
Osteguna, 2008ko uztailak 3.
Madrilen «azken erasoak» salatu ditu ESAITek.
Vienara
egindako bidaiaren nondik norakoak ere azaldu ditu Euskal Selekzioaren Aldeko
Iritzi Taldeak.
Jon Ander UrkiagA. BilbO.
Azken egunetako gertakarien
harira ESAITek prentsaurrekoa eman zuen atzo Bilbon. Alde batetik, Euskal
Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeak Eurokopa dela eta Vienara egindako bidaiaren
nondik norakoak azaldu zituen. Eta, bestetik, Espainiako Gobernuak Eusko
Jaurlaritzaren dekretu biren kontra aurkeztutako helegitea gaitzetsi zuen.
Euskal Herriko selekzioaren
aldarrikapena egiteko helburu nagusiarekin abiatu zen ESAIT Vienara. Batetik,
«Eurokopa bezalako txapelketa batek ematen dituen aukera mediatikoez baliatzea»
bilatu zuen, eta, bestetik, Michel Platini UEFAko lehendakariari gutun bat
helaraztea. Bi helburuak lortu zituen ESAITek, Platinik gutuna jaso baitzuen.
«Euskal herritarren gehiengo handi batek, bere selekzioa nazioartean ofizialki
lehiatzeko desioa» duela zioen gutunak.
Selekzioen ofizialtasuna
lortzeko bidean nazioartean egin beharreko lanaren «garrantzia eta beharra»
nabarmendu zuten ESAITeko kideek. Eta iritzi taldearen aburuz, ildo hori da
euskal erakundeek jarraitu beharko luketeena. «Euskal Herriko instituzio
desberdinek egon behar zuten Vienan». Egoitz Askasibar ESAITeko kidearen ustez,
«herri honi ukatu egiten zaio nazioarte mailan ofizialki parte hartzea, eta
hori saihesteko bulegoetatik dirua banatu baino zerbait gehiago egin behar da».
Horrez gain, «Espainiako
Gobernuak euskal selekzioen aurka eginiko azken erasoa onartezina» dela ere
salatu zuen Martxel Toledo ESAITeko kideak. Eta, era berean, elkartasuna
adierazi zien erasotutako elkarte eta federazioei.
ESAITen arabera, «Espainiako
Gobernutik datozen helegiteak ez dira estatutu edo erakundeen kontrakoak,
baizik eta Euskal Herriak nazioartean ofizialki aritzeko eskubidearen
aurkakoak».
Eusko Jaurlaritzaren aurkako
hitzak ere izan zituzten ESAITeko kideek, bereziki, Jose Ramon Garai
Jaurlaritzako kirol zuzendariaren kontrakoak. Askasibarrek jakinarazi zuen,
abenduan «zenbait federazioren kontrako erasoei» erantzuterako orduan ESAITek
«nazio moduan» jokatzeko deia luzatu zioenean, Garai iritzi taldearekin bat
egin ordez, «bere aurka» azaldu zen. Hala ere, ESAIT elkarlanean jarduteko
prest dagoela baieztatu zuen, besteak beste, «beharrezko» ikusten duelako
«nazio moduan eta denak bat eginik eraso bakoitzari aurre egitea».
Jaurlaritzako kirol zuzendaria horretarako prest ote dagoen zalantza adierazi
zuen. «Prest al dago Garai horretarako?».
Era berean, ESAITek ezbaian
jarri zuen Eusko Jaurlaritzak selekzioen ofizialtasuna lortzeko ahaleginean
aurrera daraman politika. «Jaurlaritzak mespretxuz tratatzen du bere
kontrolpean ez dagoen dena».
©
berria.info