zuten Orvina eta Amaiur Ikastola taldeek, ohi duten moduan. Haien artean berdindu zuten. Jon Jauregik 3 puntu (% 100) lortu zuen Amaiurrentzat lehenengo taulan, baina hirugarren eta laugarren mahaietan erakutsitako sendotasunak eman zion garaipena Orvinari. Hain zuzen ere, Luis David Jimenez Almeidak eta Mikel Ortegak goizeko 5 puntuak eskuratu zituzten.

 

Hondarrean, Orvinak 16 puntu atera zituen eta Amaiurrek 15. Hirugarren postua Antsoaingo Gazte Berriak taldeak bereganatu zuen (12’5 puntu), Gasteizko Calasanzekin borrokatu ondoren. Honek, azkenean, 11 puntu erdietsi zituen.

 

            Gazte Berriak taldean, bigarren mahaian, Jonathan Chamorro nabarmendu zen. Txapelketako jokalaririk onena izan zen (5 partidatan, 5 puntu).

 

            Elorrioko Zaldi Baltza, 3 puntuz, bosgarren geratu zen. Bizkaitarrek oso talde gaztea ekarri zuten. Mikel Gureak ere talde gaztea atera zuen eta 2’5 puntuz azkeneko postuan bukatu zuen.

 

            Trofeoak lehenengo hiru sailkatuentzat izan ziren. Hau da, Orvina, Amaiur Ikastola eta Gazte Berriak taldeentzat.

 

 

 

2008-02-06.

 

                JOSEBA OTANO VILLANUEVA (Arrano Elkartea Xake Taldeko arduraduna).