Asteartea, 2008ko martxoak 11.

Grosentzat Liga, zortzigarren aldiz.

Sestaok azken jardunaldian lortutako 4-0ekoa ez da nahikoa izan, eta berriro gipuzkoarrak nagusitu dira.

JOSU TORNAY.

DonostiA.

Gros taldeko xakelariak, joan den larunbatean, azken saioan, Sestaon (Bizkaia). JON URBE/ARGAZKI PRESS.

Joan den larunbatean bukatu zen 2008ko Euskal Liga, eta txapeldun berbera izan du aurten ere. Zortzigarren aldiz Euskal Herriko txapeldun izan da Gros Xake Taldea eta urte askotarako txapelduna izango dela dirudi, lehia menperatuta duela ematen baitu. Sestaon (Bizkaia) jokatu ziren Euskal Ligako azken jardunaldiko partida guztiak Ohorezko Mailan zein Lehen Mailan. Lehen aldiz egin da horrela, eta jokalarien balorazioa positiboa izan da. Sortzen den giroa askoz erakargarriagoa da zaleentzat eta lehiak asko irabazten du une guztietan talde guztiek jakin baitezakete maila bereko beste taldeak zelan ari diren.

Azken txanda horretara eroso iritsi ziren Grosekoak lehen postuan, sekulako ezustekorik ezean txapela eurena zela jakitun. Estutzekotan Sestaok bakarrik estutu zezakeen Gros, eta euren talderik onena atera zuten bizkaitarrek ezusteko horren bila: Conquest ingelesa, Romero katalana, Gomez santurtziarra eta Franco madrildarra. Aurrean Easo zeukaten, eta 4-0ekoak bakarrik balio zien. Lortu zuten 4-0ekoa, baina Grosek 3,5-0,5 galtzea behar zuten bizkaitarrek txapela lortzeko, eta Grosek ez zuen kale egin. Euren ohiko jardunari eutsi, eta 3,5 puntu lortu zituen San Viatorren aurka. Cifuentes txiletarrak, Andres espainiarrak eta Gonzalez eta Muñoz euskaldunek osatu zuten taldea.

DENBORALDI BOROBILA. Groseko txapeldunek ia denboraldi borobila egin dute. Irabazi ez duten partida bakarra Abadiñoren aurkakoa izan zen (2-2). Ezusteko handia izan zen hura, baina hainbat 4-0 edo 3,5-0,5 lortuta -horietako bat Sestao-Nartugasen kontra- berdinketa haren eragina txikia izan da. Lau taulak betetzeko hamar jokalari erabili ditu Grosek ligan. Kanpoko izarren emaitzak garrantzitsuak izan badira ere -Cifuentesek, Hamdouchik eta Bauerrek euren partida guztiak irabazi dituzte (7)-, etxeko jokalarien parte-hartzeak gero eta pisu handiagoa dauka. Santiago Gonzalezek, adibidez, zortzi partida jokatu ditu; bost irabazi eta hiru berdindu egin ditu. Iñigo Argandoñak ere hiru garaipen eta hiru berdinketa lortu ditu. Patxi Gallegok ere -orain arte liga gehien irabazi dituen euskal jokalaria- lau partida irabazi eta bat galdu du.

Sestao-Naturgasek talde berria dauka, eta oso jokalari onak fitxatu dituen arren, liga irabazteko erritmoa hartzea falta zaio oraindik. Iruñeko Orvinak modu erosoan lortu du hirugarren postua, nahiz eta 1,5-2,5 galdu azken txandan, Pasaiako Batallaren aurka. Betiko moduan, nafarrek denboraldi ona egin dute eta euskal xakeko goiko postuetan daudela erakutsi. Atzetik Arabako Subijanako Ruta de Europa geratu da. Eurengandik gehiago espero zen. Kategoriara itzuli eta Jesus Iruzubieta fitxatu zuten lehen taularako. Hala ere, irregularrak izan dira, eta txanda guztietan ez dute talde titularra atera. Bosgarren postuan, Pasaiako Batalla dago. Azken txandan, 2,5-1,5 gainditu zuten Orvina eta, nahiz eta ligan zehar beheko postuetan ibili, azkenean aurreikusten zen tokian bukatu dute. Seigarren sailkatua Gasteizko San Viator izan da, Ligako talderik gazteenarekin. Ohorezko Mailara heldu dira, eta mantentzea lortu dute. Datozen denboraldietarako asko espero da talde horrengandik. Eta horien atzean Zuri-Baltza talde historikoak ere lortu du mailari eustea, Ohorezko Mailara itzuli ondoren. Jaisteko postuetan Easo, Abadiño eta Aretxabaletako Arlutz geratu dira.

Lehen Mailan, berriz, lehia polita ikusi da aurten ere, mailaz igotzeko zein mailari eusteko. Errenteriako Fomento Cultural eta Bilboko Rey Ardiden artean izan da lehia lehen postuetan. Azken txandan, biak 2-2 geratu ziren euren norgehiagoketan eta sailkapena ez zen aldatu. Baina eurekin Ohorezko Mailara igotzeko lehian ezustekoak izan ziren. Eguzki-Urnieta zen faboritoa, baina 4-0 galdu zuten Barakaldoren kontra, ezustean, eta Barakaldok lortu du igoera, Gros B ezin baita mailaz igo.

############

saILKaPenak.

OHOREZKO MAILA.

1. Gros-Iretza 30 puntu.

2. Sestao-Naturgas 27 pt.

3. Orvina 22 pt.

4. Ruta de Europa 19’5 pt.

5. Batalla 16’5 pt.

6. San Viator 15 pt.

7. Zuri Baltza 14’5 pt.

8. Abadiño 12’5 pt.

9. Easo 12 pt.

10. Arlutz 10’5 pt.

LEHEN MAILA.

1. Fomento Cultural 23’5 puntu.

2. Rey Ardid 21’5 pt.

3. Gros B 19’5 pt.

4. Barakaldo 19 pt.

5. Orvina B 19 pt.

6. Eguzki-Urnieta 18’5 pt.

7. Oberena 18 pt.

8. Larrasoloeta 15 pt.

9. Mikel Gurea 13’5 pt.

10. Ruta de Europa B 10’5 pt.

-

© berria.info