
Asteartea, 2008ko irailak 2.
Inoizko torneorik handiena.
Munduko xake
jokalari onenetariko sei Bilbon lehiatuko dira hilaren 13ra arte, Plaza Barriko
kubo batean.
Josu TornaY. BilbO.

Grand Slameko parte-hartzaileak atzoko
aurkezpenean. Ezkerretik eskuinera: Aronian, Carlsen, Radjabov, Ivantxuk, Anand
eta Topalov. MIGUEL TOŅA/EFE.
Gaur hasi, 17:00etan, eta
irailaren 13ra arte, inoizko maila handieneko xake torneoa jokatuko da Bilbon. Joan
zen astean Moskuko torneoan gertatutako ELO sailkapeneko aldaketekin, 2.775
puntuko batez besteko muga gaindituko da Grand Slameko finalean. Beraz,
historiako 22. Mailako lehen torneoa izango da. Orain arte 21. Maila zen muga:
2007an Mexikon jokatutako Munduko Txapelketan, 2007ko Las Palmasko torneoan eta
2008ko Linares-Moreliakoan lorturikoa.
Munduko zortzi jokalari
onenetatik sei izango dira Bilbon: Viswanathan Anand indiarra, sailkapeneko
lehena eta munduko txapelduna; Vassili Ivantxuk ukrainarra, munduko bigarrena
Moskuko torneoaren ostean; Magnus Carlsen norvegiarra, hirugarrena;Vesselin
Topalov bulgariarra, bosgarrena; Teimur Radjabov azerbaijandarra, zazpigarrena;
eta Levon Aronian armeniarra, zortzigarrena.
Parte-hartzaileek Grand Slameko
torneoetan eginiko jokaeragatik lortu dute gonbita Bilboko finalerako. Anand
Linaresen irabazteagatik sailkatu zen, Ivantxuk Sofian, eta Aronian Wijk ann
Zeegan. Carlsen, Topalov eta Radjabovek ere puntuaketa onak lortu zituzten
torneo horietan.
Sari aldetik ere historiako
torneo garrantzitsua izango da Bilbokoa. Lehen sailkatuak 150.000 euroko saria
jasoko du; bigarrenak, 70.000; hirugarrenak, 60.000; laugarrenak, 50.000;
bosgarrenak, 40.000; eta seigarrenak, 30.000. Hori bai, arautegi gogorra jarri
dute antolatzaileek ikuskizuna ziurtatzeko. Adibidez, parra egiteko aukerak
murriztu egin dituzte; epaile nagusiak bakarrik erabaki ahal izango du
berdinketa, bi adituren aholkuarekin.
Jokalari bakoitzak bi aldiz
jokatuko du beste aurkarien aurka ligaxka sisteman, behin beltzekin eta behin
zuriekin, eta puntuaketa sistema ere berezia izango da berdinketak gutxitzeko.
Futbolean bezala, garaipenek hiru puntu balioko dute, eta berdinketak bat.
Torneoa E4 Chessport xakean espezializatutako enpresak antolatuko du: hark antolatu
du orain arte Bilbo Hiria torneoa, baita munduko puntako hainbat torneo ere.
Bitxikeriaz jositako torneoa
izango da. Horrelako kalitateko torneo batean aurrenekoz, partida guztiak
kalean jokatuko dira, horretarako bereziki prestatutako kubo baten.
Anand da
faboritoa.
Sei jokalariak sasoiko daude,
eta edozeinek irabaz dezake, baina Anandek dauka lorpen zerrenda
garrantzitsuena: munduko txapelduna da, sailkapeneko lehena eta ligako
torneoetan espezialista. Indiarra da, Madrasen 1969an jaioa, eta aspalditik
dago xake munduko elitean. Kasparovekin lehiatu zen PCAko munduko txapelketako
finalean 1995ean, New Yorkeko World Trade Centerren, eta, galdu arren, munduko
bost onenen artean egon da harrezkeroztik. Iaz Mexikon munduko txapelketa
bateratutako torneoa irabazi zuen, eta titulua defendatu beharko du urrian,
Kramniken aurka. Hori baino lehenago azken torneoa izango du Bilbokoa.
Magnus Carlsen norvegiarra ume
mirarizkoa izan zen: 5 urterekin jokatzen ikasi, eta 13 urterekin Maisu Handi
titulua eskuratu zuen. Torneo ona eginez gero, FIDE sailkapeneko lehen postuan
kokatzeko aukera izango luke. Hala balitz, balentria hori lortzen duen
jokalaririk gazteena litzateke, 17 urte baititu.
Vassili Ivantxuk aspalditik dago
xakearen goi mailan, eta, urte askoan bigarren lerroan ibili ondoren, azken
urteotan lehen postuetara bueltatu da. Jokalari beteranoak torneo garrantzitsuak
irabazi ditu, azkena Moskuko Talen oroimenezkoa, puntu bateko aldearekin.
Topalov borrokalari handia da,
eta torneo guztietan erakusten du grina. San Luisen (Argentina), FIDEko munduko
txapelketa irabazi zuen 2005ean, baina hurrengo urtean Kramniken aurka galdu
zuen titulua. Munduko txapelketarako hautagaien finala dabil orain prestatzen,
azaroan Gata Kamski gainditzeko asmoz.
Teorian Radjabovek eta Aronianek
dute torneoa irabazteko aukera gutxien , baina biek ere ibilbide arrakastatsua
dute. Radjabov 12 urterekin izan zen 18 urte azpikoentzako Europako txapeldun,
eta 15 urterekin Kasparovi irabazi zion Linaresen. Egun 21 urte ditu, eta
Carlsenekin batera etorkizuneko xakeko ikur izateko bidean da. Aronian ere
gaztea da: 25 urte ditu, eta ausart jokatzen du normalean. Beraz, ikuskizuna
emango duela espero da Plaza Barriko kuboan.
Grand Slameko
finala 22. maila lortzen duen historiako lehen torneoa da.
400.000 euro
banatuko dituzte sarietan; irabazleak 150.000 jasoko ditu.
Partida
guztiak ikusi ahal izango dira torneoaren webgune ofizialean: www.bilbaofinalmasters.com.
Š
berria.info