berria.info

Asteazkena, 2008ko otsailak 13.

Gros gailurrean, oraingoz.

Euskal Ligako bost jardunaldi jokatuta, Sestao-Naturgasek ez ditu donostiarrak harrapatu.

DonostiA.    JOSU TORNAY.

Gros Xake taldeko jokalariak, Errenteriako Fomentoren kontra jokatutako partida batean. JUAN CARLOS RUIZ/ARGAZKI PRESS.

Euskal Ligako bost jardunaldi jokatu dira, eta Sestao-Naturgasek ez du oraindik gaitasunik erakutsi Grosen azken urteotako garaipen bolada eteteko. Lehia estua espero zen aurten Ohorezko Mailako bi talde sendoenen artean, baina ez da oraindik ikusi. Sestaotarrek irabazi egin dituzte jokatutako bost saioak, baina azkenekoan bakarrik lortu dituzte hiru puntu baino gehiago. Gros Xake Taldeak, berriz, hiru saio irabazi ditu 4-0ekoarekin (Arlutzen, Zuri Baltzaren eta Batallaren kontra), beste bat 3,5-0,5ekoarekin (Easoren kontra), eta 3-1 azkenekoa (Orvinaren kontra). Sestaok ez du eraginkortasun hori erakutsi, eta puntu ugari utzi ditu bidean. Beraz, Gros liderra da 18,5 punturekin eta Sestao bigarrena 15ekin. Zazpigarren jardunaldian aurrez aurre izango dira bi taldeak, eta gauzak asko argituko dira.

Beste taldeen artean berdintasuna da nagusi. Hirugarrena Arabako Subijanako Ruta de Europa da 11,5 punturekin. Talde hori gorantz joan da, eta bosgarren jardunaldian Abadiñori irabazi zion (0-4). Jesus Iruzubieta lider gisa duen taldeak Espainiako txapelketarako sailkatzea izango du helburu. Iruñeko Orvina da sailkapenean laugarrena (9,5 puntu) eta Garbisu nazioarteko maisu nafarra lehen taula sendoa dela erakusten ari da berriro. 8,5 punturekin Santutxuko Zuri-Baltza da torneoko ezustekoa. Bilboko talde historiko horrek Euskal Liga bat irabazi zuen duela urte batzuk, baina belaunaldi aldaketa ez zen gauzatu, eta Lehen Mailara jaitsi zen. Iaztik jokalari gazteek indarra hartu dute taldean, eta, 2007an igoera aise lortu ondoren, aurten sailkapeneko toki erosoetan dira. Hala ere, gertu dauzkate hiru talde zortzi punturekin: Donostiako Easo, Pasai Donibaneko Batalla eta Gasteizko San Viator. Pasaitarren egoerak behin-behinekoa ematen du. Dagoeneko Sestaorekin eta Grosekin jokatu dute, eta gorantz joatea espero da. Behean Aretxabaletako Arlutz eta Abadiño daude 6,5 punturekin. Badabiltza bi taldeak puntuak ateratzen, baina ez du ematen nahiko izango denik mailari eusteko.

Lehen Mailan Rey Ardid da liderra 13 punturekin. Bilboko erdialdeko talde historikoak Ohorezko Mailara itzuli nahi du, eta orain arteko bost saioak irabazi ditu. Orvina B da bigarrena 12 punturekin. Hala ere, iruindarrek ezin izango dute igo euren lehen taldea Ohorezko Mailan mantentzen bada. Beraz, igotzeko beste bi postuak, oraingoz, Errenteriako Fomento Culturalek (11,5) eta Iruñeko Oberenak (11) betetzen dituzte. Gros Bk ere 11 puntu dauka baina ezin izango du igo. Azkenak, eta mailari eusteko aukera gutxirekin, Burlatako Mikel Gurea (6 puntu) eta Ruta de Europa B (5) dira. Ez jaisteko lehian daude Durangoko Larrasoloeta, Barakaldo eta Urnietako Eguzki.

SAKELAKOEN ARAUAREKIN ARAZOAK. FIDE Nazioarteko Xake Federazioak sakelakoen aurka onartutako araua jarraituz, Gros B-Urnieta partidan Gros Bko jokalariek Martiarena-Tung partidako puntua erreklamatu zuten Urnietako Eneko Martiarenaren sakelakoaren alarma entzun zenean. Epaileak partida jarraitzeko agindu zuen eta Martiarenak irabazi zuen. Hala ere, arau berria aplikatuta, erabaki daiteke Martiarenari puntua kentzea. Arauak polemika sortu du jende askoren artean, eta orain arte egon ez den arazo bat berehala sortu da.

saILKaPenaK.

OHOREZKO MAILA.

1. Gros 18’5 puntu

2. Sestao Naturgas 15 pt.

3. Ruta de Europa 11’5 pt.

4. Orvina 9’5 pt.

5. Zuri-Baltza 8’5 pt.

6. Easo 8 pt.

7. Batalla 8 pt.

8. San Viator 8 pt.

9. Arlutz 6’5 pt.

10. Abadiño 6’5 pt.

 

 

LEHEN MAILA.

1. Rey Ardid 13 puntu

2. Orvina B 12 pt.

3. Fomento Cultural 11’5 pt.

4. Gros B 11 pt.

5. Oberena 11 pt.

6. Eguzki-Urnieta 10’5 pt.

7. Barakaldo 10 pt.

8. Larrasoloeta 9 pt.

9. Mikel Gurea 6 pt.

10. Ruta de Europa B 5 pt.

 

© berria.info